Camilla

Hasieran susmo txarra hartu nion: arratsalde erdian, bilera batetik irten eta tabernan Let it be abestia entzun nuen, botilatxo bat ur erosi bitartean. “Bai polita abestia, ezta?”, esan nion Amaiari. Eta horrela itzuli nintzen bilerara, Mendeberri proiektuaz gehiago jakitera.

Zazpiak laurden gutxitan, berriz, beribilean sartu, eta berriro Let it be, oraingoan Euskadi Irratian. Eta orduan pentsatu nuen: “Ea Paul McCartney hil den”. Baina ez, atzokoan ez zen bete susmo txarra. Antza denez, abesti hura aukeratu zuten iragartzeko Camilla Parker Bowles ezkondu egingo dela Galesko printzearekin, Charles dontsuarekin.

Eta, ez dakit zergatik, gogoratu nintzen Shrek filmarekin, ogro onbera ezkondu zenean Fiona printzesarekin. Eta Charlesekin berarekin, zeinek, maitasun itsuaren mende erabat, aitortu baitzion Camillari tampax bat izan nahi zuela, bere amorantearengandik hurbilago sentitzeko. Let it be.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Orbea

Joan den astean Mallabian izan ginen, Orbea enpresa bisitatzen, Humanitateak-Enpresako ikasle batek han egingo baitu karrera amaierako proiektua. Orbeak bizikletak egiten ditu. Era guztietako txirrinduak.

Harrituta geratu nintzen, entzun nuenean Orbeak orain 160 urte sortu zela, Eibarren. Artean, baina, arma laburrak egiten zituen, pistolak-eta. Bi mundu gerren artean, berriz, krisialdi gogorra igaro, eta orduan hasi ziren bizikletak egiten, armagintzako beste hainbat enpresak egin zuten bezala Europan.

Urte luzetan, Orbearen bizikletak merkaturatu ziren logo zaharra zutela: bi pistola gurutzatuta, Orbea izenarekin.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 3 iruzkin

Patxitrapero

Egunero harritzen nau Patxitraperok bere blogean. Sekulako etorria du, irudimena, eta idazteko erraztasuna. Berari esker, Urretxuko eta Zumarragako pertsonaia askoren berri dugu. Atzoko mezuan, adibidez, Maite Berasategi eta Joxe Jauregi elbarri kementsuen kasua kontatu zigun, berriemaile askok beretzat nahiko luketen graziarekin.

Patxitrapero blogari petoa da, eta argi berezia ematen dio euskal blogosferari. Besteok ere gustura hartuko genuke hari darion energia eta umorea.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Skype

Herenegun, jakin bezain laster eskuragai zegoela Skype programa mac-entzat (aurretik beta bertsio bat zegoen), jaitsi eta instalatu egin nuen. Atzo, berriz, estreinatu.

Jon Larrañagak deitu zidan Milwaukee-tik, gure lobak, eta ordu erdi-edo egin genuen telefonoz hitz egiten, xoxik ere ordaindu barik, horixe baitauka Skypek: doakoa da, eta ordenagailutik ordenagailura deituz gero, ez du kosturik. Horrek eskatzen du alde bietako ordenagailuek Skype edukitzea. Badago, ordea, beste modalitate bat: SkypeOut, eta hori erabiltzen da ordenagailutik etxeko telefono normal batera deitzeko. Kasu horretan, norberak erosi egiten du denbora: adibidez, 20 euro. Eta diru horrekin, dei mordoa egin daitezke, eta denbora luzez.

Bi modalitate horiek merezi dute, lehena doakoa baita, eta bigarrena oso-oso merkea. Ordenagailutik sakelako telefonora, ordea, ez deitu, oso garestia da-eta. Jon AEBetara joan zela-eta, bost anai-arrebetatik lauk dagoeneko erabiltzen dugu Skype, batez ere lobarekin hitz egiteko. Baina baita gure artean berba egiteko ere.

Skypekin batera, eta aldi berean, erabiltzen dugu Messanger programa. Horri esker, eta kamera txiki baten laguntzarekin, hitz egiten dugunok pantailan agertzen gara. Beraz, Skype eta Messanger uztartuz gero, emaitza da bideo konferentzia. Eta hori guztia, musutruke, Messanger ere doakoa baita (Yahoo!, AOL zein Microsoft aukeratu).

Senide edo lagunen bat duzuenok etxetik urruti, ez itxaron gehiago, eta jaitsi Skype. Erosi kameratxo bat, eta mikro sinple bat, eta gozatu.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Egutegi elektronikoak

Asteburu honetan hainbat proba egin ditut iCal egutegi elektronikoarekin. Konturatu naiz aukera dudala programa horrekin nahi adina egutegi egiteko: praktika eta proiektuen gainean, fakultateko lan egutegia, ospitalera egin beharreko hitzorduena…

Ohartu naiz, halaber, egutegi bat partekatu egin daitekeela beste lagun batzuekin. Hori taldetan egin daiteke, hainbat pertsona lanean dihardutenean proiektu berean. Horrela, taldekide guztiak jakinaren gainean egon daitezke proiektuak ezartzen dituen epe eta mugarriez. Gainera, jakin dut Mozilla fundazioak Sundbird programa kaleratu berri duela, egutegi elektronikoak egiteko hain justu.

Beraz, datozen egunetan sakondu egin behar dut egutegi elektronikoen inguruan, beronei ahalik eta etekin handiena ateratzeko.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Ama

Gure amak 88 urte bete ditu orain dela gutxi. Hori dela-eta, gaur familia bazkari bat egingo dugu amaren omenez. Hemezortzi lagun elkartuko gara Esteñibar baserrian, Elorrion, amak izugarri gozatzen baitu baserri giroa.

Jende asko gara, eta horrelako bazkari bat prestatzeak buruko min handiak ekartzen dizkionez etxekoari, catering enpresa bati enkargatu diogu bazkaria. Guk mahaia prestatzea besterik ez dugu egingo. Eta bapo jan. Zorionak, ama!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Ni Mondragoen jaio nintzen

Goiena.net-en irakurri dut Euskaltzaindiak ez duela onartu Mondragoe izena Gipuzkoako Herri Izendegian. Orain urte dezente, ostera, Arrasate eta Mondragoe, biak, onartu zituen euskal izen jatortzat.

Egia esan, Euskaltzaindiaren Onomastika batzordeak erabaki hura hartu zuenean, mondragoetarron artean askoz ere erabiliagoa zen Mondragoe Arrasate baino. Nire inguruko euskaldun zahar guztiek Mondragoe deitzen zioten gure herriari. Ni ere Mondragoen jaio nintzen; beraz, mondragoetarra naiz.

1988ko abenduaren 2an Arrasate Press herri aldizkariaren lehen alea atera genuenean, editorial moduko bat idatzi genuen, Kaixo Arrasate, eta han apropos idatzi genuen Mondragoe izena, hura ere geuretzat jotzen genuelako:

AEDren eskutik plazaratzen gara, Mondragoeko udalaren laguntza ezin hobeari esker.

Orain, berriz, Euskaltzaindia dator, eta esaten du ez duela ontzat hartzen Mondragoe. Ez dut pitorik ulertzen, eta eskertuko nioke euskal akademiari lagunduko balit konprenitzen zergatik hartu duen erabaki hori.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 3 iruzkin

Geek euskaldun bat

Gari Araolaza lagun eibartarrak bloga estreinatu du, Teknosexua. Anjel Lertxundik idatzitako zutabe batek akuilatuta aukeratu zuen blogaren izena. Eta zutabe hartan aipatzen zen iPoden iragarkietako estetika erabili du bloga janzteko, baina bere silueta erabilita horretarako. Efektua oso polita da.

Gari ingeniaria da, eta abila oso teknika kontuetan, edo beste modu batean esanda, geek euskaldun bat. Baina ez pentsa Garik teknikaz bakarrik dakienik, ez horixe; gure egunotako Leonardo bat da, eta sekulako kazetaritza sena du. Gozoa da, gainera, eta izugarri iaioa giza harremanetan.

Garik gauza asko erakutsi digu blogintzaren gainean, eta ikusi duenean bere ikasleok hasi garela blogak lantzen, orduan, eta orduan bakarrik, eraiki du berea. Zorionak!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Pruden

Hau bolada eskasa! Atzo Pruden Arratibel laguna hil zen. Antza denez, ospitalean zegoela miaketa medikua egiten, bihotzekoak eman, eta gorpu geratu zen, medikuek-eta ezer egin ezinik.

Hitzaro programan lankide izan ginen Pruden eta biok, Euskal Telebistan. Han denetik egiten zuen berak: kameralari, muntatzaile, errealizatzaile… Eta dena gogotsu eta umore onez.

Arantzazun ikasia zen gaztetxotan, eta orduak egon zitekeen hango kontuak kontatzen: Gandiaga zela, Oteiza zela, hango hozpelak neguan…, eta norbera aspertzen ez hari entzuten. Hitzaro utzita, birritan elkartu nintzen berarekin, ezustean, Donostian eta Arrasaten, eta bai poz handia hartu genuela biok ere!

Pruden, adiskidea, betiko izango haiz nire gogoan. Emazteari eta alabei, patxo handi bana. Maitasunez.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Ivan Noble hil da

Ivan Noble astelehenean hil zen, 37 urte zituela. Alarguna eta bi seme-alaba utzi ditu. Ivan Noble kazetaria zen BBCn, eta hango albiste zerbitzuetan idazten zuen zientziaz eta teknologiaz. 2002an tumor bat aurkitu zioten buruan, eta harrezkero bere blogean idatzi zituen bere gaixotasunaren gorabeherak. Irakurle asko izan ditu Ivanek urte horietan, mundu guztikoak, eta irakurle horiek mezu hunkigarri asko bidali diote. Joan den igandean, berriz, azken mezua utzi zigun, akituta, itxura batean.

Aurretik ez nuen Ivanen berririk, eta horregatik, hainbat artikulu irakurri ditut harenak, patxadaz. Eta harritu egin naiz, zelango kointzidentziak ditugun sentipenak adierazteko orduan. Ivanek oso ondo idazten zuen, eta zehatza zen, oso, egoerak deskribatzerakoan. Igartzen da zientziaz idazten zuela.

Hasi ere, ia batera hasi ginen: Ivanen lehen artikulua izan zen 2002ko irailaren 12koa; nire lehena, ostera, urte hartako irailaren 15ekoa. Hiru eguneko aldea, beraz.

Gaur bertan, artean ez nekiela hilik zegoela —Ivan astelehenean hil baitzen BBCren arabera—, erantzun bat bidali nion, ingelesez. Hauxe da:

On September 11th, 2002, I was found to have a Pholicular Linphoma, a kind of cancer that appears in the blood. A couple of days later, I started writing what was to become a series of articles in Sustatu.com, a collective blog with information in Basque language, where I narrated in 17 chapters all the circumstances surrounding my illness. It took a couple of years to get back to work, at Mondragon University. The 22nd of this month I will publish a book (The Doctor Told Me I Had Cancer), a compilation of all the articles written for Sustatu. When we present the book, I will have you in mind. Be strong.

Sentitzen dut lehenago ez jakin izana zure berri, Ivan. Baina eskerrak eman nahi dizkizut utzi diguzun lekukotasun ederrarengatik. Eskerrak, orobat, Juleni, Luistxori eta Begoñari, haren berri eman zenidatelako.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 5 iruzkin