Durangoren zain

Azken hiru asteotan ia egunero agertzen ari dira hedabideetan liburu berriak, denak argitaratuak Durangoko Azokari begira. Horietatik, begiz jota ditut bospasei, nahiz eta Gabonetan denbora nahikorik izan ez denak irakurtzeko. Astebete baino ez da falta.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Pulitzer ere, digitalez

Blogariok Sustatu saria ez ezik, Pulitzer saria ere irabazi ahal dugu hemendik aurrera. Lehena irabazteko euskaraz idatzi behar. Bigarrena eskuratzeko, berriz, hobeto ingelesez moldatzea. Logikoa zen Sustatuk blogarion lana onartzea, bera ere bloga baita. Pulitzerrena, ostera, aurten gertatu da lehen aldiz, eta sekulako aitorpena da kazetaritza digitalarentzat.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Noizko Sautrela podcast moduan?

Gustatzen zait Sautrela, ETB1ek literaturaz egiten duen saioa, baina beti ez dut ikusterik izaten. Saio horretan irudia garrantzitsua da, baina baita soinua ere. Horregatik, eta ikusita batez ere AEBetako zenbait telebistak zer egiten duten, uste dut Sautrela egiten dutenek prestatu beharko luketela saio bakoitzaren podcast bat eta sarean ipini, berau entzun nahi dugunok aukera hori ezan dezagun.

Sautrela podcast formatuan jartzea ez litzaioke ekoiztetxeari ezer kostatuko. Bertsio osoa ipini ala bertsio arinago bat, programaren audioa bera erabiliko luke, alegia, aprobetxatuko luke egindako lana saioa beste esparru batean hedatzeko.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 3 iruzkin

Noiret kapitaina

Deustuko Unibertsitatean ikasten ari nintzela, izan nuen Historia irakasle bat, Andres Mañarikua y Nuere. Egun batean, deitu zidan bere bulegora, eta, jakinda ni Mondragoekoa nintzela, eskatu zidan mesede bat: begiratzea nire herriko abade etxean hango jaiotze agirietan ea 1808 inguruan agertzen zen Noiret deitura, susmoa baitzuen bere bigarren abizena, Nuere, jatorriz Noiret izango ote zen.

Joan nintzen, bada, abade etxera, eta baimena eskatu nion Jose Luis Iñarra orduko parrokoari, hango jaiotze agirietan arakatzeko. Hasi nintzen, bada, eta bigarren egunean, hara non aurkitzen dudan Noiret kapitain frantsesa, Napoleonen tropekin Mondragoera etorria, Madrilera bidean, zeinek haurdun utzi baitzuen itzain baten alaba.

Antza denez, Noiret kapitainak Madrilera joan behar izan zuen haurra jaio baino lehen, baina abiatu aurretik ziurtagiri bat utzi zuen idatzita, eta hor aitortzen zuen bera zela aita itzainaren alabak izango zuen haurrarena. Mañarikuak berak gero esan zidan Noiret abizeneko haur hura mutil egin zenean Arrazola aldera egin zuela, hango meatzetan lan egitera, eta handik Mañaria aldera, non ezkondu zen hango neska batekin. Tarte horretan, Noiret abizena Nuere bihurtu omen zitzaion.

Jaiotze agiri hura fotokopiatu eta Andres Mañarikua y Nuereri eraman nion, Philippe Noiret aktore frantsesaren argazki batekin. Eman nion fotokopia, irakurri zuen, erakutsi nion Philippe Noireten argazkia, izan zezan abizen hori zuen pertsona ezagun baten berri, eta irribarre eginez, galdetu zidan: “Ona da?”, eta nik baietz erantzun. Gizona konforme geratu zen, paper harekin argitu baitzuen bere iraganeko jazoera bat.

Andres Mañarikua y Nuere aspaldi hil zen. Philippe Noiret, berriz, joan den ostegunean. Bion gomutaz.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Ordenagailu bat haur bakoitzeko

Kaleratu da, azkenean, Nicholas Negropontek eta MITeko talde batek sortutako ordenagailu eramangarririk merkeena: XO-1 delakoa, bereziki egina munduko haur pobreenek erreminta gisa erabil dezaten ikasteko.
 
Hasieran uste baino garestixeago kaleratuko da, 150 dólar (120 euro), baina asmoa dute urtebetean 100 dolarretan saltzeko. Linux sistema eragilea darama ordenagailuak, eta soka moduko bat bateria kargatzeko, WiFi antena bat, zeinek harrapatzen baitu Internet lotura bat 800 metroko inguru batean, 1.000 lagunekin partekatzeko moduan. Ez du disko gogorrik, flash memoria baizik.
 
Argentinak, Brasilek, Libiak, Nigeriak eta Tailandiak eskatu dituzte lehen bost milioi aleak. Ordenagailu honekin saihestu nahi da eten digitala, aberatsen eta pobreen artean sortua. Zorterik onena opa diot.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Applen zekenkeria

Atzo Odeo zelan erabili irakatsi behar nuela-eta, bezperan podcast bat egin nuen, pauso guztiak ondo gogoratzeko. Arazoak izan nituenez Flock nabigatzailearekin –antza denez, Odeo bakarrik dabil Mozilla Fundazioaren nabigatzaileekin–, erabaki nuen GarageBand erailtzea, Applek Mac guztietan sartzen duen programa musika-eta egiteko, ondoren grabatutakoa esportatzeko Odeora. Baina Applek ez zidan lana erraztu.
 
Logikoena izango litzateke audioa gordetzerakoan GarageBandek berak aukera eskaintzea hainbat formaturen artean, tartean mp3, berau baita denetan hedatuena. Aitzitik, GarageBandek erabiltzen du AAC formatua, Applek darabilena iPod guztietan. Hortaz, nahi duenak grabatutakoa mp3ra ekarri, hainbat aldaketa egin behar ditu GarageBanden bertan eta iTunes aplikazioan, azken batean iTunes-ek egiten baitu konbertsioa.
 
Haserretu egin nintzen Applekin, kontu horietan Microsoftek bezala jokatzen baitu, berak ahalik eta diru gehien egiteko, murriztu egiten ditu-eta erabiltzaileon aukerak.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , | 2 iruzkin

Alexandrian, kalakan

Laster hogei urte beteko dira Alexandrian izan ginela, Egiptoko portu entzutetsuan. Trenez abiatu ginen Cairotik, eta pare bat orduan Alexandrian ginen. Eguna garbia zenez, osteratxo bat egin genuen itsas bazterrean, Egiptoko azken erregearen jauregiraino.

Asko ibili ginen egun hartan, batik bat itsas bazter zaharkituan, eta, gutxi-asko, espedizioko gehienok saiatzen ginen irudikatzen garai bateko liburutegia eta bere inguruak. Arratsaldean, berriz, tren geltokira hurbildu ginen, Cairora bueltatzeko. Eta orduan gertatu zitzaigun ondorengoa:

powered by ODEO
Gizon hark, ni baino jantziagoa eta zuhurragoa, ikusarazi zidan ergelarena egiten ari nintzela eta neu izango nintzela horren erantzulea. Harrezkero, zuhurrago jokatu izan dut beti atzerrian.
tagzaniapaste
Alexandria map – Tagzania

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Misioa

Misioa da erakunde baten izateko arrazoia, eta adierazten du zertarako sortu den erakunde hori. Erakusten du garbi erakunde horrek zer helburu iraunkor dituen, eta bereiztu egiten du beste erakundeetatik. Hona hemen hiru enpresaren misioak, hirurak leihakide gogorrak: Google, Yahoo! eta Microsoft.

  • Google: Googleren misioa da antolatzea munduko informazioa eta edonoren bideragarri eta eskuragarri jartzea.
  • Microsoft: Microsoft-en lan egiten dugu mundu osoan pertsona eta negozioei laguntzeko euren gaitasun osoa garatzen. Horixe daukagu misioa. Edozer gauza egiten dugula islatzen dugu misio hori eta berori egiten duten balioak.
  • Yahoo! Guk misiotzat daukagu denik eta zerbitzu globalik funtsezkoena izatea Interneten kontsumitzaile eta negozioentzat.
Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Etorkizuna

Lehendabizi, aitorpen bat: askoz ere gehiago kostatzen zait ipuinak irakurtzea eleberriak irakurtzea baino. Nire arazo bat izango da, baina halaxe da. Hori esanda, bigarren aitorpen bat: oso gustura irakurri dut Iban Zalduaren azken ipuin liburua, Etorkizuna, Alberdania argitaletxeak plazaratua. Azken gaixoaldiaren ondoren irakurri dut, irakurraldi pare batean.

Gustatzen zait Ibanek duen idazkera bizkorra eta begirada berezia. Orobat, zer ahalmen duen ezustekoak emateko. Lehendik irakurria nion saio bat, zoragarria, zientzia fikzioaren gainean, oker ez banabil Hegats aldizkariak argitaratua, baina hau izan da lehen liburua irakurri diodana, eta merezi izan du.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Suizidio gozoa

Nork pentsatuko suizidioa lagun artean eta maitasun giroan ere gerta zitekeela, baina bai, Karen Janoch emakumeak horixe erakutsi digu. Hobeto esanda, The New York Times egunkariak erakutsi du Karenen kasua dokumentu multimedia hunkigarri batean.

Luistxo Fernandezen azken kronika irakurtzen ari nintzela, klik egin nuen berak proposatutako adibide batean, zein The New York Times egunkarian agertu baita flash teknologia erabilita, eta zur eta lur geratu nintzen, batez ere azken biekin, izan ere dokumentu horietan Karen Janoch emakumeak kontatzen du zelan bizi izan den, zelan gaixotu zen minbiziaz, eta zelan erabaki zuen bere buruaz beste egitea.

Azken dokumentua —Karen’s end, Karenen azkena— hunkigarria da benetan, bertan ikusten baita zelan hiltzen den Karen, hainbat lagunez inguratuta. Oregon estatuan, AEBetan, legezkoa da suizidioa, gaixoari sei hilabete baino gutxiago ematen zaionean. Dokumentuaren azken uneak NYT egunkariko kazetariak kontatzen ditu, ezin hobeto. Ahal baduzue, ikusi.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina