Euskaldunon Egunkaria

Atzo asmoa nuen Andoainera joateko, parte hartzera ekitaldi batean Euskaldunon Egunkariaren alde, baina azkenean, gauzak okertu, eta ezin joan. Benetan sentitu nuen, orain bi urte ere agertu ezinik geratu bainintzen ohean.

Hala ere, faro hau aprobetxatu nahi dut nire elkartasuna adierazteko Euskaldunon Egunkarian akusatutako lagunei. Zorrotz jarraitu beharko dugu kasu hori komunikazioaren esparruan gabiltzan guztiok, ez badugu ikusi nahi euskaldunon adierazpen askatasuna erabat zapalduta. Besarkada handi bat inkulpatutako guztiei.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

18/98 +

Atzo Kursaalen izan nintzen, Donostian. Hara joan ginen 18/98 + taldeak deituta, babesa eskaintzera berrehundik gora inputatu euskalduni, zein Espainiako Audientzia Nazionalak akusatu baititu ETArekin nahastuta, eta legea bera urratuta kasu askotan.

Aretoa beteta zegoen, eta ekitaldia ondo antolatua, hiru berbaldi nagusirekin, luzeak nire iritzirako. Musika ere izan genuen, eta Txoria Txori abestu zutenean, Joxanton Artzeren kanta zoragarria, oilo ipurdia azaleratu zitzaidan.

Jose Mari Elosuak, Maite Aristegik eta Mariano Ferrerek esandako hitzek egiaztatu zidaten zer tamainatako bidegabekeria antolatu den Madrilen, era guztietako disidentzia ezabatzeko, beti ere legearen izenean, legea bera urratuta bada ere. Eta, bidegabekeriatik bidegabekeriara, gogoratu nintzen bizkarzaina behar duten beste euskaldun mordo horiekin, eta hortik zeharreko espetxeetan sekulako zapalkuntza nozitzen dituzten euskaldunez.

Nahi badu aurrera egin, herri honek bakea behar du. Eta horretarako, ETA desagertu egin behar da, hori lortuta ere, denbora dezente beharko baita azken aldian irekitako zauriak senda daitezen. Baina ez gara horren zain geratuko: datorren larunbatean Bilbora joango gara justizia eskatzera 18/98 makro sumarioan inputatuentzat, eta hiritar guztiontzat.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

101 gau

Baneukan etxean, eta irakurria nuen, baina Gabonetan oparitu egin zidaten Txiliku idazlearen 101 gau liburua, eta nik, berriro irakurri.

Zerbait bitxia gertatu zait, ordea, bigarren aldiz leitzerakoan: konturatu naiz 101 gau dela blog moduko bat, paperezko blog bat, nolabait esatearren, 101 egunean beste horrenbeste istorio edo pasadizo idatzi baitzituen liburu horretan Zarauzko idazleak.

Txilikuk aproba egin beharko luke, eta, Julen Gabiriak bezala, blog bat sortu. Askok irakurriko genioke.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Sentibera nago

Hurbiltzen ari dira aurkezpen egunak, eta gero eta sentiberago sentitzen dut neure burua: herenegun telebistaren aurreran hitz egin nuen, Postdata saiorako, eta une batez isildu behar izan nintzen, begiak bustita; atzo Mezulari irratsaioan egin nuen berba, Euskadi Irratian, eta beldurrak egon nintzen, hasi aurretik, beste horrenbeste gertatuko ote zen. Gaur ere ordu erdiko elkarrizketa daukat Goiena Telebistan, eta ardura horrek jaten nau.

Egun hauetan, eta lau aurkezpenak igaro arte, Aupa Joxe! saioak egingo ditut —aspaldi lagata nituen—, animoa hartu eta aurrera egiteko.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 4 iruzkin

Haur bereziak eta musika

Joserra Vitoria lankide eta lagun dut HUHEZIn. Musika irakasten du, bai fakultatean, eta baita Arrasate Musikalen ere. Aspalditxo, baina, Joserra hasi zen musika lantzen haur bereziekin, hezkuntza premia bereziak dituztenak (Down sindromea, atzeratasuna eta autismoa). Emaitza ikusgarriak lortu ditu.

Hil honen 4an Joserra Vitoriak doktore tesia defendatu zuen Gasteizen, erabat lotua bere esperientziari: Aptitudes musicales y aprendizaje instrumental de personas con necesidades educativas especiales. Horixe zuen izenburua tesiak. Epaimahaiaren iritziz, Joserraren lana bikaina izan da. Horregatik bikain cum laude irabazi zuen gure doktore berriak. Zorionak!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Elurra, ustekabean

Atzo ezusteko galanta hartu nuen lanetik irtendakoan. 18:30ak ziren, eta Eskoriatzan elur bustia ari zuen. Mondragoera iritsi, eta elur pikorta. Hasi Kanpazar igotzen, eta gero eta elur gehiago, baina gu kamioi baten atzetik, astiro. Bide bazterrean, auto bat istripua izan berria, eta bi gazte, Ertzaintzari itxaroten. Ea ezer behar zuten, ezetz, eskerrik asko. Aurrera.

Sarara iritsi orduko, sekulako elur erauntsia. Han ez zen ikusten elur malutarik; dena zen elur pikorta deitzen den horietakoa, bolatxo zuriak. Saran, bidea zuri. Kamioia pasatu, eta gu aurrera. Kanpazarren ere, elurra. Aldapan behera abiatu ginenean, arnasa hartu genuen. Iritsiko ginen. Eta iritsi. Bizkai aldean ez zuen ari hain gogor. Eskerrak.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Iritsi da liburua

Larunbat goizean jaso nuen liburua, Xabier Mendiguren Elizegik ekarrita Elorriora. Ederra. Ondo josia. Ikusgarria. Xabierrek eta Elkarrek oso lan ona egin dute. Ahaztu barik Jabi Ubierna, azaleko diseinatzailea. Nahi nuen azalak garbi erakustea liburuak minbizia duela gai, edergailurik gabe. Eta Jabik erderki asmatu.

Egia esan behar badut, larunbat goiza igaro nuen hodei batean bezala, noraezean. Hasi nintzenean eskaintzak idazten, berriro azaleratu zitzaizkidan emozioak, aspaldi samar atzenduak nituenak. Lehen alea Idoiari eman nion, koinata eta Kalkutako Teresa gurean. Ezin izan zuen irakurri eskaintza, malkoen beldur, baina gero liburua tabernara eraman, eta honez gero Elorrio erdiak ikusi du.

Askok esan didate Jakobanean ikusi dutela liburua, eta banaka batzuek galdetu era bai ez ote dudan aterako gaztelaniaz. Batek, euskalduna bera, horrela esan zion Begori, liburua ikusitakoan: “Ay, que pena, chica, ¿en euskera lo vais a sacar? Los de mi edad no lo vamos a poder leer, porque no estamos acostumbrados”. Nire adinekoa zen.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 5 iruzkin

Ane, Guatemalara

Bihar Ane Larrañaga Guatemalara joango da, El Tesoro izeneko herriskara, oihanaren erdian. Anek 21 urte ditu, eta Irakasle ikasketak bukatu berriak, erabaki du etxeko erosotasunak utzi, Durangon, eta Ertamerikara joatea, zortzi hilabeterako.

Ez da bakarrik joango, ordea. Beste lagun bat izango du bidaide eta esperientzia kide CPR delako batean, Guatemalan. Egun hauetan Ane agurtzen ari da lagunak eta senideak. Atzo iluntzean izan nuen aukera hura besarkatu eta agur esateko, loba dut eta. Ondo izan, Ane!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

We Media

Atzo irakurri nuen eCuaderno blogean, nola itzuli den gaztelaniara liburu interesgarri bat, We Media, Shayne Bowman eta Chris Willis adituena, eta nik jaitsi eta inprimatu egin nuen. Egia esan, aurretik ez nekien ingelesez zegoenik ere, eta harritu egin nintzen, zeren haseieran pentsatu bainuen Dan Gillmoren liburu ospetsua zela, We The Media, baina ez. Antzeko gaiak jorratzen ditu, baina egileak beste batzuk dira.

Hala ere, interesik baduzue gai horietan, nola audientziak ari diren birmoldatzen albisteak eta informazioa, liburu interesgarria duzue hau. PDF formatuan duzue.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Aurki berritua

Errotik aldatu da Aurki bilatzailea. Izan ere, bilatzaile ez ezik, orain albiste biltzaile bihurtu da. Aurkiren atzean orain robot bat dago, eta robot horrek bildu egiten ditu, aldian behin, euskaraz argitaratzen diren albisteak, baldin eta albiste iturri horiek RSS erabiltzen badute.

RSS da XML hizkuntzaren dialekto bat, eta batez ere erabiltzen da kazetaritzan, informazioa zabaltzeko. Beste antzeko dialekto batzuk sortu dira farmazia industriarako, bankuentzat, eta liburutegiek, besteak beste, erabiltzeko. Gure kasuan, jakin dezakegu webgune batek erabiltzen duenentz RSS edo XML, ikusten baditugu han bertan izen horiek kutxa laranja koloreko batean. Orain arte batik bat blogek erabili dituzte feedak, horrela ere deitzen baitzaio RSSri, baina gero eta gehiago ari da zabaltzen egunkari digitaletan, bereziki AEBetan.

Aurkik, beraz, jasotzen du euskaraz sarean argitaratzen den ia informazio guztia. Atentzioa ematen dit oraindik hor ez agertzea Berria eta Argia digitalen informazioa, baina hori ez da Aurkiren errua. Hori da egunkariak eta astekariak ez dutelako RSSrik erabiltzen. Animatu egin beharko lirateke, baita eitb24.com, horrela beraien informazioak benetan beteko bailuke Iparragirreren lelo hura, eman da zabal zazu, horixe egiten baitu RSSek.

Aurkik ederki egiten du lan hori, eta dotore, nire gusturako izugarri hobetu da-eta itxurari dagokionez. Argiagoa ikusten dut orain, eta hobeto antolatua, kontuan hartuta informazio kopuru handia kudeatzen duela. Zorionak, beraz, Eibar.org erakundeari eta CodeSyntax enpresari. Beste behin, bete-betean asmatu dute.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina