Alan Turing gogoan


Gaurko egunez, orain ehun urte, jaio zen Alan Turing, XX. mendeak izan duen matematikari eta zientzialaririk handienetako bat, bera izan baitzen konputazioaren eta ordenagailuen aita. II. Mundu Gerran, gainera, hainbat makina egin zituen dezifratu zituztenak alemanek Enigma makinarekin sortutako kode sekretuak.

Baina Alan Turing homosexuala zen, eta, behin gerra amaituta, Ingalaterrako gobernuak hainbat aldiz atxilotu eta behartu egin zuen irentze kimikoa egitera. Egoera jasan ezina bihurtu, eta bere buruaz beste egin zuen Turingek 42 urte baino ez zituela.

Gizateria lotsatu egin beharko litzateke Alan Turingi egin zitzaion izugarrikeriagatik, bereziki Mendebalak, nik bi urte nituela talibanen pare portatu baitzen Ingalaterra, munduko herrialderik aurreratuenetako bat.

Gehiago jakin nahi duenak Alan Turingen bizitzaz, hemen du dokumental bat, Youtuben, bi zatitan ikusteko:

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Klasikoak, doan jaisteko moduan

Erasmus @ Rotterdam
Aspaldi hasi ziren euskaratzen idazle klasiko zenbait, Pentsamenduaren klasikoak bildumaren barruan. Guztira 130 liburu euskaratu dira, altxor txiki bat, ezkutua orain gutxi arte, oso zaila baitzen liburu horiek eskuratzea, liburutegietan ez bazen.

Atzo, berriz, ezusteko atsegina hartu nuen, txiripaz konturatu nintzen-eta, EHUri esker, horietako liburu asko sarean daudela, doan, edozeinek jaisteko moduan, bi formatutan: DOC eta PDF. Ikusita Calibrek ez dituela DOC dokumentuak beste formatuetara bihurtzen, PDF formatua aukeratu nuen sei liburu jaisteko. EPUB formatura pasatu, Dropbox-era igo, eta iPad-era pasatu nituen. Orain hortxe dauzkat, nahi dudanean irakurtzeko:

  • Honela mintzatu zen Zaratustra (Friedrich Nietzsche)
  • Bizitzaren laburtasunaz (Seneka)
  • Askatasunetik iheska (Erich Fromm)
  • Eromenaren laudorioa (Rotterdamgo Erasmo)
  • Espezieen jatorriaz (Charles Darwin)
  • Eichmann Jerusalemen (Hannah Arendt)

Pena bat dut, ordea: liburu horiek guztiek ez dute azalik. Hortaz, iBooks aplikazioan agertzen dira bakoitza orri zuri bat bailitzan. (Argazkia: daarwasik)

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina

Kale-marrazkiak, 3D eran


Ikusgarria, benetan, Leon Keer artista herberehetarraren kale-marrazkiak, goiko hau bezalakoa, Venlo herrian egina, Herbeheretan, eta oinarrituta Pac-Man jokoan, berau oso ezaguna 80. hamarkadan.

Aurretik hormirudiak egiten zituen hainbat multinazionalentzat, hala nola Coca-Cola, Schweppes, Heineken, Red Bull, Reef, Evian, Royal Club, Remy Martin eta Absolut Vodka. Gaur egun, berriz, bere enpresa dauka, eta herrialde askotan egin du lan: Herbehereak, Alemania, Australia, Frantzia, Errusia eta AEBak. Bere azken lanak Flickr-en ikus daitezke. (via Boing-Boing).

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Darwinen bidaia ordaindu bakoa

Angels posing with Charles DarwinHogeita bi urte zituela, Charles Darwin ikasleak gutun bat jaso zuen, eta bertan esaten zitzaion Fitz-Roy kapitaina prest zegoela bere gela gazte naturalista batekin partekatzeko, Beagle ontzian munduan barrena egin behar zuen bidaia batean, hori bai, ordain saririk jaso barik. Darwin gazteak, baietz, aitaren hasierako eragozpenak gaindituta.

Bidaia hark aldatu egin zuen Charles Darwinen bizitza eta aldaketa handia ekarri zuen gizakiok mundua ulertzeko dugun moduan, haren ondorio zuzena izan baitzen eboluzioaren teoria, hainbat urte geroago Darwinek landu zuena, neurri handi batean oinarrituta bidaia hartan egindako aurkikuntzetan. Berak horrela adierazi zuen bere autobiografian:

  • “Beagle” ontzian egindako bidaia izan da, askogatik, nire bizitzako gertaerarik inportanteena, eta baldintzatu egin du nire karrera osoa.

Gure ikasleei ere batzuetan horrelako proposamenak iristen zaizkie, enpresa batean praktikak egiteko, eta, batzuetan, ezer kobratu barik. Honekin ez dut esan nahi praktikarik onenak direla ordain saririk ez dutenak, baizik eta jakin behar dela aukerak harrapatzen, ordainduak izan ala ez. Darwinek asmatu egin zuen, gure zorionerako. (Argazkia: Colin Purrington)

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Zoroen pare, bizikletan

Trailerrak gezurrik ez badio, Line Of Sight izan behar da film ikusgarria, bertan ikusten baita mundu osoko mezulari bizikletadunak zelan dabiltzan hirian, zoroen pare. Hamar urtez, Lucas Brunelle grabatzen ibili da horrelako lasterketa zoroak. Gozatu pantaila osoan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin

Hazizurrien kontra, Skype

Oraintsu jakin dut “paperas” hazizurriak esaten dela euskaraz, gaixotasunak habia egin duenean gurean. Egun hauetan Elorrion gazte piloa dago etxean, “listu-guruinen hantura” zaintzen, tartean gure Miren. Gurean bi ondorio ekarri dituzte hazizurriek, gaixoa osatu bitartean.

Lehena, higiene protokolo bat bete beharra etxean bertan, nik harrapa ez dezadan gaixotasuna. Osakidetzak gomendatuta, honako neurriak hartzen ari da gaixoa:

  • Beti erabili baxera berbera.
  • Zintz eginez gero, kleenexa erabili, eta berehala zaborretara bota.
  • Eskuak sarri garbitu.

Bigarrena, etxean egon beharraren egon beharraz, Miren eta bere lagunak Skype hasi dira erabiltzen elkarren berri izateko. Noiz edo behin kutsatuetako zenbait elkartu izan dira herriko arboladi batean, beste inor ez kutsatzeko eran. Bestela, Skype.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Pozik iPad berriarekin

Hiru bat urte itxaron ditut, ikusteko ea beste enpresa bat gai ote zen Applen tabletaren parean jartzeko, bai prestazioetan, eta baita prezioan. Ez da horrelakorik gertatu, eta iPad bat erosi dut, Eroskiren eskaintza bat aprobetxatuta, aukera eskaintzen baitu tableta 12 hilabetean ordaintzeko, interes barik.

Astebete egin dut tramankuluarekin, eta oso pozik nago, harrituta zein erraza eta dotorea den erabiltzeko. Oraingoz, dena dabil ondo: Gmail, Twitter, Facebook… Flipatzen nago, bestalde, Flipboard-ekin; Dropbox-i eskertuta, berari esker aukera baitut PDF dokumentuak iBooks-en liburutegian sartzeko. Azkenik, mirestuta nago iBooks zein dotorea den, bertan zein ondo irakurtzen diren liburuak, eta zelako tipografia dotorea darabilen.

Seguru nago aurrerago aurkituko dizkiola eragozpenak aparailu honi —Applen lorategi itxiaren morrontzak-eta—, baina oraingoz pozik nabil. Uste dut Steve Jobs-ek arrazoia zuela esan zuenean iPadak aldatuko zuela informatikaren geroa.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 3 iruzkin

Bart Bijnens eta tokiko prentsa Flandrian

Bart Bijnens, Peio, Eneko & Txomin
Egun hauetan Bart Bijnens kazetari flandestarra Euskal Herrian da, gaur parte hartuko du-eta Tokikom jardunaldian. Bertan, Het Belang Van Limburg tokiko egunkari arrakastatsuaren online eta offline esperientziaren berri emango du. Atzo gure fakultatean izan zen, eta elkarrizketa interesgarria izan genuen berarekin. (Argazkian, Bart Bijnens ezkerrean, Goiena taldea bisitatzen)

Azaldu zigunez, bere egunkaria 1879an sortu zen, eta Limburg eskualdean kokatzen da, Flandriako probintziarik txikiena, non bizi diren 850.000 lagun. Het Belang van Limburg egunkariak 60 kazetari dauzka, egunero 100.000 ale saltzen ditu (horietatik %72 harpidetza bidez) eta merkatuaren %80 egin du bere. Hortaz, jaun eta jabe da Limburgen.

Edizio digitala
Harrigarriena baina, edizio digitalaren bilakaera iruditu zitzaidan. 2011n plazaratu zen, CMS batean oinarritua Edukiak Kudeatzeko Sistema bat, eta dagoeneko 7.000 herri kazetari dauzka, zeinek txintxo-txintxo sartzen duten informazioa webgunean. Herritarrek era guztietako informazioa bidaltzen dute: testuak, argazkiak, datuak, bideoak… eta egunkari digitalak argitaratu egiten ditu, bertako kazetari profesionalek (zazpi, edizio digitalean) editatuta.

Limburg probintzia 48 komunitatetan daukate banatuta, eta Bart Bijnens-ek dioenez, 45etan oso ondo funtzionatzen du herri kazetaritza. Astean barrena edizio digitalean argitaratutako herri kazetarien albisteak larunbatean paperean kaleratzen dira, 10 ediziotan, bakoitza 16 orrialdekoa, eguneko egunkariarekin batera.

Oraindik edizio digitala ez da errentagarria, eta bere kostoa paperak finantzatzen du, baina Bart Bijnens-ek espero du laster emango duela dirua.

Etorkizuneko desafioen artean bi nabarmentzen ditu: bat, aldatzea papereko kazetarien jarrera, gorrotatu egiten baitute edizio digitala; eta bi, egokitu edizio digitala telefono aurreratuetara. Urtea amaitu aurretik, bestalde, 8.000 herri kazetari izan nahi ditu. Bitartean, mimatu egiten ditu dauzkanak, eta hilean behin formazioa eskaintzen die, argazki onak ateratzen erakutsita, esate baterako.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Twitter eta ikertzaileak

Egun hauetan ikastaro bat ematen ari gara fakultatean, gure ikertzaileak has daitezen tuiteatzen beldur barik. Hori dela-eta, han eta hemen begiratu dugu irakasleek eta ikertzaileek zelan darabilten Twitter, eta aurkitu dugu profesional asko ari direla tuiteatzen, baita goi irakaskuntzan ere.

Gure jendeak errazago uler dezan irakaskuntzako profesionalek zelan erabil dezaketen Twitter, artikulu zerrenda bat prestatu dugu Readlists erabilita: Twitter irakaskuntzan. Horrezaz gain, hainbat ikertzaile tuiterlariren kontuak bildu ditugu, bertan azter dezaten ikertzaileek zelan jokatzen duten mikroblogean.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Bloga, praktiketako egunkari

Aurten lehen aldiz, eskatu diegu MUko Komunikazioko ikasleei, praktiketan dabiltzanei, blog bat sortzeko, bertan idatz dezaten eguneroko bat praktiken inguruan. Hiru ikasleren tutore naizen aldetik, ikasle horien blogak irakurtzea tokatu zait, bertan noiz edo behin iruzkinak eginda. Batzuetan ikasleak kexatu egin dira apur bat, gogorra egiten zaiela eguneroko lana amaituta, blogean idatzi behar izatea. Hala ere, emaitza bikaina izan da.

Inoiz ez bezala —orain arte ikasleak nahikoa zuen praktikak amaitutakoan txosten bat aurkeztea—, ikasleak ari dira hausnarketa egiten praktika aldian bizitzen ari diren esperientziaz: enpresa, lan harremanak, lan kultura, baliabideak, ikaslearen indarguneak eta ahulguneak esperientzia horretan… Blogari esker, bukaeran idatzi beharko duten txostena askoz ere osoagoa izango da, seguru nago.

Ikasleen kexuak ulertzekoak dira —batzuetan kosta egiten da lana amaitutakoan blogean idazten hastea—, baina eurak ere konturatzen dira bloga baliabide interesgarria dela. Praktika aldiaren erdia bete berritan, ikasle batek hauxe idatzi du bere blogaren garrantziaz:

  • Azkenik, bloga oso erreminta egokia dela uste dut, etorkizunean ahanzturan eroriko diren oroitzapenak birgogoratzeko eta hemendik urte batzuetara nire lehen lan praktiken egunerokoa nolakoa izan zen jakiteko.
Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina