Euskara ona

Argia astekariak elkarrizketa egin dio azken alean Ibon Sarasola hizkuntzalariari, eta hor Ibonek hitz egiten du euskararen inguruan, eta batik bat euskararen kalitateaz. Horrela definitzen du euskara ona:

Euskara ona da betiko ildoari jarraitzen diona. Guk ezin dugu hitz egin gure gurasoek, eta are gutxiago, gure aiton-amonek bezala, baina ildo berean segitu beharko genuke, ez ildoz aldatu. Aldatu aldatu behar dena, baina hizkuntzaren barrutik, nolabait. Euskara ona hori da, betidanikoa gaurko premietara egokitua. Euskara txarra da ildo horretatik atera eta horren ordez, ez osatzeko, horren ordez baizik, erdarazko esapideak, (hitzak… hor konpon) esaldiak egiteko sistemak-eta erabiltzen dituena.

Ez dakit definizioa oso zientifikoa den edo ez, baina niri balio dit. Uste dut kontuan hartu beharko genukeela.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

3 erantzun Euskara ona-ri

  1. egilea: Jesus Rubio

    Kaixo Joxe: Interes handiz irakutzen ditut zure pentsakizunak gain euskararen kalitatea, baita I. Sarasolarenak ere. Kasu honetan, uste dut ezen erratuta zaudete, bai bata bai bestea. Ez dut ulertzen hau: “Aldatu, aldatu behar dena, baina hizkuntzaren barrutik”. Zein da hizkuntzaren barru hori?, ez al dator hizkuntzaren barrutik honako hau: “Olaizola II kontra Barriola”? edo “guztiak kontra Barriola”? Eta, “guztiak salbu Barriola”? Azken hau bai?. Hitzetan, … hor konpon? eta esaldiak egiteko sistemetan ez? Hau da: erabil dezakegu “kontra” afin esan “aurka”, baina ezin dugu kokatu “kontra” berdin ere nola kokatzen baita “salbu”. Zergatik? Nola egokitzen da “betidaniko” ildoa gaurko premietara? Zer esan nahi du horrek? Egitura ezin dela ukitu? Eta egituran badago gaurko arazo komunikatibo nagusia? Hitz politak dira, baina praktikan dakarten ondorio bakarra da inmobilismoa, inmobilismo hilgarria. Euskara ona ez da “betiko ildoari jarraitzen diona”. Hori da “betiko” euskara, zein, gaur egun, guztiz gaindituta gelditu baita (ikuspuntu komunikatibotik ari naiz). Gustatuko litzaidake ezagutzea zure iritzia. Jesus Rubio

  2. egilea: Joxe Aranzabal

    Ongi etorri Farora, Jesus. Nik ere gustura irakurtzen ditut zure iritziak, baina ondo egingo zenuke alderatuko ez bazenitu nire usteak Ibon Sarasolaren iritziekin. Ni euskararen erabiltzaile hutsa naiz, eta Ibon, aditua. Nire iritzia eskatzen didazu, eta emango dizut, baina garbi esanda ez dudala bat ere asmorik eztabaidatan sartzeko. Zure liburua kaleratu zenean esan nuen bat nentorrela zurekin esaterakoan gaur egungo euskarak komunikazio arazoak dituela. Aitzitik, ez nator bat proposatzen duzun bidearekin, ikusten baitut bide horrek ere komunikazio arazoak sortzen dituela, erabat hausten duelako, braustakoan, gure nagusiengandik jasotako moduarekin. Nik irakurtzen badut hitz egin behar dugula “gain euskararen kalitateaz”, berehala pizten zait semaforo gorri bat, eta hortik aurrera ez dut berdin irakurtzen. Gauzak behin eta berriro leitu beharko ditut, ziurtatzeko ez dudala ezer galtzen. Ordea, hartzen baduzu, “Nire aitaren fusila”, liburu bat Juan Kruz Igarabidek euskaratua, konturatuko zara hor ez dagoela komunikazio arazorik. Di-da batean irakurtzen da, ondo idatzita dagoelako. Ez dut zalantzarik hori betidaniko euskara dela, eta gaur egungoa. Luze joko luke orain esateak zerk egiten duen kale gaur egungo euskaran; horretarako zuk liburu bat behar izan zenuen, eta nik hemen ez dut ez lekurik, ez denborarik bide horretan abiatzeko. Soilik esango dizut zuk proposatzen dituzun hainbat irtenbide oso zailak direla orain, besterik gabe, onartzeko, hautsi egiten dutelako gure literaturaren tradizioarekin. Ez dut esango inoiz ez direla onartuko, baina bai, onartzekotan, denbora dezente beharko dutela, era horretako aldaketak jeneralean oharkabean etortzen baitira. Eta askotan, gutxien uste dugun lekutik. Besarkada bat.

  3. egilea: gazte bilbotarra

    Ni ez naiz aditua, gaztea naiz, bilbotarra, euskalduna ahal dudan neurrian. Agian nire euskara maila ez da zuzena gramatikalki, agian erderakadaren bat esan dezaket noizbehinka, baina komunikatzeko gai naiz. Hori bai, euskaraz komunikatzea erderakadak tartean direlarik benetan euskaraz komunikatzea ote den planteatu beharko genuke… eta ez, ez naiz lotsatzen euskeraz mintzatzean, baina ez da erraza bizkaitarrez egiten duen baten alboan batuaz hitzegiten jartzea, eta honekin esan nahi dudana da, herrietan soltura gehiagorekin egiten dela. Ez dakit honi buruz zer pentsatuko duzuen baina batzuetan gazteon iritzia eskatzea ez litzateke ideia txarra izango…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude