From Milwaukee

Jon Larrañaga mondagoetarra da eta 23 urte ditu. Enpresa ikasketak egin berritan ESTEn, Donostian, aste honetan bertan, asteartean, hegazkina hartu eta Milwaukee-ra joan zen, han urtebete egingo du-eta ikasten, Marquette Unibertsitatean.

Iritsi bezain laster blog bat sortu zuen, From Milwaukee, eta harrezkero egunero idatzi du zerbait blogean, nola doazkion gauzak Minessottako bazter hotz hartan. Seguru nago ikasle askok gustura jarraituko dituztela Jonen gorabeherak yankilandian, eta ikasle ez garenon artean ere segizio ona izango duela.

Nik, gainera, badut beste motibo bat Joni irakurtzeko, haren osaba naiz-eta. Besarkada handi bat, Jon, eta eutsi goiari!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 3 iruzkin

Blogarion beldurrak

Hemen nabil ni, egunero mezuren bat idazten blog honetan, baina inork irakurtzen ote du? Merezi du ahaleginak? Horrelako galderak normalak dira blogarion artean, eta atzo Igor Leturiak hausnarketa polita egin zuen horren inguruan bere blogean, kontuan hartuta euskal blogosfera. Ahal baduzue, irakurri.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Pello Zabala

Urtarrilaren 1az gero Pello Zabalak utzi egin ditu eguraldi kontuak Euskadi Irratian. Pena hartzen dut, urte hauetan gauza asko ikasi baititut eguraldiaren gainean, eta denak Pellori esker. Ikasi ere, ikasi ditut modu patxadatsuan, berari dagokion moduan, eta euskara ederrean.

Atzo ikusi nuen Pello ETBn, eta pozik sumatu nuen eguraldi kontuetan erretiroa hartu duelako. Hala ere, jakina baita Pello EHKME Fundazioko kidea dela, zalantza geratzen zait ea erretiratzeko erabakian zerikusirik izan duen Euskalmet erakundearen jarrerak, zeinek aurrerantzean goitik behera kontrolatuko baitu eguraldiaren gaineko informazioa EITB taldean.

Elkarte pribatua izanda, EHKME Fundazioak baimena ematen du, feed bidez, bere webguneko informazioa zabaltzeko. Goiena.net-ek eta Uztarriak ederki aprobetxatzen dute aukera hori. Euskalmetek, berriz, erakunde publikoa bera, abisu larri hau dauka bere webgunean: “Debekatuta dago informazio hau, osorik nahiz zati bat, beste inon berariazko baimen idatzirik izan gabe sartzea”. Jarrera deitoragarria, eta kontraesan garbian erakundearen izaera publikoarekin.

Baina Pellorengana itzuliz, eskertu nahi diot orain arte egindako lana, eta urte emankorrak izan ditzala hemendik aurrera.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 11 iruzkin

TinyURL

Aurreko batean aipatu nituen lau programa, aldatu dutenak nire lan egiteko modua. Geroago, baina, konturatu naiz Gari Araolazak esaten zidala erantzun batean TinyURL ere horien artean sartzeko. Eta arrazoi du, zeren programa hori erabili baitut inoiz baino gehiago 2004an, baina, ez dakit zergatik, ahaztu egin zitzaidan aipatzea.

Badira URL batzuk oso-oso luzeak, Berria egunkariaren albiste askorenak esate baterako. Eta hori oztopo izan daiteke lotura bat egin nahi denean, edo posta elektronikoan pegatzeko, lagunek-eta klik egin dezaten hor. Horrelakoetan bi irtebide eskaintzen ditu TinyURL programak

  • Kopiatu URL luze hori, joan TinyURLra, pegatu helbidea orrialdearen erdian dagoen leihoan eta klik egin “Make TinyURL” botoian. Instant batean, TinyURL-k URL laburtxo bat egingo du, eta berau edonon pega daiteke.
  • Sortu norberaren nabigatzailean TinyURL-ren ikono bat. Horretarako, TinyURLren webgunean zaudela, klik egin ezkerreko zutabean “make toolbar button” loturan, eta eraman TinyURL lotura nabigatzailearen barrara. Nabigatzailearen barran ikono bat agertuko da, TinyURLri dagokiona. Hortik aurrera, zaudenean orrialde interesgarri batean, baina URL luzea duena, klik egin TinyURL-ren ikonoan, eta zuzenean egingo dizu URL laburra.
  • Nik behin eta berriro erabiltzen dut TinyURL, eta pozik nabil beronekin, gauzak errazten dizkidalako.

    Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

    Gore-tex

    Banuen Gore-tex enpresaren berri, 1984an irakurri nuenetik AEBetako 100 enpresa onenen artean zegoela, bertan lana egiteko. Orain, berriz, Fast Company aldizkariak AEBetako enpresa berritzaileentzat hautatu du.

    Hori dela eta, aldizkariak artikulu interesgarri bat dakar, eta hor aztertzen du enpresaren historia etra tradizio berritzailea. Irakurtzeko modukoa.

    Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 4 iruzkin

    Bertsolari

    Harreman berezia dut bertsolaritzarekin. Ez dut bertso zaletasunik, eta ez dut horretaz ulertzen. Hala ere, liburu dezente irakurri ditut bertsolarien gainean, baina prosaz idatziak.

    Halaber, esku artean erortzen zaidanean Bertsolari aldizkaria, gustura irakurtzen dut. Beronen azken alean elkarrizketa egiten zaie hainbat bertsolariri, nola igarotzen zituzten Gabonak haur denboran. Eta gauza interesgarriak isurtzen dituzte bertsolariok.

    Bertsozale elkartearen aldizkariak formula ona aurkitu du, eta aletik alera bertsolaritzaren inguruko ikuspegi berezi bat eskaintzen digu. Testu argiak ditu, argazki onak, eta tamaina egokia. Niri, behintzat, balio dit.

    Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

    Putaxio

    Sasoi batean ba omen zen Bermeo aldean morroi bat xelebre samarra, eta zeritzan Iñaxio. Baina nola ohitura zuen putetxez putetxe ibiltzeko, denek deitzen zioten Putaxio.

    Bermeon ez ezik, Arrasaten ere putaxio asko zebilen garai batean, batez ere gu baino mutil zaharragoen artean, zeinek desiratzen egoten baitziren noiz bilduko hogerleko batzuk, Bilbora joan eta Cortesetan barrenak husteko.

    Orain dela gutxi jakin izan dut San Klaus ere kasta horretakoa dela, Gabon hauetan behintzat egunero ikusi dutela Erletxetan putetxe bateko balkoian gora eta behera. Hark ere, kamioizaleek nola, zelanbait askatu behar barrenak Ipar polotik urrun dabilenean.

    Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

    Explorer

    Luistxok arrazoia du: Internet Explorer erabat zaharkituta dago, Mac OS 9.0 sistemarekin dabilena behintzat, bai. Nik horrelako nabigatzaile bat erabili dut 2000. urtean iMac bat erosi nuenetik.

    Orain dela gutxi arte oso ondo ibili naiz Explorer-ekin, baina azken urtean arazoak izan ditut, gero eta arazo gehiago, zenbait webgune gustuko behar bezala ikusi eta erabiltzeko. Arazoak izan ditut del.icio.us-ekin, arazoak Blogger-ekin, arazoak Bloglines-ekin… azken aldi honetan asko erabiltzen ditudan plataformekin. Horregatik erabaki dut ordenagailu berria erostea.

    Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

    Ordenagailu barik

    Egun hauetan ordenagailu barik nabil. Berria erosi dut, PowerBook bat, baina lagun bati eraman diot, egunean jarri eta zaharretik gauzak alda ditzan: dokumentuak, helbideak, etab.

    Hori dela eta, zaila dut egunero Faroan idaztea. Horretarako lagunen ordenagailuak erabiltzen ditut. Gaur, esaterako, arrebaren etxetik ari naiz hau bidaltzen.

    Mirenekin batera igo naiz ordenagailua duen gelara, eta hementxe nabil artikulua idazten. Mireni izugarri gustatu zaio Bloggerren tripak ikustea, nola idazten dudan artikulua, nola kopiatzen dudan Bloggerren, nola egiten ditudan loturak, eta nola argitaratzen dudan.

    “Aita, esan niri esker idazten ari zarela artikulu hau, nik lagundu dizut-eta ordenagailua piztu eta martxan jartzen”, esan dit Mirenek, eta nik esandakoa egin. Ea bihar nondik idazten dizuedan. Ondo segi.

    Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

    Boot

    Nork ez dio, noiz edo behin, ostikada bat eman kafe makinari, dirua sartuta kaferik ematen ez duelako? Edo aspaldian tabernan musika jogailuari, ez zebilenean?

    Antza denez, ordenagailuen garai jurasikoan ere, trastoa ez zebilenean, garrantzitsua omen zen leku egokian ostidaka on bat ematea makinari, berau lanean has zedin. Eta badirudi langintza horretarako botak erabiltzen zirela, boot direlakoak.

    Horregatik, lehen izen bat zena, boot, gero aditz bihurtu zen ingelesez, to boot, ordenagailuari ostikada on bat ematea botekin, lanean has zedin. Gaur egun esan nahi du “ordenagailua piztu”.

    Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1