Elorrio k.t. 3

.flickr-photo { border: solid 2px #000000; }.flickr-yourcomment { }.flickr-frame { text-align: left; padding: 3px; }.flickr-caption { font-size: 0.8em; margin-top: 0px; }
Elorrio k.t. 3 , originally uploaded by Joxe .

Talde honetan jokatzen du gure Mirenek. Bera eta bere lagunak aurten hasi dira saskibaloian jokatzen, eta oraindik igartzen zaie esperientzia hartu beharra dutela. Baina ari dira, asko aurreratu baitute lehen partidatik hirugarrenera: azken bietan gutxi falta izan zaie irabazteko.

Zutik ezkerretik eskuinera, Itsaso, Leire, Miren, Ziortza eta Altea. Belauniko, ezkerretik hasita, Elene, Ainhoa, Maialen, Maite, Maria eta Edurne.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 8 iruzkin

Aitormena

Faroa sortu aurretik, hiru urtez idatzi izan dut Sustatun. Han ikasi nuen zer zen blog bat, eta nola kudeatzen den. Sustatu izan dut eskolarik onena blogintzan.

Asko zor diet Iban Arantzabal eta Sustatuko editore taldeari. Zorretan nago, halaber, Luistxo Fernandez, Gari Araolaza, Maite Rementeria, Eneko Astigarraga, Asier Sarasua eta CodeSyntax enpresako lagunekin. Beste inork baino gehiago, beraiek sustatu dute euskal blogosfera. Horregatik, gustura aitortzen dut nire zorra.

Lagun onak gara, ondo konpondu gara orain arte, eta ondo konponduko gara aurrerantzean ere, nahiz eta tarteka proiektu desberdinetan ibili.

Besarkada handi bat denoi.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Eskerregite eguna

Azaroak gaur du azken osteguna. Horregatik ospatzen da gaur AEBetan Thansgiving, Eskerregite eguna. Berau izango da, seguruenik, familia festarik garrantzitsuena han. Gu han bizi izan ginenean, behintzat, horrela zen.

Gure artean hainbat estatubatuar ditugu, gehienak ikastera etorriak Euskal Herrira. Gaur beraiei doakie nire gogoa, ahalik eta ondoen ospa dezaten eguna, eta bereziki Fred Freundlich nire lagun handiari.

Eta horrekin batera, gonbita bat. Truman Capotek liburu polit bat idatzi zuen Eskerregite eguna oin hartuta, eta geroago Iñaki Iñurrietak euskaratu zuena Literatura Unibertsala bilduman: Eskerregite Eguneko Bisitaria. Ahal baduzue, irakurri.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Farozaina, agerian

Orain bi aste pasatxo sortu nuen Faroa, nire urtebetetze egunean. Artean nola probatan nenbilen, behin behineko izen bat eman nion, Faroa, eta izen horrekin bat zetorren ezizen batekin, Argi, sinatu dut harrezkero. Bitarte horretan ikasten joan naiz nola erabili blog hau, gaur arte.

Oraindik badut zer ikasirik franko, baina erabaki dut gaurtik aurrera nire benetako izen-deiturekin sinatuko dudala, alegia, agerian uztea farozaina. Bi arrazoik bultzatu naute horretara:

  • Faroa hasi da argia ematen, eta batzuek, gutxi batzuek, antzeman dute hori. Bide batez, hasieran behin behineko izena zena, behin betikoa izango da hemendik aurrera.
  • Gaurkoa bezalako artikuluak, Oiarzabali dagokiona, hobe benetako izen-deiturekin sinatzea. Ez dut uste egokia denik inor kritikatzea ezizen baten atzean ezkutaturik.
  • Aurrerantzean, egunean ohar edo artikulu bat aurkituko duzu Faroan. Izango dira Joxe Aranzabalen burutazioak eta iritziak, “abenturak eta kalenturak”, beste hark zioen moduan.

    Ongi etorri Farora!

    Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 5 iruzkin

    Oiarzabal segurtasunaren eredu?

    Gaur goizean Juanito Oiarzabal mendizaleari entzun diot irratian segurtasunaren inguruan hitz egiten, Euskadiko Kutxaren iragarki batean. Atzo ere paperean ikusi nuen iragarki hori. Eta ni, harritu. Nor eta Juanito Oiarzabal segurtasunaren eredu!

    Mundu guztiak daki euskal mendizaleen artean oso arriskutsua izan daitekeela Juanito Oiarzabalekin joatea gailur enblematiko horietako bat egitera. Birritan salbatu dute in extremis, behin Iñurrategi anaiek, eta bigarrengoz iragan udan. Bietan erakutsi zuen kalkulu eskasa, lidergorik eza eta egozentrismo itzela.

    Euskadiko Kutxak horrela ulertzen badu segurtasuna, nik nahiago neure diruak beste nonbaiten ezarri.

    Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

    Udazkenaren ederra!

    Goizero lanera natorrela, bereziki gozatzen dut arbolen kolore zoragarriak ikusita. Pinuen monotoniaz landa, han-hemenka begiztatzen ditut zuhaitz multikoloreak: bihurgune estuan, pasadan ikusten dudan herriaren erdiko muinoan, fabrika erraldoiaren ondoan, kanposantuaren aurrealdean…

    Sasoi honetan horrek ematen dit poza, eta azaleratzen du denok barruan dugun poeta kaskarra. Horrelakoetan Xabier Lizardiz gogoratzen naiz, nola ospatu zituen urtaroak.

    Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

    Istripu madarikatua

    Atzo urtebete, HUHEZIko hiru ikasle hil ziren Elorrioko saihesbidean, istripu izugarri batean. Hirurak neskak ziren, eta ikasle bikainak. Beraiekin batera beste bi lagun zihoazen, besteak bezain neska bikainak, eta horiek, zorionez, bizirik irten ziren. Batak bizimodu normala egiten du orain, eta bestea oraindik errekuperatzen ari da.

    Asteburu honetan lore sorta ederra agertu da oroitarrian, hiru hildakoen omenez dagoena fakultatearen eraikin zaharraren atarian. Alazne, Miren eta Maria ez ditugu erraz ahaztuko.

    Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 3 iruzkin

    iPod bat oparitu didate

    Aurten iPod bat oparitu didate nire urtebetetzerako, iPod mini bat, “ipotxa”, nire lagun batek deitzen dion bezala. Ipotxa musika jogailu bat da, eta bertan 1.000 bat abesti sartzen dira, MP3 formatoan.

    Hasteko, gaur bertan sartu dizkiogu abesti batzuk, 200 inguru, eta estrenatu ere, gaur estrenatu dugu. Emazteak lasterka egitera eraman du, eta pozik zoratzen itzuli da, oso ondo entzuten baitzuen eta etenik gabe, korrika egin bitartean. Nik ere erabili dut, paseatzeko, eta zoragarri. Alabak ere pozik bai pozik erabili du bere musika entzuteko, Betizu eta horrelakoak. Izan ere, hiruron gustuko musika grabatu dugu iPod txikian, hirurok goza dezagun tramankuluaz.

    Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

    Aimar Olaizola

    Gaur pilota partida bat ikusi dut telebistan, lau t’erdiko txapelketari zegokiona, erdifinalekoa. Aurrez aurre Aimar Olaizola eta Nagore. Lehena orain bi urteko txapelduna; bigarrena, ordea, iazkoa.

    Aimarrek irabazi du, eta ondo irabazi ere: 22-8. Maisua da Aimar kantxan, eta gaur ere maixuek legez jokatu du. Bera eta Xala dira nire faboritoak finala jokatzeko. Eta nor txapeldun? Beraiek erabaki dezatela.

    Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 31 iruzkin

    Aulkitxo bat erosi dut

    Gure alaba saskibaloian jokatzen hasi da, eta horrek aldaketa bat baino gehiago ekarriko du gure bizimoduan:

  • Larunbatero herririk herri ibiltzea, gure alabaren taldearekin.
  • Jarleku berezi bat erostea, automobilean joan dadin.
  • Alabak zortzi urte bete arte beti erabili izan du jarleku berezi bat, baina handia denez, traba baino ez zion egiten azken jarlekuak, eta horregatik erregalatu genion lagun baten semetxoari.

    Orain, berriz, astero ibili beharko da batetik bestera, batzuetan gure autoan, baina noiz edo behin taldeko beste norbaitenean. Eta gurasoetan inork nahi ez duenez isunik jaso ume bat aulki gabe eramatearren, saskibaloi taldeko neskatila guztiek erosi behar dute aulki bana.

    Beraz, larunbatero bizkar zorroa bizkarrean eta aulkitxoa esku batean irtengo dira etxetik gure saskibaloi jokalariak.

    Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1