Euskaltzaindia 2.0

Interneteko enpresa eta erakunde askok Web 2.0ra jauzi egin duten moduan —Google, Amazon, IBM eta Wikipedia, besteak beste—Euskaltzaindiak ere salto egin beharko luke beste aro batera, bizkorrago eta irekiagoa, non akademiak sustatuko lukeen euskaltzaleen elkarlana euskararen mesederako.

Googlek ederki asmatu du elkarlana bultzatzen bere probetxurako, eta horretarako Google mashups erremintak sortu ditu, horiekin mundu guztiko erabiltzaileek sor ditzaten aplikazioak Googlen programak aberasteko. Bistan da, mashup horiek balio erantsi izugarria ematen diote Googlen aplikazioei.

Askotan, era horretako elkarlanak sortzen ditu produktu batzuk, balio handikoak, baina aurretik inork aurreikusi bakoak. Horietako bat da Chicagocrime, webgune bat non, sartzerakoan Google Mapsen Txikagoko helbide bat, agertzen baita leiho bat mapa batekin batera, eta hor azaltzen baitira kale horretan azken aldian gertaturiko krimen eta lege-hausteak. Ez Googlek ez eta Txikagoko Udalak ere ez zuten aurreikusi horrelako aplikaziorik, baina bai Adrian Holovaty sortzaileak. Hemen duzue zerrenda luze bat, Google Maps Mashup horiena. Hor denetik aurkituko duzue.

Euskalbar
Euskal Herrian badugu, euskara alorrean hain zuzen, beste adibide bat, erabat goragarria: Euskalbar. Euskaltzale talde batek beren baliabideak elkartu dituzte Firefox darabilgun nabigatzaile euskaldunok izan ditzagun gure nabigatzailean zortzi hiztegi kontsultagai. Musutruk.

Etorkizuneko erakundeak ez dira jakintza gehien pilatzen dutenak, baizik eta gai direnak jakintza elkarlanean aurreratzeko. Euskaltzaindiak Googletik eta Euskalbar egin duten euskaltzaleengandik ikasi beharko luke, eta Orotariko Euskal Hiztegia, adibidez, sarean jarri, modu irekian, jendeak bere gustuko aplikazioak sor ditzan altxor horretatik abiatuta.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 3 iruzkin

Net belaunaldia

Horrela deitzen zaio, Net belaunaldia, 1977 eta 1996 artean jaiotako jendeari. Nazioartean 2.000 milioi lagun baino gehiago dira, eta beraiek aginduko omen dute XXI. mendean. Belaunaldi hau hazi da konkentatuta, eta hedatzen ari da irekitasuna, partehartzea eta interaktibitatearen etika lantokietan, komunitateetan eta merkatuetan. Horixe diote Don Tapscott eta Anthony D. Williams adituek Wikinomics liburuan.

Hauxe duzue lehen belaunaldia hazi dena aro digitalean. Bit-etan blai daude, beraz. “AEBetako nerabe gehienek badakite ordenagailua erabiltzen, eta gazte iparamerikarren ia %90ek adierazten du erabiltzen duela Internet. Gauza bera gertatzen da, gero eta gehiago, munduko herrialde askotan. Txinan, adibidez, adin multzo horretako gazte gehiagok erabiltzen dute Internet AEBetan baino. Elkarlanaren belaunaldia da, motibo nagusi batengatik: beren guraso estatubatuarrek ez bezala, zeinek astean hogeita lau orduz ikusten baitzuten telebista, gazte hauek hazten ari dira testuinguru batean, non nagusitzen baita interaktibitatea”.

Nondik nora dabiltzan
Gizateriaren historian lehen aldiz, diote egileek, haurrak adituak dira zerbait garrantzitsuan, iraultza digitalean. Gazte horiek MySpace webgunean sartu dira trumilka (100 milioitik gora), komunitateak sortzera eta elkarren berri izatera. Beste batzuek nahiago dute TakinITGlobal webgunea, non erabiltzen dituzten teknologia berriak mundua eraldatzeko. Oro har, ez dute beren burua ikusten kontsumitzaile pasibo moduan, eta gero eta gehiago, asetu nahi dituzte bere desioak produktuak beraiek diseinatu, egin eta banatuta. Horrela sortu ziren Napster, eta geroago Kazaa, BitTorrent eta LimeWire, besteak beste.

Gazte horientzat ezin kenduzko eskubide bat da medioak uztartu, produktuak aldarazi edo kontsumitzaileen kultura manipulatzea. Horregatik, traba izugarritzat jotzen dituzte copyright lege zaharkituak.

Net belaunaldiko jendeak eskatuko ditu lan ingurune batzuk, non nagusi izango diren elkarlana eta lankideen arteko berdintasuna, non lana eta bizitza pertsonala orekatuak izango diren eta non dibertsioa baloratuko den. Jende hori, Net belaunaldia, iritsi zaigu unibertsitatera eta enpresara, baina askotan ematen du oraindik ez garela horretaz jabetu.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Vuvox


Vuvox
programa bat da aurkezpenak egiteko. Sarean dago. Beraz, ez da ezer instalatu behar ordenagailuan. Probatu egin dut, eta goiko aurkezpen hauxe atera zait. Nahi baduzue argazkiak ikusi, klik egin argazkiaren azpiko barra zuriaren eskuinean, eta atzera egiteko, ezkerrean.

Nahi baduzue ikusi aurkezpen hau Vuvox-en bertan, klik egin hemen.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Wiki ekonomia

Herenegun liburu bat erosi nuen, Wikinomics, La nueva economía de las multitudes inteligentes. Egileak Don Tapscott eta Anthony D. Williams dira, eta Paidos Empresa argitaletxeak kaleratu du. Irakurri dudanagatik, liburu interesgarria iruditzen zait Web 2.0 interesatzen zaigunontzat, bertan aztertzen baita zelan elkarlan proportzio erraldoikoa ordezkatzen ari den elkarlan tradizionala, eta horrek zer eragin duen ekonomian eta jakintzan.

Bide batez, wiki ekonomia edo wikinomics da ekonomia bat elkarlan irekian oinarritua. Liburuko egileek webgune bat sortu dute Wikinomics izenarekin, liburuaren gainean elkarrizketa sortze aldera.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

MU, unibertsitate bat Basque Country-koa

Ekainaren 16an EJTA elkarteak —European Journalism Training Association— aho batez onartu zuen Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultatea elkarteko kide gisa. Antza denez, Cardenal Herrera Unibertsitateko ordezkariak muturra okertu omen zuen, antolatzaileek Basque Countryko unibertsitate moduan aurkeztu baitzuten Mondragon Unibertsitatea, Spain aipatu barik. Hala ere, aho batez onartu zuten proposamena.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Jonekin arineketan

Larunbatean Jon Bautistarekin irten ginen arineketan egitera, gure ilobarekin. Jon gure pausoan hasi zen, baina poliki-poliki, bizkortuz joan zen martxa, eta nik hari jarraitu, bera bezala, bizi samar. Bueltan, neuk sakatu nuen aldapa batean, eta hark erraz eutsi. Aldapa amaitutakoan ere, bizi segitu zuen Jonek. Nik, berriz, bolbora amaitzear nuela sentitu. Eta 31 minutu egindakoan, erabaki nuen hobe nuela gelditzea, min egitea baino.

Pozik nago egindako lasterketarekin. Garbi ikusi nuen Jon erraz doala, sasoian dago-eta. Eta, niri dagokidanez, ordu erdiko muga bat dudala, airoso ibili nahi badut. Hortik aurrera, dena zait zailago. Baina ez da inporta, gehienetan muga horietan ibiltzen naiz-eta.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 4 iruzkin

Unai Elorriaga eta zapaburu-euskara

Unai Elorriaga  idazleak zapaburu-euskararen adibide ugari ematen dizkigu Matxinsaltoen belarriak liburuan. Adibide horietan mezua, aditza eta lotura-hitzak aurrean daude.

  • Kafea da likido bat oso-oso beltza eta izkinetan marroia. (6. or.)
  • Latina da hizkuntza bat oso-oso garbia. (8. or.)
  • Piedad da andre zahar bat nik ezagutzen dudana. Eta txiki-txikia da, zaharra delako. (11. or.)
  • Ebanistak dira etxeko mahaiak eta aulkiak eta armairuak eta egurrezko gauza guztiak egiten dituztenak. (54. or.)
  • Lanta da herri bat belar asko daukana eta ipurtargi asko daukana, gauez. (57. or.)
  • Kolikoa da min bat tripakoa. (72. or.)
  • Antitetanikoa da injekzio bat, eta asko akordatzen naiz ni hitz horrekin: antitetanikoa. (83. or.)
  • Tigre-eltxoa da eltxo normal bat, baina marrak ditu, tigreak bezala. (89. or.)
  • Madagaskar da irla handi bat, Afrikakoa. Irlanda baino handiagoa. (98. or.)
  • Oinaztua da argi handi bat leihoetatik sartzen dena. (99. or.)
  • Hirustak dira landare batzuk, txikiak, zorte handia ematen dutenak, lau orrikoak. (102. or.) 

Definizioak alderatzen
Aurreko esaldiak definiziotzat har daitezke, nahiz eta definizio bereziak izan, liburuan haur baten ahotan agertzen zaizkigulako. Hala ere, eta alde batera utzita haurrak zenbateko zehaztasunez definitzen dituen gauzak, alderatu nahi ditut esaldi horiek Lehen Hiztegiak ematen dituen definizioekin. Definizioen muina azpimarratuta doa, ikus dezagun non doan batean eta bestean.

  • Kafea da likido bat oso-oso beltza eta izkinetan marroia. (6. or.)
  • Kafea: kafe-aleak ehoz lortutako hautsetik ur beroa iraganaraziz prestatzen den edaria.
  • Latina da hizkuntza bat oso-oso garbia. (8. or.)
  • Latin: erromatarrek antzina erabiltzen zuten hizkuntza.
  • Oinaztua da argi handi bat leihoetatik sartzen dena. (99. or.)
  • Oinaztua: ekaitza dagoenean, hodeietatik sortzen den deskarga elektrikoa, trumoi izeneko zaratots handia eragiten duena.
  • Hirustak dira landare batzuk, txikiak, zorte handia ematen dutenak, lau orrikoak. (102. or.)
  • Hirusta: hiru osto dituen belar txikia.

Bigarren kasuan, definizioaren muina atzean doa jeneralean, eta beti erlatibo baten ondoren. Horrek astun egiten du irakurketa.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Iruzkin 1

Laguntza eske Aurki.com-eko harpidedunei

Mezu honen bidez gonbita egin nahi dizuet Aurki.com agregatzailearen harpidedunei, sarean ipini dizuegun galdetegiari erantzuteko. Izan ere, egun hauetan Aurki.com-eko harpidedunek mezu bat jaso duzue, zelan egiten ari naizen azterketa lan bat doktore tesiarekin hasi aurretik, eta mezu horretan ematen zaizue lotura bat, hor sartu eta minutu batean-edo, erantzun ditzazuen horko galderak.
 
Aurreko ikasturtean hasi nintzen doktore tesirako bidean, eta orduan hainbat ikastaro egin nituen. Ikasturte honetan, berriz, txosten bat aurkeztu behar dut Nahikotasun Froga gainditzeko, eta hori egin nahi dut Aurki.com agregatzailearen gainean.

Helburuak
Jakin nahi dut zenbateraino den Aurki.com sarean dagoen euskarazko produkzioaren ispilu zehatza, jendeak zelan erabiltzen duen eta zer bilatzen duen bertan. Horretarako hiru informazio iturri erabiliko ditut:

  • Aurki.com-en robotak ematen dituen datuak: klik kopuruak, harpidedun kopuruak, bisita bilakaera, etab.
  • Harpidedun guztien iritziak. Horretarako galdetegi itxi bat prestatu dugu, eta sarean ipini, harpidedunek bertan erantzun dezaten.
  • Erabiltzaile zenbaiten iritzi zabalak. Haurreko galdetegian ez bezala, hemen erantzuleek askatasuna izango dute galderei ihardesteko orduan, galdetegia irekia baita. 

Horregatik, jaso baduzue zure postontzi elektronikoan mezu bat gonbita eginez galdetegi bat erantzuteko, itxia zein irekia, biziki eskertuko dizuet erantzuten baduzue, horrek izugarri lagunduko dit-eta nire lana egiten. Ez baduzue erantzuten ere, nire eskerrona zuei, hori ere erantzuteko beste modu bat da-eta.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Amaren eskuak

Irakurri berri dut Karmele Jaio idazlearen azken lana, Amaren eskuak. Niretzat errebelazio moduko bat izan da. Ez nuen espero horren idazle gazteak hain ondo adieraztea pertsonok eguneroko lanaren gurpil zoroan bizi ditugun itolarriak. Unai Elorriagari lehen aldiz irakurri nionean bezala, orain ere irudipena dut Karmele Jaiok ondo baino hobeto ezagutzen dituela pertsonon barne tolesdurak.

Historiak ere harrapatu egin nau, ez ekintza bertigoa-eragiteko-modukoa duelako, ez, baizik eta historia sinesgarri bat ikusi dudalako orri horietan, eta behin baino gehiagotan identifikatu egin naizelako horko egoera zenbaitekin.

Bainaren bat ipini behar izanez gero eleberriari, bukaerari jarriko nioke. Hariak hain ondo zuzendu ondoren amaiera horretarantz, iruditu zait biribiltzea falta izan zaiola. Edozelan ere, lan erabat gomendagarria, uda honetan irakurtzeko adibidez.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Porrotaren balioa

Aste honetan The Economist aldizkariak erreportaje bat idatzi du Apple enpresa eta berrikuntzaren gainean. Kazetariak dio beste teknologia enpresek lau ikasgai atera ditzaketela Applen bilakaeratik. Eta laugarrenari deritzo “porrot zuhurra”.

Macintosh ordenagailua jaio zen Lisa ordenagailuaren hondakinetatik eta iPhone Motorolak eta Applek elkarrekin egindako musika-telefonoaren porrotetik. Bietan, dio aldizkariak, Applek ikasi egin zuen bere hutsegiteetatik, eta berriz ahalegindu zen. Gaur egungo mac ordenagailuak, bestalde, oinarrituta daude NeXT ordenagailuen teknologian, enpresa bat Jobs-ek berak sortua 1980an, baina porrot egin ondoren, Applek erosi zuena.

Kazetariaren ustez, esperientzia horietatik ikasi beharrekorik handiena da ez estigmatizatzea porrota, baizik eta toleratzea eta bertatik ikastea. Via Slashdot.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina