Ezkur urte, elur urte

Ez dakit aurten ezkur urtea izan den, baina badirudi elurra sendo izango dugula, iragarpenak betetzen badira, behintzat. Atzo, EtnoMet-EtnoAroa bloga irakurriaz batera, esaldi hori etorri zitzaidan gogora, izenburukoa, zerrendan agertzen ez zelako, beharbada. Bidenabar, Bloglines albiste biltzailearen bidez harrapatzen dut EtnoMet-EtnoAroa, eta gustura irakurtzen.

Kuriosoa da, baina gaztelaniaz ere ezkurrak eta elurra lotzen dira inoiz, grazia handiz, gainera: año de bellotas, nieve hasta las pelotas.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Anne Franken egunkaria

Joan den asteko egun batean erosi, eta atzo bertan hasi naiz irakurtzen Anne Franken egunkaria. Euskarazko itzulpena Josu Zabaletak egin du, eta Erein argitaletxeak kaleratu.

Aspaldi nuen liburu hori irakurtzeko gogoa, are eta aspaldiago ikusia bainuen berorren gaineko filma. Konstatazio bat: konturatzen naiz oso antzeko ariketak direla egunkaria eta blog pertsonala egitea, nahiz eta lehena, printzipioz, pribatuagoa izan daitekeen.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Atxagarekin pasieran

Gaur Bernardo Atxagaren liburu bat grabatu dut gure iPod txikian, Hitz beste eginez, garai batean Atxagak Herri Irratian egindako irratsaio sorta laburra, eta Pamiela argitaletxeak argitaratua Phonogauzak bilduman. Eta horrela irten naiz paseatzera, Atxagaren konpainian. Lehendik ere entzuna nuen disko hori, Valdecillan izan nintzenean hezur-muinaren transplantea egiten, nirekin eraman bainuen bakargelara.

Esperientzia primerakoa izan da: bikain entzuten zen, eta benetan gozatu dut, Atxaga kontalari bikaina delako. Nafarroako erresuman barrena eraman nau, Paris eta Akapulkotik igarota; barre eragin dit, eta baita zer pentsaturik ere.

Hurrengo batean, ordea, saio guztiak segidan entzun partez, tartekatu egingo ditut musikarekin, astia izan dezadan entzundakoaren mamia hausnartzeko.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Martin

Ostiral ilunabarrak jai giroan igarotzen ditugu etxean, eta Miren ohi baino beranduago joaten da ohera, aprobetxaturik larunbatean ez duela eskolarik. Behin baino gehiagotan, pizza edo horrelako plater bereziren bat prestatzen dugu, eta telebistaren aurrean jan, Bertatik Bertara eta Martin telesaila ikusten ditugun bitartean. Badakizue: “telebista elkarrekin ikusten duen sendiak betiko batasunean iraungo du”.

Martin bera ezinbesteko plater bihurtu da ostiralero, eta ez da harritzekoa: laburra da, dibertigarria, ondo egina, eta ondo antzeztua. Esango nuke, gainera, gidoiak idazten dituenak oso ondo ezagutzen dituela pertsonaiak eta, hedapenez, pertsonaia horien adineko jendea. Alegia, gu.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 3 iruzkin

Liburua, otsailerako

Azken orduko zuzenketak egin, azala erabaki, eta azalarekin batera joango diren testuak osatuta, nire liburua —Medikuak esan dit minbizia dudala— prest dago, eta datorren astelehenean moldiztegira joango da.

Atzo iluntzean Xabier Mendiguren Elizegik deitu zidan, editoreak, eta esan zidan liburua aurkeztuko dela otsailean; uste baino hilabete lehenago, beraz. Hiru aurkezpen egingo dira: lehenengo biak —Donostian eta Arrasaten— egun berean; eta hirugarrena, bi egun geroago, Elorrion. Datozen egunetan zehaztuko dugu gehiago.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Sagua

Sagua erosi dut, ordenagailu eramangarrian erabiltzeko. Logitech Pilot markakoa da, alboetan botoi bana du, eta erdian gurpil txiki bat. Alegia, PCetan erabiltzen diren horietako bat. Atzo gauean probatu nuen, eta oso ondo dabil.

Beharbada zuetariko norbaitek galde lezake nolatan erosi dudan era horretako sagu bat mac batean erabiltzeko. Erantzuna erraza da. Lanean PC bat daukat, eta ohitu egin naiz sagu horiekin.

Gurpila izugarri praktikoa iruditzen zait, batik bat Interneten nabigatzeko. Gurpil horri esker, hatzamarra lasai pausatzen da saguaren gainean, inolako tentsiorik gabe. Macintoshen, berriz, nola ez daukan horrelakorik, alboko barrari eragin behar zaio orriak irakurtzeko, pantailaren eskuinean; horretarako sakatu egin behar da etengabe sagua, eta horrek sekulako tentsioa eragiten du hatzamarrean, eskuan eta besoan.

Asko nabigatzen dudanez, erabaki nuen hobe nuela ergonomia zaintzea, nahiz eta nagusiki hatzamarrari dagokion. Adin batetik aurrera, zaindu egin behar.

Eta mezu hau errepasatzen ari naizela, galdetu diot nire buruari zer esango zukeen nire aitonak esango baliote Joxek, nabigatu bitartean, saguekin egiten duela lan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Euskara ona

Argia astekariak elkarrizketa egin dio azken alean Ibon Sarasola hizkuntzalariari, eta hor Ibonek hitz egiten du euskararen inguruan, eta batik bat euskararen kalitateaz. Horrela definitzen du euskara ona:

Euskara ona da betiko ildoari jarraitzen diona. Guk ezin dugu hitz egin gure gurasoek, eta are gutxiago, gure aiton-amonek bezala, baina ildo berean segitu beharko genuke, ez ildoz aldatu. Aldatu aldatu behar dena, baina hizkuntzaren barrutik, nolabait. Euskara ona hori da, betidanikoa gaurko premietara egokitua. Euskara txarra da ildo horretatik atera eta horren ordez, ez osatzeko, horren ordez baizik, erdarazko esapideak, (hitzak… hor konpon) esaldiak egiteko sistemak-eta erabiltzen dituena.

Ez dakit definizioa oso zientifikoa den edo ez, baina niri balio dit. Uste dut kontuan hartu beharko genukeela.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 3 iruzkin

ETAren ordua

Zerbait egosten ari da hor atzean. Edo hori ematen du, azken gertakariak ikusita. Eta, aspaldiko partez, ondo ikusten dut Batasuna. Ez naiz sartuko epaitzera egin duena egin ote duen sokabilurra lepoaren bueltan sentitzen zuelako, edo bere kabuz. Ez dut uste hori denik inportantearena orain.

Kontua da Batasunak beste tonu bat berreskuratu duela, askoz ere egokiagoa bake bidean abiatzeko. Eta irudipena dut ZP ere halatsu erantzuten ari dela, aterik itxi barik. Orain ETAren ordua iritsi da, armak alde batera uzteko ordua; bestela, nekez egingo dugu aurrera.

Zenbat ordu faltako ote dira meniarako?

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Haririk gabeko sarea

Asteburu honetan ekarri dizkigute ordenagailuak, eta haririk gabeko sarea ipini dugu etxean, Wi-fi delakoa. Beraz, Mirenen eta nire ordenagailuak lotuta daude, eta biok erabiltzen dugu orain Internet, router bakarra baliatuta.

Lagun batek egin digu lan guztia: ordenagailu zaharreko informazioa txukun-txukun pasatu berrira, zenbait programa instalatu (Firefox, Thunderbird…), eta sarea antolatu. Orain guri tokatzen zaigu, Mireni eta bioi, bakoitzak bere ordenagailua nola dabilen ondo ikastea.

Arazoak
Hasi bezain laster aurkitu ditut lehen arazoak. Bloggerren sartu naiz, handik Farora joateko asmotan, baina dena txineraz agertu zait. Arrazoia? Mac OS X sisteman euskara dudalako lehenetsita. Hori aldatu, eta dena betiko moduan, hau da, ingelesez edo gaztelaniaz.

Bloggerren bertan, Safaritik sartzen banaiz, ez daukat aukerarik testua barrutik editatzeko modu automatikoan: letra beltzak, italikoak, aipuak, etab. Firefox erabiliz gero, berriz, arazorik ez.

Atzoko eta gaurko mezuak ordenagailu berritik sartu ditut. Ia hiru aste ordenagailu barik egonda, espero dut aurrerantzean erosoago ibiltzea mezuok faroratzeko.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 4 iruzkin

Koipe

Gaur Alvaro Gonzalez de Galdeano txirrindulari ohiari entzun diot Radio Euskadin. Javier Vizcaínorekin hitz egiten ari zen, bizikleta utzi ondorengo bizimoduaz. Pello Ruiz Cabestanyren kastakoa da Alvado, komunikatzaile ona, eta ez da harritzekoa Campagnolo etxeak fitxatu izana saltzaile lanak egiteko.

Alvaroren aitona ere horrelakoxea zen, hitz errazekoa eta atsegina, eta, gainera, soinujolea izanik, saltsa guztietako burduntzalia. Joxe zuen izena, eta Aranzabal deitura. Aretxabaletan jaioa zen, Zaloña baserrian, baina gaztetan Narbaxako neska batez maitemindu, eta hara ezkondu.

Bai Araban eta baita Gipuzkoan ere, mundu guztiak deitzen zion Joxe Koipe Alvaroren aitonari. Narbaxan ireki zuen tabernak ere Koipe-enea du izena. Alvaro eta Igor anaiak ere koipetarrak dira. Aupa Koipe!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina