Isiltasun handia

Badira zenbait film gure arreta pizten dutenak, nahiz eta publizitaterik ikusi ez horien gainean. Hori gertatu zitzaidan atzo, lankide bati entzun nionean Isiltasun handia dokumentalaz berba egiten. Halako indarrez azaltzen zituen filmaren gorabeherak, ze gogo itzela sartu zitzaidan berau ikusteko, nahiz eta jakin ia ez duela musikarik, ezta hitzik ere, eta bi ordu eta erdi irauten duela. Eskerrik asko, Nerea!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Nire liburua aztergai Osakidetzan

Joan den larunbatean HABEk eta Osakidetzak sekuentziai bat gehiago argitaratu zuten Ikasbil atarian, non material didaktikoak argitaratzen ari diren Osakidetzako langileak euskalduntzeko, eta justu azken sekuentzia hori oinarritua dago Medikuak esan dit minbizia dudala artikulu sortan, gaixotu nintzenean Sustatu.com blogean argitaratua eta Euskadi Irratian egin zidaten elkarrizketa pare batean.

Unitate horren helburua da ikaslea jabearaztea modu informalean zer den linfoma. Hori guztia hizkuntzaren ikuspegitik landuta, ikaslea trebatzeko hiztegian eta elkarrizketan. Beraz, ikasleek hainbat ariketa egin beharko dute irakurritakoan eta entzundakoan oinarriturik.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Emakume idazleak

Emakume idazleak

Atzo Donostian izan ginen, Ana Urkizak bere azken liburua aurkeztu baitzuen, Zortzi unibertso, zortzi idazle, Alberdania argitaletxeak plazaratua. Anak gonbidatuta joan ginen hara Bego, Fatima Mikel eta laurok, eta liburuaren mamiak erakarrita. Ez ginen damutu joan izanaz, aurkezpena zoragarria izan zen-eta.

Anak berak adierazi zizkigun liburuaren nondik norakoak —horren berri zehatza gaurko Berrian duzue, ederto kontatuta. Entzun genituen, gainera, zortzi pasarte, elkarrizketatu bakoitzarenak. Eta gogoa piztu zitzaigun liburua berehala irakurtzeko, seguru nago-eta oso argigarria izango dela, arrasto ugari emango dizkigulako zelakoak garen euskaldunok, bazterretik ikusita.

Aurpegi ezagunak
Udaletxe zaharreko sotoa bete egin zen, eta han ikusi genituen hainbat aurpegi ezagun. Anak elkarrizketatutako zortzi idazleetatik, sei (Laura Mintegi bukaera aldera iritsi zen): Yolanda Arrieta, Mariasun Landa, Itxaro Borda, Miren Agur Meabe eta Arantxa Urretabizkaia (argazkian denak agertzen dira kameralari inportanteei begira, kamera handiak zituztenei, kasurik egin gabe etxeko kamerak genituenoi, horretan ere erakutsi zuten merkaturatze-sena). Halaber, han zeuden Inaxio Mujika Iraola editorea, Joan Mari Iriondo, Castillo Suarez, Patxi Ezkiaga, Juan Garzia, Nekane Goikoetxea, Joxi Basterretxea, Xabier Mendiguren Elizegi, Juan Kruz Igerabide eta Jose Angel Irigarai, besteak beste, nik ezagutu nituenen artean.

Erabaki dut: Gabon hauetan liburu hau irakurri behar dut.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , , | 2 iruzkin

Goiena.net berritua

Atzo aurkeztu zen Goiena.net berritua. Ikusgarria, garbia eta ondo antolatua, nire iritzian. Laranja, gainera, deigarria da oso (zer esango dute Euskaltelek eta Orangek?). Hala ere, niretzat berrikuntzarik handienetako bat da telebista ikusteko aukera, Goiena Telebistak egunero prestatuko baitu atal labur bat Goiena.net-entzat. Niri aspaldi interesatzen zitzaidan horrelako zerbait, zeren eta, nola ez naizen bizi Debagoienean, ezin nuen ikusi Goiena Telebista. Orain bai, nahiz eta, hasieran ataltxo hori izan.

Nik bezala, debagoiendar askok egingo dute klik pantaila horretan, batez ere Debagoienetik kanpo bizi direnak. Aukera bat gehiago Goiena taldearentzat, baina baita erantzukizuna ere, askok epaituko dugu-eta telebistaren lana hor ikusitakoagatik.

Blogei dagokienez, Goiena.net-ek erabaki du, denak aurkeztu ordez, aurkeztea gehien berritzen direnak. Irizpide bat da, baina niri gustatu zait zelan geratzen den. Bide batez, baten bat galdu samar baldin badabil, esango dut Faroak ere Goiena.net-en duela ostatu. Beraz, farozain hau ere pozik dago bere ingurua antolatuago eta osoago duelako. Zorionak Iban eta konpainiari!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Durangoren zain

Azken hiru asteotan ia egunero agertzen ari dira hedabideetan liburu berriak, denak argitaratuak Durangoko Azokari begira. Horietatik, begiz jota ditut bospasei, nahiz eta Gabonetan denbora nahikorik izan ez denak irakurtzeko. Astebete baino ez da falta.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Pulitzer ere, digitalez

Blogariok Sustatu saria ez ezik, Pulitzer saria ere irabazi ahal dugu hemendik aurrera. Lehena irabazteko euskaraz idatzi behar. Bigarrena eskuratzeko, berriz, hobeto ingelesez moldatzea. Logikoa zen Sustatuk blogarion lana onartzea, bera ere bloga baita. Pulitzerrena, ostera, aurten gertatu da lehen aldiz, eta sekulako aitorpena da kazetaritza digitalarentzat.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Noizko Sautrela podcast moduan?

Gustatzen zait Sautrela, ETB1ek literaturaz egiten duen saioa, baina beti ez dut ikusterik izaten. Saio horretan irudia garrantzitsua da, baina baita soinua ere. Horregatik, eta ikusita batez ere AEBetako zenbait telebistak zer egiten duten, uste dut Sautrela egiten dutenek prestatu beharko luketela saio bakoitzaren podcast bat eta sarean ipini, berau entzun nahi dugunok aukera hori ezan dezagun.

Sautrela podcast formatuan jartzea ez litzaioke ekoiztetxeari ezer kostatuko. Bertsio osoa ipini ala bertsio arinago bat, programaren audioa bera erabiliko luke, alegia, aprobetxatuko luke egindako lana saioa beste esparru batean hedatzeko.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 3 iruzkin

Noiret kapitaina

Deustuko Unibertsitatean ikasten ari nintzela, izan nuen Historia irakasle bat, Andres Mañarikua y Nuere. Egun batean, deitu zidan bere bulegora, eta, jakinda ni Mondragoekoa nintzela, eskatu zidan mesede bat: begiratzea nire herriko abade etxean hango jaiotze agirietan ea 1808 inguruan agertzen zen Noiret deitura, susmoa baitzuen bere bigarren abizena, Nuere, jatorriz Noiret izango ote zen.

Joan nintzen, bada, abade etxera, eta baimena eskatu nion Jose Luis Iñarra orduko parrokoari, hango jaiotze agirietan arakatzeko. Hasi nintzen, bada, eta bigarren egunean, hara non aurkitzen dudan Noiret kapitain frantsesa, Napoleonen tropekin Mondragoera etorria, Madrilera bidean, zeinek haurdun utzi baitzuen itzain baten alaba.

Antza denez, Noiret kapitainak Madrilera joan behar izan zuen haurra jaio baino lehen, baina abiatu aurretik ziurtagiri bat utzi zuen idatzita, eta hor aitortzen zuen bera zela aita itzainaren alabak izango zuen haurrarena. Mañarikuak berak gero esan zidan Noiret abizeneko haur hura mutil egin zenean Arrazola aldera egin zuela, hango meatzetan lan egitera, eta handik Mañaria aldera, non ezkondu zen hango neska batekin. Tarte horretan, Noiret abizena Nuere bihurtu omen zitzaion.

Jaiotze agiri hura fotokopiatu eta Andres Mañarikua y Nuereri eraman nion, Philippe Noiret aktore frantsesaren argazki batekin. Eman nion fotokopia, irakurri zuen, erakutsi nion Philippe Noireten argazkia, izan zezan abizen hori zuen pertsona ezagun baten berri, eta irribarre eginez, galdetu zidan: “Ona da?”, eta nik baietz erantzun. Gizona konforme geratu zen, paper harekin argitu baitzuen bere iraganeko jazoera bat.

Andres Mañarikua y Nuere aspaldi hil zen. Philippe Noiret, berriz, joan den ostegunean. Bion gomutaz.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Ordenagailu bat haur bakoitzeko

Kaleratu da, azkenean, Nicholas Negropontek eta MITeko talde batek sortutako ordenagailu eramangarririk merkeena: XO-1 delakoa, bereziki egina munduko haur pobreenek erreminta gisa erabil dezaten ikasteko.
 
Hasieran uste baino garestixeago kaleratuko da, 150 dólar (120 euro), baina asmoa dute urtebetean 100 dolarretan saltzeko. Linux sistema eragilea darama ordenagailuak, eta soka moduko bat bateria kargatzeko, WiFi antena bat, zeinek harrapatzen baitu Internet lotura bat 800 metroko inguru batean, 1.000 lagunekin partekatzeko moduan. Ez du disko gogorrik, flash memoria baizik.
 
Argentinak, Brasilek, Libiak, Nigeriak eta Tailandiak eskatu dituzte lehen bost milioi aleak. Ordenagailu honekin saihestu nahi da eten digitala, aberatsen eta pobreen artean sortua. Zorterik onena opa diot.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Applen zekenkeria

Atzo Odeo zelan erabili irakatsi behar nuela-eta, bezperan podcast bat egin nuen, pauso guztiak ondo gogoratzeko. Arazoak izan nituenez Flock nabigatzailearekin –antza denez, Odeo bakarrik dabil Mozilla Fundazioaren nabigatzaileekin–, erabaki nuen GarageBand erailtzea, Applek Mac guztietan sartzen duen programa musika-eta egiteko, ondoren grabatutakoa esportatzeko Odeora. Baina Applek ez zidan lana erraztu.
 
Logikoena izango litzateke audioa gordetzerakoan GarageBandek berak aukera eskaintzea hainbat formaturen artean, tartean mp3, berau baita denetan hedatuena. Aitzitik, GarageBandek erabiltzen du AAC formatua, Applek darabilena iPod guztietan. Hortaz, nahi duenak grabatutakoa mp3ra ekarri, hainbat aldaketa egin behar ditu GarageBanden bertan eta iTunes aplikazioan, azken batean iTunes-ek egiten baitu konbertsioa.
 
Haserretu egin nintzen Applekin, kontu horietan Microsoftek bezala jokatzen baitu, berak ahalik eta diru gehien egiteko, murriztu egiten ditu-eta erabiltzaileon aukerak.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , | 2 iruzkin