Telefono aurreratuak

Aspaldi nenbilen —beste askok bezala, seguruenik— zelan esan smartphone hitza euskaraz. Erabili dut, bai, “telefono adimenduna”, baina sekula ez naiz geratu erabat konforme, ez dakit zergatik, beharbada naturaltasuna falta zaiolako. Atzo arte.

Elkar argitaletxearen aldizkari bat eraman nuen etxera, eta bertan Andoni Sagarna euskaltzain eta blogariaren artikulu bat irakurri nuen, Tinta elektronikozko irakurgailuak, non “telefono aurreratuak” aipatzen zituen. Eta niri gustatu. Lehen kolpean egokia iruditu zitzaidan, eta naturala. Ez dakit zuei zer iruditzen zaizuen.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 3 iruzkin

Inplantea egiten

Joan den asteazkenean inplante pare bat egin zidaten ahoan. Beldurrez joan nintzen dentistarenera, transplantearen ostean ahoa oso sentibera baitut, baina kriskitinak baino pozikago irten nintzen handik, dena primeran joan zelako. Biharamunean lanera joan nintzen, normal, inolako traba barik.

Harrezkero miretsita nago, gaur egun zelakoak egin daitezkeen ahoan, ordubeteko ebakuntza esate baterako, bat ere traumarik eragin barik. Zeren ordubete horretan, minik bat ere ez, baina oso argi konturatu nintzen medikua noiz ari zen haragia ebagitzen, noiz hezurra zulatzen, noiz torlojoak sartzen eta noiz haragia josten. Sekulako matraka.

Hala ere, ez dut bat ere arazorik izan. Eta garbi daukat, medikuaren eskuaz aparte, horretan ezinbestekoak izan direla anestesia, antibiotikoak eta anti-inflamatorioak.

Bost hilabete barru ezarriko dizkidate koroak. Ea orduan dena oraingoan bezain ondo doan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Viviane Reding, chapeau

Enough is enough! esan zion atzo ozen eta haserre Viviane Reding Europako Batasuneko Justizia komisarioak Frantziako gobernuari, nahikoa da!, eskandalu hutsa baita Nicolas Sarkozy eta bere gobernua egiten ari direna Errumaniako ijitoekin. Berauek kanporatuta, Frantziak urratu egin du EBko herritarrok dugun eskubidea Europan zehar askatasunez ibiltzeko.

Atzo arte ez nuen izan Viviane Reding-en aditzerik, baina ikusi nuenean telebistan Frantziako gobernua salatzen, izugarri poztu nintzen, bai baitzirudien Europa barruan inork ez zuela ezer ganorazkorik esango, bertako agintarien artean, xenofobo frantsesak gaitzesteko.

Ez dakit azkenean Bruselak espedienterik irekiko ote dion Frantziari, estatuek amarru asko egiten dituzte-eta lotsaizunak estaltzeko, baina inportantea zen mozorroa kentzea xenofobo xuriari.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Susmo txarra

Jose Luis Korta haserre dago Kontxako estropada galdu duelako, eta orain susmoa zabaltzen ari da, esanez Urdaibaik dopinari zor diola garaipena. Bitxia da, zeren aspaldi honetan horixe bera pentsatu izan dut nik Kortak berak gidatu dituen taldeen gainean (eta ez naiz ez batekoa, ez bestekoa): askotan hartu izan du talde bat zuloan zegoena, eta ezerezetik ia, garaile distiratsu bihurtu. Akaso denek ere izan dezakete zer azaldua.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , | 4 iruzkin

Erasmus ikasleekin, Bilbon

Erasmus ikasleak EITBn, Bilbon
Aurten ere iritsi dira Erasmus ikasleak fakultatera, 12 ikasle 4 herrialdetakoak: Herbereheak (7), Belgika (2), Estonia (2) eta Finlandia (1). Gehienak, zortzi, Hezkuntzakoak dira; gainerako laurak, Komunikaziokoak. Denak ere, oso jatorrak eta argiak.

Komunikazioko ikasleen tutore naizenez, joan den ostiralean Bilbon izan nintzen eurekin, EITBn, bertan egingo dituzte-eta praktikak, eitb.com zerbitzuan. Ikasleak liluratuta geratu ziren EITBren tamainaz eta antolakuntzaz. Bilbo ere, izugarri gustatu zitzaien. Gaur, berriz, Leintz bailarako zenbait leku eder erakutsiko dizkiegu.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , , | Utzi iruzkina

Gautxorien bilkura

Gautxoriak Txantxibiri kalean
Amaitu dira Elorrioko jaiak, nahiz eta gaur izan azken eguna. Eta parranda handi guztien ostean legez, gaur goizean ere azken gautxoriak Txantxibiri kalean elkartu dira, Xara tabernaren atarian, azken tragoa hartzera. Bilkura zaratatsua izaten da, ia denak bapo eginda eta pozik egoten direlako. Datorren urtean, gehiago.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , , | Utzi iruzkina

Salvador Allende, in memoriam

Estatu batuarrek uste dute irailaren 11 mugarri dela 2001ean eurek jaso zuten erasoarengatik. Gehienek jakin ere ez dakite izan zela beste irailaren 11 bat, 1973an, eurena bezain odoltsua, eta egun hartan Pinochet jeneralak estatu kolpea eman zuela Txilen, Salvador Allende presidentearen kontra, AEBek xaxatuta. Bertako hedabideak hain dira indartsuak, ezen mundu guztian irailaren 11 aipatazen denean, dorre bikiez soilik hitz egiten baita, bestea ahaztuta.

1973an ni Bilbon nenbilen, Deustuko Unibertsitatera iritsi berri. Orduan Iturribiden bizi ginen. Garai hartan itxaropen handiak genituen Salvador Allenderen gobernuan, eta jakin genuenean Pinochetek estatu kolpe bat eman eta Allende hilik atera zutela bere etxetik, mundua ilundu egin zitzaigun. Gogoan dut oraindik, zelan joan nintzen behin baino gehiagotan Cuadernos para el Diálogo eta Triunfo aldizkariak erostera, eta zelan biek ala biek azala erabat beltza atera zutela, Txileko tragedia zela-eta.

Amerikarrek ahaztua izango dute 1973ko irailaren 11ko hura. Beste batzuek, berriz, ondo gogoan dugu, nahiz eta amerikarren tragedia ez dugun ahaztu.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Etsipena su-etenaren inguruan?

Adierazgarria da: 2006an ETAk “su-eten iraunkorra” iragarri zuenean, Sustatun 9 erantzun izan zituen berriak. 2010ean, ETAk esan duenean “ekintza armaturik ez burutzeko erabakia hartu duela”, Sustatun bertan erantzun bakarra agertu da.

Aitzitik, albistearen inguruko informazioek erantzun gehiago izan dituzte hedabide berean: BBCren primizia eta ETAren mezulariaren aitortzak 8 erantzun izan ditu. Eta ETAren bideoari egindako katxondeozko ekarpenek, 5 erantzun.

Niri dagokidanez, bat egiten dut Iban Zalduak Twitter-en erakutsitako sentipenarekin.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 4 iruzkin

2010eko udan irakurritakoak

Aurtengo udan asko irakurri dut, beste batzuetan baino dezente gehiago. Hona hemen irakurritako liburuak:

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Haur irristalariak

Jakina da izugarri gustatzen zaizkigula haurrak iragarkietan. Adituek diotenez, haurrek, animaliek eta umoreak erakartzen gaituzte gehien horrelakoetan, eta iragarki honek hirurak uztartzen ditu.

Iragarki hau 2009ko apirilean plazaratu zen, eta sarean jarri zenetik, 103.867.704 lagunek ikusi dute.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina