iPad: kontsumitzeko, bai; sortzeko, ez

Time aldizkariaren azken alean Lev
Grossmanek artikulu interesgarria
idatzi du iPadi buruz. Bertan,
goraipatu egiten du Applen arbel digitala, baina honela bukatzen du:

  • Badut baina bat iPadi dagokionez: gailu gustagarria bada ere edukiak
    kontsumitzeko, ez du askorik laguntzen edukia sortzen. Luma agertu
    zenetik, ordenagailua izan da erremintarik egokiena edukiak sortzeko,
    berak ekarri zigun-eta denon mahai gainera musika estudioa, film
    estudioa, errebelatzeko gela eta argitalpen etxea. iPadek, berriz,
    aldatu egin du hori: bertan inportanteagoa da edukiak zurrupatzea eta
    manipulatzea, berauek sortzea baino. Mutu bihurtu eta berriro inoren
    maisulanen kontsumitzaile pasibo bilakatzen zaitu. Hori dela eta,
    atzerapauso bat da. Ez prezeski maitagarrien ipuin baten akabera. Salbu
    edukiak saltzen dituen jendearentzat.
Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Grannies Tea House, Benidormen

Grannies Tea House, Benidorm
Bukatu dira Aste Santuko oporren lehen zatia. Atzean utzi dugu Benidorm zaratatsua. Hala ere, zurrunbiloaren erdian leku bat aurkitu dut, lasaia: Grannies Tea House, te etxe bat portuaren ondoan, San Bizente kaleko 8an, non Paulinek agintzen duen, emakume ingeles bat, hogeita hamar urte baino gehiago daramana Espainian.

Bertan te mota asko eta pastelak aurki daitezke, giro abegikor eta lasaian. Baita kafea ere. Nik tea eta sagar pastela probatu nituen, benetan gozoak. Inoiz hara bazoazte, eta bakearen premian bazaudete, egiozue bisita. Ez zarete damutuko.
tagzaniapaste
Grannies Tea House, Benidorm map

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina

Liburutegian

Joxe Aranzabal eta Iñaki Larrañaga
Benidormen gaudenez gero, egunero etortzen naiz
bertako udal liburutegira. Oso ondo dago, eta jende asko bertaratzen da:
batzuk irakurtzera, besteak ikastera eta, ez gutxi, nabigatzera bertako
ordenagailuetan.

Hemen bi modutan nabiga daiteke: bazkide izanez
gero, bertako ordenagailuetan, ordu erdiz. Goizetan, behintzat, hartuta
egoten dira ordenagailu horiek, konexio ona baitute, Ethernet bidezkoa.
Gu bezalakook, aldiz, beste aukera bat dugu: nork bere ordenagailua
ekarri eta bertako wi-fia baliatzea. Nik horixe egiten dut, beste askok
bezala. Senideak hondartzara doazen bitartean, hemen egiten ditut
bizpahiru ordu, posta erantzuten, nabigatzen, irakurtzen, etab.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 2 iruzkin

Benidormen

Benidorm: iritsi berritan
Atzo iritsi ginen Benidormera. Goizeko 08:15etan autobusa hartu Bilbon, eta arratsaldeko 18:30ean iritsi ginen hona. Bidaia luzea izan zen, baina erosoa. Nik, behintzat, aprobetxatu nuen astindu ona emateko Enrique Dans-en azken liburuari.

Autobus geltokian Iñaki eta Maribi genituen zain, gure koinatu-koinatak. Eurenean izango gara egun hauetan. Benidormen sekula egon bakoak gara, eta lehen ezustekoa izan da bertatik bertara ikustea hemengo urbanismo basatia. Dena etxe ikaragarri handiz betea dago, baita hondartza bazterrak ere.
 
Atzo Koño kalea bisitatu genuen. Gaur goizean, berriz, gosaldu eta paseatzera, Sartaldeko hondartzan zehar, puntatik puntara. Ondoren, besteak hondartzara joan diren bitartean, ni udal liburutegira etorri naiz Begok erositako netbook txikiarekin. Bertan nabil mezu hau idazten, hemengo wi-fia baliatuta.


Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , | Iruzkin 1

Ministro ganorabakoa

Ángeles Gonzalez Sinde Espainiako Kultura ministroak
aho bete hortz utzi gintuen Abortuaren Legeaz irrati batean egindako
adierazpenak
zirela-eta. Ez zekien zer esan ez ministroa zen aldetik, ez
hiritar bezala, ez eta emakume gisa.

Niretzat, kontu hau atzo
goizean hasi zen, lanera iritsi nintzenean. Lagun baten mezua nuen
postan: “Entzun Kultura ministroari. HUHEZIra eraman beharko duzue”.
Eta, atxikita, mp3 dokumentu bat, ministroaren adierazpenekin. Entzun
bezain laster, burua lanean jarri zitzaidan, zelan zabal nezakeen audio
hori Interneten. Googlen idatzi nuen: “audio + twitter”, eta Twaud.io
aplikazioarekin egin nuen topo. Berehala ikusi nuen aukera ematen zidala
audioa igotzeaz batera, berau Twitter-en zabaltzeko, eta horixe egin
nuen, goizeko 08:24ak zirenean.

Erantzuna berehalakoa izan zen.
Lehen orduan, 200 lagunek entzun zuten ministroaren audioa. Arratsaldeko
16:30etarako, 500 lagunek. Eta 24 ordu pasatu direnean, 638k. Datu
horiek ederki erakusten dute zelako eragina izan dezakeen Twitter-ek.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 3 iruzkin

Dena gaizki doanean

Schola horribilis izan zen atzokoa niretzat: ordenagailuak —atzo nire macintosh etxekoa eraman nuen, bertan nituelako instalatuta zenbait programa, atzo ikustekoak— ez zuen konexiorik egin sarearekin, ez wi-fia erabilita, ez eta ethernet kablea sartuta. Bestalde, konexioa izan nuen tarte txikian, Google Docs-en nituen aurkezpenak ez zitzaizkidan agertu.

Eskolak etenak izan zituen, arazoa konpontzen saiatu ginen bitartean, prestatutakoa aldatu behar izan nuen hainbat aldiz, eta zenbait gauza ezin izan nuen jorratu. Eskerrak ikasle ulerberak ditudala!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 2 iruzkin

“Erdiraketa” arrotza

Futbolaz ari direla, irratian eta telebistan baino ez ditut entzuten “erdiraketa” eta “erdiratu”, pasea eta pasatu esateko. Urteak dira hitz horiek erabiltzen dituztela, baina ni ez naiz ohitu oraindik.

Alde batetik bestera, “pasatu” egiten gara. Mahaian gaudela, inork ez du esaten “erdiratu iezadak ogia, mesedez”. Eta astelehenetan futbolaz hitz egiten dugunean, “zelako pase ona!” esaten dugu, sekula ere ez “erdiraketa”.

Hiztegi Batuak, bestalde, horrela definitzen du pasatu aditza:

  • pasatu, pasa, pasatzen. 1 da/du ad. ‘igaro’: albotik pasatu da. (albotik pasa da: Heg. Lgart.) 2 da ad. ‘gertatu’

Nondik dator, orduan, hedabideen erabilera arrotz hori?

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , | 7 iruzkin

Gazetta

Egunkariek egunotan nozitzen duten krisialdia ez omen da lehena. Enrique Dans blogariak kontatzen duenez bere liburuan, Todo va a cambiar, Gutenbergek moldiztegia asmatu zuenean, edozeinek egin zitzakeen avvisi orriak, XV. mendea ezkero bankariek Venezia inguruan erabiltzen zituztenak, eskuz eginak eta oso garestiak, balio baitzuten azken orduko informazioa hedatzeko inguruko aberatsen artean.

Horrela bada, moldiztegiarekin batera agertu ziren gazettak, informazio orri batzuk, izena hartu zutenak balio gutxiko txanpon batetik, horixe balio baitzuten. Uste izatekoa da euskarazko “kazeta” izena ere Gazetta hartatik etorriko dela.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Testu-arkitektura

Hizpide aldizkariaren 71. zenbakiak gai monografikoa lantzen du, Pello Esnalek idatzia: Testu-arkitektura eta Gramatika, ekintza komunikatiboaren baitan. Ale mardula, 160 orrialdekoa, eta mamitsua, berau gainbegiratuta ikusi dudanez.

Aste Santurako irakurgai ona izan daiteke, batez ere testuaren garrantziaz jabetzeko, komunikazioaren ikuspegitik beti ere.

Aurkibidea
Atal hauek ditu ale monografikoak:

  • Atarikoak
  • Testu arkitektura
  1. Sarrera
  2. Plan orokorra
  3. Sekuentziak
  4. Interaktibotasuna
  5. Konexioa
  6. Izen-kohesioa
  7. Aditz-kohesioa
  8. Ahots enuntziatzaileak
  9. Modalizazioa
  • Gramatika
  1. Sarrera
  2. Gramatika berrirantz
  3. Puntuazioa lantzen
  4. Hitz-ordena lantzen
  5. Lexikoa lantzen
  • Bibliografia

Ez dakit zergatik, baina ematen dit lan honek mugarri bat ezarriko duela gure artean. Ikusiko dugu.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina

SlideShare, curriculuma zabaltzeko

Bitxia da, gero, Laura Gainor gazte estatubatuarrak zelan erabili zuen SlideShare lana lortu eta bere burua ezagutarazteko hiri ezezagun batean. Jakin zuenetik Charlotte hiria utzi eta Milwaukeera joan beharko zela bere senarrarekin, Laurak estrategia bat prestatu zuen berak nahi zuen lana lortzeko, non eta Milwaukeen, bertan egun batzuk lehenago Comet Branding enpresak jakinarazi baitzuen pertsona bat bilatzen ari zela.

Laurak kanpaina bat antolatu zuen #LauraGainorToMilwaukee (#LauraGainorMilwaukeera) eta uztartu zituen Twitter, FourSquare eta SlideShare kanpaina abiarazteko. Lehendabizi, poster bat egin zuen Comet Branding enpresaren logoarekin, eta berorrekin hainbat argazki atera zituen, leku esanguratsuetan, Milwaukeen bertan. Horrekin batera baina, Laurak erakutsi nahi izan zuen zelako esperientzia zuen marketin kontuetan. Beraz, aurkezpen bat prestatu eta SlideSharera igo zuen.

“Nire helburua zen historia bat sortzea SlideShare aurkezpen horretan, eta bertan erakustea nor naizen, zelako esperientzia profesionala dudan, nire telentuak, zergatik izango nintzen ona Comet Branding enpresarentzat eta plazaratu nire #LauraGainorMilwaukeera kanpaina leku batean” azaldu du Laurak.

Aurkezpenari esker, hemen goian dagoena, Laurak Comet Branding enpresaren arreta bereganatu zuen, justu berak nahi zuena, eta lanpostu bat lortu.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina