Hamabost urte transplantea ezkero

Fatima arrebarekin Esteñibarren, Elorrion, 15. urteurrena ospatzen.

Gaurko egunez, orain 15 urte, hezur-muinaren transplantea egin zidaten Valdecillako ospitalean, Santanderren. Orduan zorte ikaragarria izan nuen, familian bertan aurkitu bainuen emailea: Fatima arreba gazteena.

2003ko uztailaren 20an Bego emaztea eta biok Valdecillako ospitalera joan ginen, Santanderrera, Fatima arreba eta Mikel koinatuarekin batera. Santanderren, bero itzela.

Fatimaren ordua

Biharamunean, uztailak 21, Fatima ohe batean etzan zuten, bere gelakoan, eta transfusio bat balitz bezala, odola ateratzen hasi zitzaizkion beso batetik eta berriro sartu bestetik. Tartean makina bat zegoen, bereizten zituena hezur-muinaren zelula amak. Lau orduren bueltan, atera beharreko guztiak atera zioten. ““Txapeldunen pare portatu zara””, esan zion Andres Insunza mediku euskaldunak.

Fatima eta Mikel egun hartan bertan itzuli ziren etxera. Nik, ostera, lau aste egingo nituen eritetxean, Begoren konpainian, nahiz eta bera egunero joan Elorriora. Miren alabak orduan zortzi urte zituen, eta egunero deitu zidan, jakiteko zelan nengoen; batzuetan Elorriotik eta bestetan Lizarratik, hantxe igaro baitzuen pare bat aste, lagun batzuekin batera.

Lehen astean proba batzuk egin eta kimioa hartzen egon nintzen. Egun haietako kimioterapiak helburu bat zuen: indargabetzea nire hezur-muineko zelulen sistema inmunea. Horrela, arrebaren zelula amak sartzerakoan, horiek ez zuten erresistentziarik aurkituko nire zelulen partetik. Bestela, desastre bat gerta zitekeen.

Artean ez nuen kimioaren eraginik igartzen eta, egia esateko, lasai asko ibili nintzen: Tourra ikusi egunero, irakurri, bisita batzuk jaso eta beste bisita batzuk egin.

Transplantea, goizeko 10:30ean

Uztailaren 27an kimio gehiago eman eta sartu egin ninduten gela berezi batean, 6 x 4 metrokoa, erabat bakartuta.

Uztailaren 29an, goizeko 10:30ean egin zidaten hezur-muinaren transplantea. Bego emaztea etortzekoa zen, baina bost bat minutu berandu iritsi zen Elorriotik, larri, huts egingo ote zuen une erabakigarri hura.

Andres Insunza doktoreak zuzendu zuen transplantea, nire gela berezi hartan. Ordu erdian Fatimak emandako zelulak sartu zizkidaten, hiru poltsa, transfusio bidez. Dena oso ondo joan zen, eta Bego kristalaren beste aldean, adi-adi.

Hamabost egun egin nituen han. Erdia-edo ondo samar igaro nituen, arazo handirik barik. Gainerakoak ez hain ondo, kimioaren eraginez batzuetan eta kateterrean izan nuen infekzio batek eraginda besteetan, infekzioak sukar handiak eragin zizkidan-eta hainbat egunean.

Abuztuaren 11n atera ninduten gela berezitik, erabat akituta.

Hamabost urte geroago

Konturatu barik, hamabost urte joan dira hezur-muinaren transplante hartatik. Orduko lau protagonistek Esteñibar baserrian gogorarazi ditugu une haiek, topa eginda denon osasunaren alde.

Esan liteke hamabost urte hauek opariz bizi izan ditudala, orduko hura ondo irten zelako. Hamabost urte zaharragoa naiz, baina, erretiroa hartuta nagoen arren, ez dut uste hau zahartzaroa denik. Badakit, ordea, hori ere iritsiko dela, horixe baita bizi-legea.

Egun seinalatu honetan, gogoan ditut hona iristen lagundu didatenak: etxekoak, familia, medikuak, erizainak, eta baita zuek ere, irakurle lagunok, nirekin batera emozionatu zinetenak orduko bizipenak kontatzerakoan. Oraingoan zuen alde jasoko dut kopa. Topa!

P.D.: Minbizia zela-eta bizi izan nituenak Sustatun kontatu nuen. Horra hor lehenengo atala: Medikuak esan dit minbizia dudala.

Bakargelan sartuta, Valdecillako ospitalean, Santanderren. (Argazkilaria: Aitor Larrañaga)

Kategoria: Sailkatugabeak. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude