OAI: produktu interesgarria

Atzo izan nintzen Durangon, baina ez liburu eta disko artean. Nahiago izan nuen aurkezpen batera joan. Izan ere, arratsaldeko 18:30ean CodeSyntax enpresak eta Deli taldeak aurkeztu zuten OAI, produktu bat oso baliagarria argitaletxe eta liburutegientzat.

Luistxo Fernandezek, Josu Azpillagak eta Joseba Abaituak aurkeztu zuten OAI (Open Archive Initiative), Artxibo Irekietarako Ekimena. Horren bidez, liburuak argitaratu, hedatu eta katalogatu egin daitezke sarean, ziztu batean. Berdin balio lezake liburuak saltzeko, faksimil digitalak egiteko, artikuluak kontsultatzeko…

OAI ez da utopia, esan zuten mahaikideek, eta dagoeneko Euskal Herriko zenbait erakundek parte hartu dute proiektu honetan, hemen azaltzen den moduan. Ni ere seguru nago denok irabaziko dugula horrelako estandar bat erabiliz gero.

Aurkezpena bukatutakoan, CSko beste lagun batzuk agurtu nituen, Gari, Eneko eta Maite. Eta haien bidez, Bertoko lagun arratiarra ezagutu nuen. Valdecillara joan aurretik, berak ohartarazi zidan Sustatun Carlos bere laguna ere hara joango zela mini-alotransplantea egitera.

Nola ez nuen astirik izan zoriontzeko Josu eta Luistxo, lehenak atzo egin baitzituen urteak eta bigarrenak gaur, bihoazkie biei nire zorionik beroenak. Urte askotarako!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Muturreko ederra

Eguerdiko ordu bata bost gutxi izango ziren, atzo azokara iritsi nintzenean. Jende asko, eta bero handia. Bego eta Miren alde batetik abiatu ziren, eta ni bestetik. Ramon anaiarekin egin nuen topo, eta harekin batera hasi nintzen han eta hemen kuxkuseatzen.

Alberdanian Joserra Garziaren azken liburua erosi nuen, eta nola Joserra bera han zegoen, Jorge Gimenez editoreak gonbidatu zuen alea sinatzera. Izena?, galdetu zidan. Joxe. Eta abizena? Aranzabal. Jo-der! esan, eta eskua eman zidan, orduan konturatu baitzen neu nintzela berak ezagutzen zuen Joxe Aranzabal hura bera. Eskaintza polita egin zidan Joserrak. Patrifilioak amaituta, berbetan geratu ginen apur bat, zer moduz nenbilen, bere seme bat ere HUHEZIn ari dela ikasten, eta horrelako kontuak.

Handik hurbil zegoen Anjel Lertxundi, gure idazle-kazetari-maisu handia, eta nola aspalditik ezagutzen dugun elkar, Garaia aldizkariaren denboratik bai, agurtu egin nuen. Beti bezain abegikor hartu ninduen, eta bazuela Faroaren berri. Nik ere egia handi bat esan nion, oso gustura irakurtzen ditudala bere zutabeak Berrian.

Xabier Mendiguren Elizegi zegoen lekura iritsi orduko, berotuta nengoen. Elkarri bostekoa eman, eta “zer moduz Faroa?”, galdetu zidan. “Ondo, orain elikatu egin behar!”, erantzun nik. Nire liburuari buruz –Medikuak Esan Dit Minbizia Dudala–, esan zidan laster hasiko direla maketatzen. Eta Luistxori ere ari zaiola gogorarazten, ea noiz ematen dion hitzatzea.

Ordurako ito antzean nenbilen, bero, eta erabaki nuen alde egitea, aire fresko bila. Beste baterako utzi nituen Jose Antonio Agirreren liburua eta Anna Frank-en egunerokoa. Ezin nuen gehiago. Dena dela, liburu hauek neramatzan besapean:

  • Bernardo Atxaga: Henry Bengoa. Inventarium. Pamiela.
  • Bernardo Atxaga: Lau Aldiz Elur. Written in USA. Pamiela.
  • Agatha Christie: Roger Ackroyden Hilketa. Igela.
  • Joxerra Garzia: Kurrin-kurrun Vitae. Maisu Baten Ikarak eta Ostikadak. Alberdania.
  • Joan Mari Irigoien: Odolean Neraman. Elkar.
  • Xabier Lete, Karlos Gimenez: R. Mª Rilkeren “Orduen Liburua”. Pamiela.
    Mirenek, berriz, ez zuen aurkitu Seve Callejaren liburu bat, aurrekoan eskolan izan baitzuten Seve, baina bai erosi zituen beste bi, Eta Zer? bildumakoak:
  • Alaba Adoptatua Naiz, Eta Zer?
  • Ez Naiz Ilehoria, Eta Zer?
    Landako utzi, zubi txikia zeharkatu, eta bagindoazen koinatuaren etxera bidean. Orduan, baina, pub irlandar baten parean, estropezu egin espaloi baten mailarekin, eta han abiatu nintzen lasterketa zoro batean, neu bakarrik: lehen pausoa salbatu nuen, bigarrena ere, justu-justu, baina hirugarrenean lurrera erori nintzen, erabat luze, igerilekuan banengo moduan. Une batez, mundua geratu egin zen; ez zen entzuten zarata izpirik ere. Bakarrik sentitzen nituen eskuen ahurrak erretzen. Halako batean, hasi ziren zaratak iristen: Miren eta Bego ni jasotzen, beste arima eskuzabal bat liburu poltsa berreskuratzen…, “ondo zagoz?”. Alde guztietatik jendearen begiradak: “a zelako ostia hartu duen gizagaixoak!”.

    Eroriko ikusgarria, baina hortzak, koskabiloak eta betaurrekoak bere lekuan nituen. Koinatuaren etxera iritsitakoan eskuak ondo garbitu, Betadine apur bat eman, eta kito. Hor bukatu zen guztia.

  • Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

    Arnedillotik Durangora

    Atzo ere Durangon izan ginen, baina Arnedilloko lagun batzuekin joanda, ikus zezaten bertatik bertara Durangoko Azoka. Arratsaldeko 18:00etan iritsi ginen, eta denbora gutxi egin genuen Landakon; nahikoa, hala ere, gure lagunak harri eta zur irten zitezen: “Etorri egin behar da hona, gero, sinisteko zer den hau”, esan zuen Anak behin baino gehiagotan.

    Nik ere atzo zapaldu nuen lehen aldiz azoka berria, azken bi urteotan ez bainintzen han agertu, makalegi nengoen-eta. Eraikin dotorea iruditu zitzaidan. Eta han nenbilela, lagun gutxi batzuk agurtu nituen.

    Lehenengo eta behin, Maider Osa ikusi nuen, aspaldiko lankidea Goiena Telebistan. Maider Bergarako Udalean dabil orain, eta esan zidanez, gutxi idazten du orain, nahiz eta noiz behinka izkiratzen dituen zenbait poema. Aspaldi dakit Maiderrek baduela literaturarako grina, eta zain nago noiz argitaratuko duen lehen lana.

    Handik gertu, Inaxio Mujika Iraola agurtu nuen, Alberdania argitaletxean. Hasieran ez ninduen ezagutu; normala, bestalde, kontuan izanda oso aldatuta nagoela gaixotu nintzenetik. Inaxiok hitz gozoak eskaini zizkidan, geroago Julen Gabiriak bezala. Julen Elkar argitaletxean zegoen, eta bagenuenez harremana posta elektroniko bidez, hurreratu nintzaion agurtzera. Biok poztu ginen elkar ezagutzeaz, niretzat, behintzat, Julen Gabiria baita idazlerik kuttunetakoa.

    Aurreratxoago Txiliku ikusi nuen, liburuak sinatzen, eta ez dakit nola, ez baitut Txiliku bera ezagutzen —uste dut, urteak aurrera egin ahala, lotsabakotzen ari naizela—, hurbildu eta zorionak eman nizkion Osaba Bin Floren liburuagatik, eta oso polita dela esan nion.

    Libururik ez nuen erosi, hori gaurko utzi nuen, baina aprobetxatu genuen Plateruena Kafe Antzokian sartu eta trago bat hartzeko. Itzela iruditu zitzaidan, jendez gainezka, gainera. Arrakastarik handiena opa diet Berbaro elkartekoei, ea Plateruena mugarri bihurtzen den kulturan, gastronomian eta entretenimenduan.

    Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

    Txillardegi

    Atzo iluntzean Durangon izan nintzen, Txillardegiri egindako omenaldian. Jende ugari, aurpegi ezagunak eta giro alaia ikusi nuen. Ekitaldia bera kuriosoa izan zen, ondo antolatua eta hobeto eramana.

    Txillardegi pozik ikusi nuen, akaso apur bat gainezka hainbeste jende atenditu beharrarekin, baina ondo eta argi. Jone emaztea ere beti bezain argi eta umoretsu.

    Ekitaldiaren ostean Joseba Alvarezekin izan nintzen une batez, Jose Luisen semearekin. Esan zidan Batasunak ahal duen guztia egingo duela Euskal Herriak bizi duen egoera konpontzeko, baina ez dela fio besteen jarrerarekin. Bide batez, aipatu zidan sozialistek bilatu diotela urrezko exilio bat Garzon epaileari, hori AEBetako unibertsitate batera joango baita irakastera, bi urterako. Egia bada, jokaldi ona izan daiteke, Auzitegi Nazionala garbitzen hasteko.

    Juan Martin Elexpuru ere hantxe zen, apur bat penatuta bere hiztegia, Debagoieneko hizkerari buruzkoa, ez delako iritsi garaiz Durangoko Azokara. Juan Martinen ondoan, Txipi Ormaetxea mondragoetarra. Txipik ezinbestekotzat jo zuen omenaldira joatea, Txillardegiri babesa ematera.

    Faltan sentitu nituen, ordea, Miren Azkarate Kultura sailburua eta Jean Haritxelar euskaltzainburua. Oso nabarmena izan zen haien hutsunea, eta ez zait bidezkoa iruditzen, desadostasunak desadostasun, Txillardegik izugarrizko lana egin duelako euskararen eta euskal kulturaren alde.

    Beste behin, erakutsi dugu ez dakigula kritikak onartzen, eta zekenak baino zekenagoak izan gaitezkeela beste modu batean pentsatzen duenarekin. Tamalgarria.

    Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

    Euskara ofizial Espainian?

    Herenegun Juan Jose Ibarretxek eskatu zuen euskara ofiziala izatea Espainian, Europako Batasunean ofiziala izan aurretik, Espainian ofiziala izatea.

    Eskariak kontraesan gordinean ezartzen ditu espainiar asko. Izan ere, haientzat Hego Euskal Herria Espainia da eta, beraz, euskara Espainiako kulturaren ondarea. Baina hizkuntza jakin beharraz hitz egiten denean, gaztelania jakin behar da erkidego guztietan, eta beste hizkuntza guztiak “ikas litezke, bakoitza bere eremuan solik”. Horientzat, oso erosoa zen euskararen ofizialtasuna eskatzea Europako Batasunean.

    Baina Bruselatik begiratuta, kontraesana oso deigarria da: nolatan Espainiak eskatu Europari, honek ofizial egin ditzala hizkuntza horiek —euskara, katalana eta gailegoa—, Espainiak berak egiten ez dituenean?

    Oraindik ez dakit zer erantzun izan duen Espainian Ibarretxeren proposamenak, baina txistu berezia sentitzen dut belarrietan, imajinatuz bakarrik zer esango duten zenbait tertulianok.

    Pierre Trudeau politikari kanadiarrarekin gogoratu naiz. Ikusi zuenean Quebecen gero eta indartsuagoa zirela indar independentzia zaleak, erronka latza egin zuen: Kanada eremu elebiduna izendatu. Eta benetan lortu zuen Kanada osoko administrazioa elebiduna izatea, nahiz eta horrek sekulako gorrotoa ekarri zion zenbait lekutan, Kanadako Mendebaldean batik bat.

    Espainian ez dut ikusten Trudeauren parekorik, ausartuko dena euskara, katalana eta gailegoa ofizial egiten estatu espainiarrean. Espainiar gehienak ere ez dut uste prest daudenik horretarako.

    Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

    Gaztelumendi

    Patxi Gaztelumendik blog pertsonal bat sortu du, Gaztelumendi, eta hemendik aurrera, hortxe isuriko ditu bere hausnarketak eta iritziak. Patxi aspaldi dabil Interneten, Indymedian batez ere, nahiz eta nik Sustatun ezagutu nuen. Euskadi Irratian ere hitz egiten du teknologiaz. Ongi etorri, Patxi!

    Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 3 iruzkin

    Egunkariako auzipetuak

    Gaur nire gogoa Madrilera doa, Euskaldunon Egunkariako auzipetuengana. Besarkadarik beroena Txema Auzmendi, Xabier Oleaga, Martxelo Otamendi, Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria eta Pello Zubiriari.

    Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

    e-gor blog

    Igor Leturia mondragoetarrak blog bat sortu du, e-gor blog, eta hor batez ere idatziko du komikien gainean eta informatikari buruz, horiek dira-eta bere zaletasunik handienak. Igorrek eibar.org -en plataforma erabili du bloga egiteko. Ongi etorri, Igor!

    Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

    Gure aita abadea da, eta zer?

    Elkar argitaletxeak bilduma bat du, Eta Zer? izenekoa, zoragarria nire ustez. Etxean zazpi ale baditugu, baina gehiago ere uste dut badirela. Guri behintzat, izugarri gustatzen zaizkigu liburu hauek, zortzi urtetik gorako neska-mutikoentzat eginak. Liburu bakoitzean jorratzen da arlo bat, problematikoa izan daitekeena zenbait haurrentzat: gizentasuna, erremerrea, betaurrekoak, langabezia…, beti ere alde positibotik jorratu ere. Istorioak politak dira, eta lasaigarriak oso, arazo horiek dituzten haurrentzat.

    Hona hemen orain arte kaleratutako zenbait izenburu:

  • Potoloa Naiz, Eta Zer?
  • Niri Ez Zait Futbola Gustatzen, Eta Zer?
  • Nik Erremerre Hitz Egiten Dut, Eta Zer?
  • Nire Aita Etxekoandrea Da, Eta Zer?
  • Honelakoxea Da Nire Arreba, Eta Zer?
  • Nik Eserita Egiten Dut, Eta Zer?
  • Beldurtia Naiz, Eta Zer?
  • Betaurrekoak Ditut, Eta Zer?
  • Arreba Txiki Bat Dut, Eta Zer?
  • Etxe Bitan Bizi Naiz, Eta Zer?
  • Txakurra Daukagu Etxean, Eta Zer?
  • Idatzi ere, primerako idazleek idatzi dituzte: Anjel Lertxundik, Andoni Egañak eta Arantxa Iturbek, besteak beste. Opari polita izan daiteke Gabonetarako. A, eta artikulu honen izenburua, oraindik idatzi gabeko liburu bati dagokio, eta baliteke inoiz ez idaztea.

    Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

    Gure batzokia

    Oier Araolaza zur eta lur dago nola Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak eman dion Athletic-i 360.000 euro inguru, Euskadi hitza eramatearren elastikoan, UEFAn jokatzen duen bitartean.

    Ni bat nator Oierren harriduraz, kontuan hartuta, gainera, azken bospasei urteotan Athleticek iruzur egin diola Haziendari, eta ez dituela denon diru kutxan sartu hainbat milioi. Horrela zigortzen ditu Eusko Jaurlaritzak iruzurleak?

    Ematen du batzoki handi batean bizi garela, eta hor afiliazioak inportanteagoak direla zuzentasuna baino.

    Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina