Bi arratsalde eder

White Rock: atzean, AEBak
Ostirala egun nagia izan genuen. Asmoa genuen bizikletak alokatu eta Stanley Park-era joateko, baina berandu hasi ginenez eguna —eta autobus txartelak erosi behar genituenez gaur Whistler-era joateko, Neguko Olinpiar Jokoetako egoitzara—, erabaki genuen egin beharrekoak lasai egin, eta bizikleta kontua atzeratzea beste baterako. Eskerrak eguna fresko samar agertu zela, ordura arteko beroak atzean utzita.

Arratsalde horretan aukera izan genuen British Columbia probintziako Auzitegi Gorena bisitateko, Janet Prowse bertan da-eta epaile. Berak erakutsi zigun bere bulegoa, auzitegi areto bat eta beste hainbat leku. Bidenabar, azaldu zigun bertako legearen zenbait ezaugarri. Gustura izan ginen hirurok berari entzuten.

Handik, berriz, White Rock herri txikira joan ginen, Clif eta Janet Prowse senar-emazteek eramanda. Paraje zoragarria da hangoa, itsas bazterrean, eta bistan ditu AEBak. Terraza batean afaldu genuen, ilunabar zoragarria ikusten genuen bitartean.

Vancouverko euskaldunekin
Vancouverko euskaldunekin
Larunbatean hitzordua egin genuen Pedro eta Maribel Onaindia eta beste euskaldun batzuekin, Vancouver inguruan bizi direnak. Ez dira asko, eta larunbatero Hume parkean elkartzen dira, New Westminster herrian, Vancouver hegoaldean.

Vancouverren bertan ezagutu genituen euskaldunak, orain 27 bat urte, eta poz handia hartu genuen beraiekin berriro elkartzean. Lasai jarri eta kontu kontari ibili ginen, paella jaten hasi ginen arte. Gero euretariko batzuek musean egin zuten gogor, prestatzen ari baitira Munduko Txapelketan parte hartzeko, Balmasedan. Mirenek ere egin zuen briskan, Piarekin batera, Tomas eta Maribelen kontra. Arratsalde ederra igarota, gustura itzuli ginen etxera.

Bigarren asterako beste argazki sorta bat sortu dut Flickr-en, ikusi nahi duenarentzat.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Vancouver, hiri garestia

Capilano Bridge: hasi da abentura
Eskerrak ez dugula ordaintzen ostatua, bestela Vancouver hiri garestia da: garraio publikoa garestia da, eta jakiak ere halakoxeak dira. Zer esanik ez ikuskizunak, hirian zehar daudenak.

Ostegunean, adibidez, Capilano bridge bisitatu genuen Ipar Vancouverren, zubi zitzinlikatua, arroila bat lotzen duena. 28 dolar kobratu ziguten bakoitzari. Han geratuz gero bazkaltzen edo zerbait jaten, hirian baino dezente garestiagoa zen dena.

Hala ere, gustura ibili ginen Capilanoko zubi inguruan. Zuhaitzez zuhaitz ere ibili ginen, zubi zintzilikatuetan zehar, basoa beste modu batean ikusten. Ordubete-edo egin genuen bertan, eta, ospa egin genuen Ipar Vancouverko merkatura, bertan bazkaltzera.

Lehen asteko argazki guztiak, Flickr-en dituzue, Capilano inguruan ateratakoak barne.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Bero itzela Vancouverren

Vancouverko akuariuma
Bartzelonan bero izan genuen, eta Vancouverren ere bero egiten du, hainbestekoa non, esaten dute, errekorrak hausten ari baitira. Atzo Vancouverko Akuariumera joan ginen, eta eskerrak barruan aire girotua zegoela emanda, bestela ito egingo ginen. Etxera bidean ere, autobusean, kiskalduta etorri ginen. Onik, hala ere.

4D zinea
Akuariumean 4D filma bat ikusi genuen, ordu laurdenekoa. Anteoju bereziak eman zizkiguten, 3D inpresioa jaso genezan, baina han beste zerbait ere bazegoen, horregatik 4D izena. Balea bat uretara jausten zenean, airean salto handia eginda, guk ere ur zaparrada txikia jasotzen genuen, denon harridurarako. Ura, haizea, usaina, besaulkiko mugimendua… horrek guztiak eskaintzen dira 4D esperientzian. Pentsa dezakezuenez, mundu guztia ulu batean, pozez zoratzen, halako esperientzia sentsoriala jasota.

Beluga baleak ere ikusi genituen, bat jaio berri samarra. Baita izurdeak, marrazoak, dortoka erraldoiak, krokodiloak eta akuarium gehienetan ikusten diren animaliak. Batzuk ikusteko, ordea, kanpora irten behar izaten genuen, eta orduan ematen zuen ingurua sutan zegoela, halako beroa egiten baitzuen.

Bisitarien artean suhiltzaile piloa ikusi genituen, Espainiakoak, Frantziakoak, Australiakoak… mundu guztikoak, egun hauetan kirol lehiaketa handi bat izango baitute Vancouverren, nazioarteko suhiltzaileen artekoa. Tartean Bilboko suhiltzaileak ere izango dira, egutegi hartan agertu zirenak, gihartsu asko.

Bridgertarrekin
Bridgertarrak
Iluntzean, berriz, afaria izan genuen Bridger familiarekin. Sasoi batean, orain 27 bat urte, Begok zaindu zituen hango bi alaba, Andrea eta Nicole. Atzo, ostera, orduko neskatilak ama bihurtuta etorri ziren, senarrekin eta umeekin. Afari atsegina izan zen, aspaldiko kontuak kontatzen, eta kontu berriak jorratzen. Harrituta nago hemen egiten diren edariekin. Aurrekoan ardo zuria izan genuen, Okanagan bailaran egindakoa, oso ona. Atzo, berriz, garagardoa probatu nuen, Okanaganen egina hori ere, eta ezin hobea.

Atzoko argazkiak ere sorta batean jarri ditugu, Flickr-en. Slideshow loturan eginez gero klik, diapositiba pase moduan ikusiko dituzue.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Granville Market

Granville Market: paregabea
Bezperako nekerik ez errepikatzeko, asteartean erabaki dugu lasai ibiliko garela. Horregatik, Granville Island-era joan gara, batez ere bertako merkatua eta inguruak ikustera. Kanpoan 35 gradu egiten zuen, bero —hemen diote bizitzan behin tokatzen direla horrelako beroak Vancouverren, eta gehienek ez dutela horrelakorik ezagutu—, baina merkatuan oso giro ona egiten zuen.

Orain 26 urte ere Granville Market zen guretzat lekurik gogokoenetako bat: sarri etortzen ginen hona, giro paregabea egiten baitzuen. Gaur ere, horrela izan da, eta Miren alabari izugarri gustatu zaio. Bazkalostean, kanpora irten, eta lasai jarri gara, musika entzun eta giroa ikusten. Fruta erosi, eta etxera egin dugu, arratsaldeko bostak eta erdietan neskak erosketak egitera joan behar ziren-eta etxeko andrearekin.

Argazki gehiago ikusi nahi izanez gero, Flickr-en ari gara denak ipintzen, propio sortutako sorta batean.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Garraio publikoa probatzen

Arrano urdinarenkin
Astelehenean goiz jaiki, ondo gosaldu eta bidean jarri ginen berehala. Eguneko pase bat erosi genuenez, erabaki genuen probatu egingo genuela Vancouverko garraio publikoa. Autobusa hartu, eta hirigunera joan ginen. Han Robson kalea hartu, eta aspaldiko lekuak ibili genituen, Mireni kontatzen nondik nora ibiltzen ginen.

Halako batean, berriz, itsaro aldera egin genuen, Expo unibertsala egin zutenean eraikitako tokiak ikustera: lorategi ederrak eta pasealeku zoragarria ikusi genuen Canada Place-era iritsi arte. Han, informazioa jaso eta bazkaldu egin genuen leku batean non mundu guztiko jakiak aurki zitezkeen. Guk falafa aukeratu genuen jatea, pita ogian. Gizon batek zerbitzatu zigun, libanotarra bera, Euskal Herria ere ezagutzen zuena: “nongoak zarete, Bilbokoak? Algorta, Leioa edo Barakaldokoak akaso?”. Gu, zur eta lur. Esan zigun anaia bat Irunean bizi duela, eta bera izan dela inguru haietan behin baino gehiagotan. Agur sutsua esanez agurtu gintuen.

Mirenek proba zezan, The Sea Bus hartu genuen, itsasoko busa, Ipar Vancouverrera joateko. Joan-etorria egin genuen, zerbitzu horretan, dagoeneko 30 urtetik gora duena. Ondoren Skytrain delakora joan ginen, Expo garaian egin zuten tren zerbitzu bizkorra, eta New Westminsterreraino egin genuen. Tren bizkorra, garbia eta eraginkorra. Atentzioa eman zigun jende gehiena asiar jatorrikoa dela. Esan ziguten Clif-ek eta Janet-ek, Vancouverren asiar jatorrikoak bizilagunen erdia baino gehiago direla.

Bueltan, Chinatownen geratu ginen, eta oinez egin genuen kalean gora eta kalean behera. Handik, berriz, Gastown aldera, auzo bat ikusgarria, jatetxe, taberna eta arte galeriaz beteta. Hara iritsi orduko, baina, hiriaren aurpegi iluna ikusi genuen, etxegabeak eta heroinaren eta alkoholaren atzaparretan bizi direnak ikusi baikenituen. Tristea, oso, ikustea zelan bizi den jende hori.

Gastown-era iritsi orduko, berotu egiten zuen dezente. Handik kalean gora egin behar izan genuen, gure autobusera iristeko. Berriro Robson ingurura joan ginen, beraz. Arratsaldeko zazpietan iritsi ginen etxera, Euskal Herrian goizeko laurak, porru eginda. Aingeruen pare egin dugu lo. Gaur ere bero egingo du, baina aurpegia alai dugu. Nahi baduzue ikusi argazkiak, gure egonaldian ateratakoak, sorta bat egin dugu Flickr-en.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin

Vancouverren berriro ere

Spanish Banks
Hogeita sei urte igaro eta gero, berriro gaude Vancouver hirian. Larunbatean iritsi ginen, uztailaren 25ean, hegazkinean ia 11 ordu eginda. Hegaldi hasieran kapitainak esan bazigun ere Vancouverren eguraldi ona egiten zuela, iritsi bezain laster oinaztarri-ekaitza hasi zen, hain handia zeren kanpoko lan guztiak bertan behera utzi baitzituzten, arriskuen beldur. Hori zela-eta, atzeratu egin ginen maletak-eta jasotzen.

Behin dena jasota, hantxe genituen Clif eta Janet Prowse senar-emazteak, gure zain. Jota geunden, baina pozik ostera ere Vancouverren geundelako. Sekula ikusi barik zuten halako oinaztarri-ekaitza. Etxera iritsita, apur bat jan, berba egin eta zerua mirestu genuen, ekaitzaren ilunetan laranja jarri baitzen, eguzkiak eraginda.

Igandean, berriz, arrautsa nahasiak gosalduta, Vancouverrera eraman gintzuten, autoz. UBC, Spanish Banks, Stanley Park eta West Vancouver bisitatu genituen. Bazkaltzeko, berriz, Salmon Housen izan ginen, jatetxe zoragarria, bertako indiarren arte ikusgarriaz apaindua. Primera jan genuen, lagunen kontura. Gero paseatu egin genuen Ambleside parke inguruan, eta Sira jaso genuen, aspaldiko auzoko panamarra. Guapa zegoen, oso, nahiz eta orain pare bat hilabete alargundu den. Ondoren afari gozoa prestatu ziguten etxean, Clif semeak eta Jeanettek lagunduta.

Gaur astelehena, hirigunera joango gara, eta saiatuko gara informazioa jaso eta pase bat lortzen, garraio publikoa erabiltzeko. Hortik aurrera, hasiko gara piska bat erabakitzen nondik nora ibiliko garen. Argazki gehiago, Flickr-en.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Iruzkin 1

Bart ze lo ona!

Ia bi egun egin ditugu Bartzelonan, eta gaur arratsaldean hegazkina hartuko dugu berriro, oraingoan Vancouverrera egiteko. Bero handiak egokitu zaizkigu: herenegun 40Cº, eta atzo 35Cº inguru. Hala ere, gustura ibili gara hemen, metroari esker batez ere. Hotelarekin ere, ezin kexatu, zerbitzu ona eskaini digu-eta, Internet barne. Hurrengo mezua, Vancouvertik.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Japandroids

1983an, Vancouverren geundela, lau hilabeteko mutikotxo bat zaindu nuen urtebetez, David Prowse (bere anaia Clif-ekin batera). Hogeita sei urte joan dira, eta orain David Prowsek Japandroids musika taldean jotzen du, bateria, Brian King lagunarekin batera.

Kontzertu-itzulia
Biak Vancouverkoak dira, eta sinatu berri dute kontratu bat Polyvinyl diskoetxearekin. Hori dela-eta, kontzertu-itzuli bat egiten ari dira Ipar Ameriketan, eta ez nolanahikoa:

6/13 Vancouver, BC – The Biltmore (Music Waste Festival)
6/24 Edmonton, AB – Starlite
6/25 Calgary, AB – Sled Island Festival
6/26 Calgary, AB – Sled Island Festival
6/30 Omaha, NE – The Slowdown
7/01 Kansas City, MO – Record Bar
7/02 Nashville, TN – The End
7/03 Oxford, MS – Blind Pig
7/04 Atlanta, GA – Drunken Unicorn
7/06 Chapel Hill, NC – Local 506
7/07 Philadelphia, PA – First Unitarian Church
7/08 Washington, DC – DC9
7/10 Brooklyn, NY – Cameo Gallery
7/11 New York City, NY – Pianos
7/12 Boston, MA – Great Scott
7/14 Montreal, QC – Club Lambi
7/15 Ottawa, ON – Ottawa Blues Festival
7/16 Toronto, ON – El Mocambo
7/18 New York City, NY – Siren Music Festival
7/19 Chicago, IL – Pitchfork Music Festival
7/20 Des Moines, IO – Vaudeville Mews
7/21 Denver, CO – Hi Dive
7/23 Boise, ID – Neurolux
7/25 Seattle, WA – Capitol Hill Block Party
7/28 Portland, OR – Holocene
7/29 Sacramento, CA – Blue Lamp
7/30 San Diego, CA – Soda Bar
7/31 Los Angeles, CA – Spaceland
8/01 Visalia, CA – Howie & Sons
8/02 San Francisco, CA – Hemlock
8/07 Vancouver, BC – Richard’s on Richards

Vancouver-en gauden bitartean, saiatuko gara Japandroids ikusten, Seattlen ez bada, Portlanden. Bestela, Europan izan beharko da, udazkenean Londresen joko dute-eta, dirudienez. CBC Radio 3k egindako bideoan eurek dioten moduan, “oso ozen” jotzen dute. Nahi baduzue haien abesti oso bat entzun, egin klik Young hearts spark fire honetan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Pornoa Twitter bidez

Gero eta mezu gehiago jasotzen ari naiz nire Twitter kontuan, pornoa iragartzen dutenak. Jasotzen dudanean mezu bat esanez MercyNixon70 delako bat niri jarraitzeko prest dagoela, erne jartzen naiz, jeneralean izenean zenbaki bat daramaten kontuak spam izaten baitira. Begiratu nor den, eta, garbi ikusten da zer nahi duen bisitariak: webgune porno bateko publizitatea egin.

  • I need a guy who can fuck me after work MONDAY through FRIDAY. Please be disease free and happy!

Kasu horietan, blokeatu egiten dut bisitaria, eta kito. Twitter-ek galdetzen dit benetan nahi ote dudan morroi hori blokeatu, eta nik, baietz. Hor amaitzen dira kontuak. Twitter-ek berak ere jarraipena egiten die horrelako kontuei, eta konturatzen denean zenbait jendek blokeatu egin dituela, desagertarazi egiten ditu. Horregatik ezin izan dut MercyNixon70 horren lotura eskaini hemen, nahi izan dudanerako, ezabatuta baitzegoen.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 3 iruzkin

Orduan ere, ilargiari begira

Ondo gogoan dut, bai, non nengoen Neil Armstrong eta Buzz Aldrin astronauta estatubatuarrek ilargia zapaldu zutenean, 1969ko uztailaren 20an. Artean 16 urte nituen, eta, aurreko bi urteetan bezala, uda hartan ere lanean aritu nintzen Amat kooperatiban, Mondragoen, fabrika berria montatzen, Markuleten.

TVEk zuzenean eman behar zuen une gogoangarri hura, baina goizeko ordu txikietan, 04:00etan hor nonbait. Biharamonean lanera joan beharra nuen, baina aitari eskatu nion esnarazteko, ikusi nahi nuela gizakiak zelan iristen ziren ilargira. Baita esnatu ere. Gogoan dut Jesus Hermidaren ahotsa. Baita ez zela bat ere ondo ikusten ere, zuri-beltzean. Baina emozio handiz bizi izan nituen une haiek, gertutik jarraitu bainituen NASA agentziaren gorabeherak.

Hurrengo egunean baina, berandu esnatu nintzen, eta berandu iritsi lanera. Lehenengo aldia zen hiru udatan berandu ailegatzen nintzela fabrikara, baina ez nuen erru handirik sentitu —lotsa apur bat bai, ordea—, pentsatu bainuen egindakoak justifikatzen zuela berandutzea. Ibabek ez zidan ezer aurpegiratu, uda hartan bera baitzen gure arduraduna.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina