Agregatzaile ala batzaile?

Aurreko batean argitaratu nuen glosarioan agregatzaile hitza erabili nuen, aurretik beste askok erabili duten moduan. Orduan Ibaik galdera bat egin zuen erantzunetako batean:

  • Ez al dago “agregatzailea” izendatzeko beste erarik? Erdarakada izugarria iruditzen zait… eta gainera zatarra.

Nik orduan erantzun nion ez nuela ezagutzen agregatzaileren pareko hitzik. “Nazioartekoa da, eta, besterik agertu ezean, nik hori erabiliko dut”. Izan ere hitz hori aggregator hitz ingelesetik baitator, eta ez agregador espainoletik. Baina handik gutxira Anjelek erantzun zuen, eta hona ekarri dut erantzuna, hasierako eztabaidari argia egin diezaiokeelako:

  • Hona agregatzaile batek betetzen dituen lanak: aurkitu, jaso, bildu; elkartu; sakabanaturik zeudenak, antolatu eta elkarren ondoan jarri; erantsi… Hiztegian bada horiek guztiak biltzen dituen aditz bat: Batu: aurkitu. Batu: jaso, bildu. Batu: elkartu. Batu: sakabanaturik zeudenak, antolatu eta elkarren ondoan jarri. Batu: erantsi “Batzaile” hitzak, esanahiari dagokionez, primeran ordezka dezake “agregatzaile”. Polita den ala ez, estetika gaitzetsi gabe ere, nik uste dut halako hitzek praktikoak eta argiak izan behar dutela. (…) Hor dauzkagu boto-batzailea edo ontto-batzailea bezalako hitzak. Udalakoak astaputz-batzaileak omen dira Azkuek dionez… “Nik egunero begiratzen diot aurki batzaileari”.

Egia esan, nik ez nuen berba horren berririk, baina Anjelek emandako arrazoiak pisuzkoak iruditzen zaizkit. Zuek zer diozue?

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 7 iruzkin

Slide

Egun hauetan beste aplikazio bat aurkitu dut, egokia diapositiba paseak egiteko: Slide. Aukera ematen du argazkiak Flickr-etik edo beste argazki zerbitzutik jasotzeko, edo norberaren ordenagailutik. Aurkezpenak ere hainbat hauta daitezke, gustuen arabera. Berau frogatzeko, iazko argazki sorta bat aukeratu dut, Gabonetan ateratakoa.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

HUHEZIren historia, Xtimeline aplikazioan

Herenegun izan nuen Xtimeline aplikazioaren berri Sustatun. Xtimeline da aplikazio bat antolatzeko historiak, biografiak, etab., modu kronologikoan. Bertan txerta daitezke testuak, argazkiak, audioak eta bideoak. Gustatu, eta probatu egin dut. HUHEZI fakultatearen historia egin dut euskaraz eta gaztelaniaz, eta laster beste bat egingo dut, ingelesez.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 2 iruzkin

Aurki.com, 8. probintzia ikusmiran

2005ean Anjel Lertxundik artikulu gogoangarri bat idatzi zuen Hitz beste bere blogean: Blog, blog!, eta hor jotzen zuen Internet euskararen 8. probintziatzat, halakoa baita, Lertxundiren iritziz, Interneten garrantzia gure hizkuntzarentzat.

Bi urte geroago, jakin dugu euskal blogosferak dituela 5.464 bat blog, horietatik 3.005, hor nonbait, bizirik. Oraingoz ez dago horiek guztiak batera bistaratzerik. Hala ere, bada toki bat, non ikus daitekeen 8. probintzia horretako ikuspegi bat txit interesgarria: Aurki.com, euskal agregatzaileak gaur egun eskaintzen baititu 572 informazio iturri, 16 ataletan banatuta.

Jakin nahi duenak zer gertatzen den euskararen 8. probintzian, aintzat hartu beharko du Aurki.com euskarazko agregatzailea.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Iruzkin 1

5.464 blog inguru daude euskaraz

Zuen ekarpenei esker, osatu egin ditut hasieran jasotako datuak, eta, horri esker, esateko moduan gaude gaur egun, ia sei urte igarota Sustatu lehen blog euskalduna sortu zela, 5.464 blog ditugula euskaraz. Jakina, blog horiek guztiak ez daude bizirik. Euskarazko blog horiei aplikatzen badiegu David Sifryk Technorattin erabiltzen duen neurria, blog horien %55 bakarrik leudeke bizirik, alegia, azken hiru hilabeteotan behin gutxienez zerbait argitaratu dutenak. Orduan esan beharko genuke euskarazko blogak 3.005 direla, zelan edo halan bizirik daudenak.

Kopuru hauetara iristeko, arakatu ditut hiru esparru: blog komunitateak, blog plataformak eta hortik zehar daudenak barreiatuta, beste plataformetan.

Blog komunitateak
Gogoan izan blog komunitate bat dela blogari talde bat, eta biltzen dira erakunde baten aterpean, komunitate bat
sortzeko. Kasu horietan, blogariek errespetatu behar izaten dituzte
komunitatearen arauak. Blog komunitate hauetan 876 blog aurkitu ditugu.

Blog komunitateak Blog kopurua
Eibar.org 23
Goiena.net 123
Uztarria.com 23
Berria.info 18
Baleike 10
EHU 500
Deustuko Unib. 44
Jakintza Ikastola 110
Aikor 10
Larrabetzu 10
Atxukale 5
Gaur8 5
GUZTIRA 876

Blog plataformak
Aintzat hartu blog plataforma dela tresna bat, zeinaren bidez edonork sor dezakeen blog bat, hiru pauso
emanda: ireki kontu bat, eman zure datuak eta aukeratu eredu bat. Blog plataforma horietan aurkitu ditut 4.488 blog euskaraz.

Blog plataformak Blog kopurua
Blogari.net 2.435
Blogak.com 1.200
Mundua.com 250
Nireblog 588
Mahatsorriak 15
GUZTIRA 4.488

Gainerakoak
Kopuru horiei beste 100 gehitu dizkiet, hortik zehar, beste plataformetan dabiltzan euskal blogariak kontuan hartzeko. Horrela iritsi gara hasieran emandako datura: 5.464 blog. Hala ere, kontuan izan kopuru horri beroarenak kendu behar zaizkiola, Sifryk proposatutako bidetik, eta orduan geratuko garela 3.005 bat blogekin, zelan edo halan euskaraz ari direnak.

Kopuru esanguratsuak dira, inondik ere. Anjel Lertxundiren hitzetan: “historian zehar noiz jardun du hainbeste jendek euskaraz idazten?”. Jabi Zabalak beste modu honetan adierazi du kopuruok eragindako harridura: “nork esango zigun duela lau urte egun hainbeste euskaldun blogari izango ginenik!”.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 4 iruzkin

Urrezko ezteiak Lekeition

Ohorezko aurreskua
Egun paregabea igaro genuen atzo Lekeition. Jose Luis eta Gotzone osaba-izekoek ezkondu zireneko urrezko ezteiak ospatu zituzten. Bego emaztearen familiak ohi bezala, ospakizun hunkigarria eta alaia izan genuen atzokoa. Argazkian, Iñaki eta Aitor Larrañaga anaiak ohorezko aurreskua dantzatzen omenduei Lekeitioko parrokiaren aurrean. Gainerako argazkiak, hemen.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin

Glosario bat

Glosario bat idatzi dut sareko kontuen inguruan, nire Nahikotasun Frogan sartzeko, lan hori irakurriko dutenek, jakin dezaten zer esan nahi duten hor agertuko diren zenbait hitzek. Hemen argitaratuko dut, bi helbururekin: behar duenaren eskura jartzeko eta zuen iradokizunak jasotzeko. Mila esker.

(Aldaketa: Ricardo Gomezen proposamenari jarraituz, mugatzailerik gabe utzi ditut glosario honetako hitzak).

GLOSARIOA

Agregatzaile. Programa bat da, biltzen du informazioa beste informazio iturrietatik, eta antolatzen du informazio hori, dena batera, leiho bakar batean, irakurleak joan behar izan ez dezan, derrigorrean, jatorrizko iturrietara. Sarean egon daiteke edo off-line, norberaren ordenagailuan. Adibideak: Bloglines, Aurki.com, PageFlakes.

Bilatzaile. Aplikazio bat, zeinaren bidez edukiak aurki baitaitezke sarean, hitz gakoak erabilita. Google, Yahoo Search eta Live bilatzaileak dira.

Blog. Webgune mota bat da, aurretik txantiloietan prestatua, eta hor edukiak modu kronologikoan ordenatzen dira: berrienak goian eta zaharrenak beherago. Jendeak erantzun egin dezake bertan, eta beste batzuek horiei erantzun. Izan daitezke pertsonalak (Patxitrapero), taldekoak (Sustatu) edo tematikoak (Superbai).

Blog komunitate. Blogari talde bat, biltzen dena erakunde baten aterpean, komunitate bat sortzeko. Kasu horietan, blogariek errespetatu behar izaten dituzte komunitatearen arauak. Euskal Herrian hainbat daude: Eibar.org, Goiena.net, Uztarria.com, etab.

Blog plataforma. Tresna bat, zeinaren bidez edonork sor dezakeen blog bat, hiru pauso emanda: ireki kontu bat, eman zure datuak eta aukeratu eredu bat. Euskaraz, hainbat blog plataforma daude: Blogari.net, Blogak.com, Mundua.com, Nireblog eta Mahatsorriak.

Blogari. Pertsona bat da, blog bat eduki eta elikatzen duena. Blogariak dira, esaterako, Luistxo Fernandez, Patxitrapero eta Jabi Zabala, besteak beste.

Blogger. Blog plataforma bat, aitzindaria, Pyra Labs enpresak sortua eta ondoren Googlek erosia. Bertan edonork sor dezake blog bat, hiru urrats eginda. Hainbat hizkuntzatara dago itzulia.

Bloglines. Agregatzailerik ezagunena. Sarean dago, eta aukera ematen du informazioa biltzeko beste informazio iturrietatik, erabiltzaileak leiho bakar batean kontsulta dezan jasotakoa.

Blogosfera. Blog guztiak, blogak komunitate moduan ulertuta. Hortaz, euskal blogosfera da euskaraz idatzitako blogen multzoa.

CSS. (Cascading Style Sheets / Estilo Orriak Kaskadan). Hizkuntza bat da, eta zehazten du HTML dokumentu bat zelan formateatu beharko litzatekeen.

Dmoz.org. Ezaguna da Open Directory Project bezala, edukien direktorio eleaniztun eta irekia, Time Warnerena, baina boluntarioek eraikia eta elikatua. Aurki.com bilatzailea izan zen proiektu horren euskal ispilua.

Google News. Google enpresaren zerbitzu bat, hainbat hizkuntzatan emana; eskaintzen ditu saretik jasotako albisteak, taldetan antolatuta.

Hari@. Buletin elektroniko bat da, Sareko Argiak sortua, eta posta elektroniko bidez banatua harpidedunei. Hamar bat albiste banatzen ditu lanegunetan, jeneralean sarrera labur bat eta hainbat loturarekin.

Infoxikazio: egoera bat informazio betekadak eraginda, eta hor kaltetua blokeaturik geratzen da, ez dakiela zelan kudeatu informazioa.

Internet. Ordenadore arteko komunikazio-sare erraldoia, mundu-mailakoa, eta esaten zaio “sareen sarea”.

Jario. Feed ere deitzen zaio. XML artxibo bat da, izenburuak eta azalpenak ditu, eta erabiltzaileak jaso dezake bere agregatzailean, baldin eta aurretik harpidetu bada jario horretara. CodeSyntax enpresak Jarioa izena eman zion Aurki.com agregatzailearen proiektuari.

Nabigatzaile. Aplikazio bat da, eta berau erabilita erabiltzailea irits daiteke Interneten dauden webguneetara. Netscape eta Mosaic izan ziren hasierako nabigatzaile handiak. Gaur egun Internet Explorer erabiltzen da gehien. Baita Firefox, Opera eta Safari, besteak beste.

Open Directory Project. Ezaguna da Dmoz.org izenez, edukien direktorio eleaniztun eta ireki bat, Time Warnerena, baina boluntarioek eraikia eta elikatua. Aurki.com bilatzailea proiektu horren euskal ispilua izan zen.

Peer to peer komunikazio. (P2P) Sareko sistema bat da, non artxiboak ordenagailuetan dauden, eta, beraz, jaso ere ordenagailuetatik jasotzen diren, zerbitzari zentral batetik jaso ordez. Napster musika zerbitzu irekia izan zen p2p zerbitzu bat.

Planet. Internet planet edo planeta terminoak izendatzen ditu agregatzaile tematiko edo lokalak. Espainian daude Planeta Canarias edo Planet Granada, adibidez. Aurki.com euskarazko planet bat da, eta atalka sailkatua dago.

Posta zerrenda. Pertsona multzo bat da (edo helbide elektroniko multzo bat), gai jakin baten inguruan bildu dena, eta horren inguruan idazten diote elkarri posta elektronikoaren aldagai hori erabilita. Eibartarrak izango da posta zerrendarik zaharrena eta indartsuena euskarazkoen artean.

RSS. XML familiako fitxategi formatu bat da, eta prestatuta dago sarritan eguneratzen diren albisteen webgune eta blogentzat. Horri esker, posible da informazioa banatu eta beste webgune batzuetan erabiltzea. Horri sindikazioa deritzo.

Technorati. Interneteko bilatzaile bat da, eta lan egiten du blogekin.

Tumblelog. Blogaren aldaera bat, eta hobesten ditu mezu oso laburrak, iruzkin oso motzekin.

Txat. Posta elektroniko moduko bat, baina denbora errealean. Hainbat lagun aldi berean elkarri idazten Interneten. Horretarako, bat-bateko mezularitza erabiltzen da, Messenger adibidez.

Web 2.0. Web 2.0 da web aplikazio multzo bat, erraza, eta laguntzen du lanak sortzen eta partekatzen. Adierazten du World Wide Web amaraunaren bigarren aldi bat, garatuagoa eta malguagoa.

Webgune. Web orri bilduma bat da, helbide bakarrean batuta.

Wiki. Webgune berezi bat da, bertako edukia edozeinek gehitu, moztu edo aldatu baitezake. Wiki hitzak “bizkor” esan nahi du hawaieraz.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 8 iruzkin

Istripu bat, noiz gertatuko zain

Telmo Deun lanean
Zumaian ginela, atentzioa eman zigun hango barra zer arriskutsua den lekurik gehienetan. Goiko pasealekutik joanez gero, tarterik luzeenetan han ez dago barandarik jendea babesteko, nahiz eta garaiera aldea sekulakoa den.

Argazki hau, adibidez, atera genuen goiko pasealekuan. Hortik bigarren mailara hiruzpalau metro egongo dira. Eta hirugarrenera, beste horrenbeste. Ingelesek dioten moduan, an accident waiting to happen, horixe da Zumaiako barra, istripu bat, noiz gertatuko zain.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Iruzkin 1

Asteburu bat Zumaian

Iturrira, Bartolo, nahi badezu etorri…

San Petri eguneko arratsaldean maleta egin eta Zumaiara joan ginen, Landarte landetxera. Etxe ederra, leku zoragarri batean, Artadi auzoan, artez inguraturik. Zumaian, gainera, jaiak ziren, eta hori nabaria zen kalean. Iluntze ederra igaro genuen. Oinez joan barraraino, Erribera kale jendez betean ibili, suzko erruberak landetxetik ikusi… Goizean, berriz, kanpoan gosaldu, egunkariak lasai irakurri, tenplau berba egin… Handik irtendakoan, Itzurun hondartzara… Pozik itzuli gara etxera. Hemen argazkiak.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Zenbat blog daude euskaraz?

Euskal blogosfera 2001ean sortu zen, Sustatu.com blogarekin. Gaur egun, berriz, ia sei urte igarota, 4.500 blog inguru ditugu euskaraz. Jakina, blog horiek guztiak ez daude bizirik. Euskarazko blog horiei aplikatzen badiegu David Sifryk Technorattin erabiltzen duen neurria, blog horien %55 bakarrik leudeke bizirik, alegia, azken hiru hilabeteotan behin gutxienez zerbait argitaratu dutenak. Orduan esan beharko genuke euskarazko blogak 2.475 direla, zelan edo halan bizirik daudenak. Polifonia ederra, euskarak aurretik inoiz bizi gabea.

Bilakaera mantsoa
Euskal blogosferak hiru aldi izan ditu nagusiak, azkenekoa izan ezik, hazkunde motelekoak.

  1. Sustatu. Bi urte eta erdiz, Sustatu izan zen ia blog bakarra euskal blogosferan. Berau izan zen, gainera, blogari askoren eskola eta lantegia. Hor ikasi genuen askok zelan idatzi blog batean.
  2. Blog komunitateak. Alboan utzita Sarean.com eta beste banaka batzuen esperientziak blog pertsonal moduan, hurrengo mugimendu esanguratsua izan zen blog komunitateena. Une horretara iritsita, hainbat blogari taldetan antolatu ziren, eta horien barruan hasi ziren blog pertsonalak ateratzen. Eibar.org (gaur egun, 23 blog) izan zen lehena blog komunitate bat sortzen, 2004ko uztailean sortu baitzen. 2005eko otsailean etorri zen Goiena.net (58 blog pertsonal eta 65 komertzial). Eta atzetik, Uztarria.com (23 blog) eta Berria egunkariak sortua (18 blog), besteak beste. Ahaztu barik, noski, bai EHUn eta baita Deustuko Unibertsitatean sortu diren blog taldeak, hainbat irakasleren inguruan. Blog komunitateak ere gune paregabeak izan dira euskal blogariak prestatzeko, baina ez dute blogintza masiboa bihurtu, blog komunitateen garaian blogak hamarrekotan sortu baitziren.
  3. Blog plataformak. Horiek ekarri zuten aldaketa handia, berauek erabilita edonork sor baitzezakeen blog bat, horretarako bat ere ikastarorik egin gabe. Blogari.net izan zen aitzindaria, 2006ko martxoan agertu baitzen. Gaur egun Blogari.net-en daude 2.435 blog. Bigarrena izan zen Blogak.com, zeinek gaur egun dituen 1.200 blog. Eta hirugarrena, nik dakidala, Mundua.com etorri zen, eta horrek ditu 250 blog oraintxe bertan. Ikusten duzue, hortaz, hirugarren aldi honetan blogak ehunekotan sortu direla.

Zenbatu egin ditut hor agertutako datuak, eta, badaezpada, erantsi diet 450 blog gehiago, pentsaturik hortik zehar egongo direla ikasbitakora gehiago (aipatutako unibertsitateetan eta Jakintza bezalako ikastetxeetan). Horrela iritsi naiz 4.500 blogera. Gero, noski, beroarenak kendu dizkiot kopuru horri, Sifryren metodoa aplikaturik.

Mila esker Iban Arantzabal, Josu Azpillaga, Gorka Julio eta Aitor Ortuondori, beren plataformei dagozkien datuak emateagatik.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , , , , , | 16 iruzkin