8. probintzia, 10. saioa

Horra “8. probintzia“ irratsaioaren 10. saioa. Azaroaren 18an egin dugu Euskadi Irratian, Amarauna saioan.

Edukiak
Hamargarren saioan honako gai hauek jorratu ditugu:

  • Blogak, multimedia.
  • Zertaz hitz egin den aste honetan euskal blogosferan.
  • Bi blog aipagarri: Teketen 2.0 eta The Indezents.

powered by ODEO

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Lana egiteko beste modu bat

Gaur egun enpresa askok posta elektronikoa erabiltzen dute elkarri jakinarazteko zer arazo sortzen diren sistema informatikoetan sortzen diren arazoak, horiek lehenbailehen konpontze aldera. Hona hemen adibide bat; hiru pertsonaren arteko mezuak dira, webgune bat arazoak izaten hasi zenean:

  1. Orain ezin da gure webgunetik artikulurik onartu, Mail error ematen du: Zerbitzuen kodifikazioarekin du zerikusia horrek. Izatez, ez da Zerbitzuen elementurik ikusten portadan.
  2. Joder, nik plantillako Zerbitzuak ezabatu nituen, baina nere ondoren Inaziok berriz kargatu zuen, eta horrengatik jarraitzen du kakaztuta. INAZIO! Kode gidoi horrek kakazten dituela Zerbitzuak!
  3. Oraintxe enteratu naiz, sorry! Aldatu dut. Kode hostia hau 😉

Kasu honetan baina, hiru pertsona horiek enpresa berean ari ziren lanean, gela berean, elkarrengandik oso gertu. Mezuak idatzi bitartean, burua altxatu ere ez zuten egin, ezta elkarren artean hitz egin ere. Dena posta elektronikoz. Lan egiteko moduak aldatzen ari dira.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Laugarren gizona

Jose Mari Eraña

Atzo arratsaldean Ekiten eguna izan genuen HUHEZIn, jardunaldi bat ekintzailetasuna sustatzeko Ikus-entzunezko Komunikazioa eta Humanitateak-Enpresa ikasten ari diren ikasleen artean. Hori dela-eta, hiru hizlari izan genituen fakultatean: Xabier Letona Argia astekariko zuzendaria, Jose Mari Eraña Arrasate Press eta Arrasate Telebistako sortzailetariko bat eta Mikel Irizar, Goienako lehen zuzendaria.

Une batean, Jose Mari Erañak esan zuen zenbait unetan egoera eskizofrenikoa bizi izan zuela Arrasateko Udalean, askotan berak proposatu behar izaten baitzuen zer egin Arrasate Pressetik etortzen zitzaizkion eskariak, hain zuzen ere berak isilean proiektuko bultzatzaile moduan bidaltzen zituen proposamenak. Horregatik, beti ilunpetan geratu behar izan zuen, jakinda bera zela proiektuaren sortzailea. Eta, atzo aitortu zuenez, zenbaitetan hori gogorra egin zitzaion.

Hori entzunda, gogoratu nintzen inoiz idatzi nuela artikulu labur bat horren inguruan. Aurkitu dut artikulua, zeina argitaratu baitzen 1995ean Arrasate Pressen, Mondragoeko aldizkariak 300. alea bete zuenean, eta hona ekartzea erabaki dut, Jose Mariren omenez:

Laugarren gizona
“Zazpi urte igaro diren arren, gogoan dut nola Jesus Garmendiak deitu zidan Bergarako Udal Euskaltegira esanez ea Arrasatera etorriko nintzen bilera batera “aldizkari bat-edo, egiteko”. Bilera AEDn egin zen eta lau lagun bildu ginen. Hantxe hasi zen gerora Arrasate Press izango zena.

Lau lagun haietatik, lehen zuzendaria izan nintzelako seguruenik, neu bilakatu nintzen Arrasate Presseko aurpegi publikoa. Gainerako sortzaileak ez ziren hainbeste agertu. Hala ere, euren lana ezinbestekoa izan zen aldizkaria sortzeko eta iraunarazteko.

Iñaki Mendigurenek euskarari zegozkion irizpideak ezarri zituen aldizkarian. Idatzi, zuzendu, itzuli… denetarik egiten zuen. Arrasate Presseko bigarren zuzendaria izan zen.

JFDT, José Félix Díaz de Tuesta alegia, tresneriaz, diru kontuez eta publizitateaz —zertaz ez?— arduratu zen. Taldeko suhiltzailea. Arrasateko Udaleko Euskara zerbitzu burua izanik, badaezpada ez zen larregi agertzen aldizkariko ordezkari moduan. Hala ere, jendeak bazekien buru-belarri sartuta zebilela.

Baina, nor zen laugarrena? Laugarren gizona, itzalean geratu zena, proiektuaren sortzailea izan zen, hain zuzen: Jose Mari Eraña. Berak zuzendu zuen AEDn egin genuen lehen bilera hura. Aldizkari bat euskaraz egiteko asmoa azaldu zigun eta ea zer iruditzen zitzaigun galdetu. Taldeko estratega bihurtu zen, begirada urrutien luzatzen zuena. Oztopoak aurrez ikusteko eta saihesteko iaiotasun aparta zuen. Bere esku hartzea halabeharrezkoa egin zen udalbatzako zinegotziekin eta alderdi politikoekin hitz egin behar izan zen guztietan. Baita herriko elkarte eta taldeekin izan beharreko harremanak prestatzeko orduan ere. Arrasateko Udaleko idazkaria zen, ordea, eta horregatik, eta bere izaeragatik, bigarren mailan geratu zen beti.

Zazpi urte eta hirurehun zenbaki joan dira eta jende berriak daraman aldizkari berritua dugu Arrasate Press. Horixe da lehen bilera hartan ereindako haziaren fruiturik onena. Zorionak denoi!”.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin

Sei urte blogeatzen

Joan den azaroaren 8an Faroak hiru urte bete zituen, 2004an hasi bainintzen blog honetan idazten, nahiz eta orduan Blogger plataforman izan. Sustatun, berriz, 2001eko hondarrean hasi ginen. Beraz, sei urte blogeatzen, hor nonbait. Gaur kopa bat ardo edango dut hori ospatzeko.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 10 iruzkin

Jing edo pantaila-bideoak

Egun hauetan aplikazio bat probatu dut, Jing, eta horren bidez pantaila-bideoak egin ditzaket, ingelesez screencast deitzen direnak. Pantaila-bideoa bideo-grabazio bat da, eta erakusten du ordenagailuaren pantailan zer gertatzen den. Batzuetan ahots eta guzti joan liteke. Gaur egun asko erabiltzen da, bai irakaskuntzan eta bai tutorialak egiteko, edozein motatakoak.

Jing Windows eta Mac sistema eragileekin erabil daiteke; nik Mac OS Xekin erabili dut, arazo barik. Nahikoa da aplikazioa jaistea nor bere ordenagailura, hortik aurrera, ordenagailua pizten den bakoitzean, Jing ere piztu egiten da. Nire ordenagailuan, pantailaren goiko aldean kokatzen zait, eskuin partean.

Bi aukera
Jing aplikazioak aukera ematen du pantaila-argazkiak eta pantaila-bideoak egiteko, erabiltzaileak zer aukeratzen duen, bat ere kamerarik erabili barik. Pantaila-bideoen kasuan, beharrezkoa da aurretik ondo pentsatzea zer egin eta zer esan, irudiak eta hitzak uztartuta doaz-eta. Behin grabazioa eginda, aplikazioak gordetzen ditu bideoak Screencast.com webgunean, beraz, komeni da hor ere izena ematea. Bideoak zer iraupena duen, denbora gehiago edo gutxiago beharko da ordenagailutik Screencast.com-era igotzeko.

Ikusi nahi baduzue adibide bat, ikusi nik prestatu dudana Jing erabilita: “Zelan txertatu argazki bat blogean”. Mikro barik grabatu nuen, ordenagailuari zuzenean hitz eginda.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin

8. probintzia, 9. saioa

Horra “8. probintzia“ irratsaioaren 9. saioa. Azaroaren 11n egin dugu Euskadi Irratian, Amarauna saioan.

Edukiak
Bederatzigarren saioan honako gai hauek jorratu ditugu:

    * Euskal idazleak blogari.
    * Zertaz hitz egin den aste honetan euskal blogosferan.
    * Bi blog aipagarri: G&A: Gauez eta azpikeriaz eta Dantzan.com.

powered by ODEO

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Nire tesia euskarazko Wikipediaz izango da

Aldatu egin dut nire doktore tesiaren gaia: ez da izango euskaldunok zelan erabiltzen ditugun informazio batzaileak; izango da euskarazko Wikipedia. Aldaketa handia da, eten egin baitut orain arte landu dudan gaiarekin, baina erabakia ez dut bat-batean hartu.

Nahikotasun froga egin nuenean Aurki.com informazio batzailearen gainean, ordurako argi nuen doktore tesia ez nuela egingo Aurkiren haritik tiraka, sumatzen bainuen horrek ez lukeela askoz ere gehiagorako emango. Hori zela-eta, hasi nintzen pentsatzen aztertuko nituela informazio batzaileak orokorrean, hobeto esanda, euskaldunok zelan erabiltzen ditugun informazio batzaileak (Aurki.com, Bloglines, Google Reader…) eta zelan kudeatzen dugun informazio gainkarga.

Hala ere, errezeloa nuen gai hori horrela eginda, berdin-berdin egin zitekeela Norvegian edo Hego Afrikan, eta ez zuela lotura handirik izango euskal komunitatearekin, Nahikotasun frogako epaimahaikideek iradoki zidaten moduan.

Jakiunde eta Jimmy Wales
Horrela nengoela, Jakiunde erakundearen berri izan nuen. Ez zitzaidan gustatu. Ordenagailura joan, eta idatzi egin nuen horren gainean, eta hausnarketa labur bat egin nuen eliteen moldea eta wiki moldea kontrajarrita.

Astebete geroago, Gasteizera joan nintzen Jimmy Wales Wikipediako sortzaileari entzutera. Gogoan dut aretoan sartu bezain laster pentsatu nuela Wikipedia izan zitekeela gai aproposa nire doktore tesirako, euskarazko Wikipedia. Ondoren, Jimboren zenbait erantzunek sendotu egin zuten hasierako ustea. Badaezpada, Arkaitz Zubiagari galdetu nion ea doktore tesirik eginda ote dagoen euskarazko Wikipediaren inguruan, eta hark ezetz.

Handik bi egunera galdera egin nion nire tesi zuzendariari, Aitor Zuberogoitiari. Ondo iruditu zitzaion. Atzo, bestalde, nire erabakiaren berri eman nuen Oñatin, MUren Enpresa Zientzien Fakultatean egiten ari nintzen ikastaro batean, tesiaren inguruko metodologiaz hitz egiten ari baikinen. Ikaskideek barre egin zuten, bi astean bi gai aipatu nituelako, oso bestelakoak, baina ikusi zuten euskarazko Wikipediak ematen zuela tesi bat baino gehiagorako.

Beraz, bai. euskarazko Wikipedia izango da nire doktore tesiaren ikergaia. Orain mugatu egin behar dut gaia eta galderak idatzi, galderek gidatuko dituzte-eta metodologia eta erantzunak.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 4 iruzkin

Wikipediaren alde

Motibo asko dago Wikipedia entziklopediaren alde egiteko. Hona hemen banaka batzuk:

  • Fidagarria da. Wikipediak baditu akatsak, beste entziklopediek dituzten bezala, baina akatsok oso bizkor zuzentzen dira, besteetan ez bezala. 2004an Alex Halavais Buffaloko Unibertsitateko irakasleak 13 akats sartu zituen, nahita, Wikipedian. Ordu pare bat igaro aurretik, koponduta zeuden.
  • Zehatza da. 2005eko abenduan Nature zientzia aldizkariak alderatu zituen 43 artikulu Entziklopedia Britannican eta Wikipedian. Aldizkariaren ustez, Entziklopedia Britannicarenak ziren apur bat zehatzagoak. Steve Jobsen iritziz, Wikipedia da entziklopedia zehatzenetako bat.
  • Bizkorra da. 2004ko Gabonetan tsunami batek eraso zituen Indiar Ozeanoko kostaldeak, eta hil zituen 175.000 pertsona. Bederatzi ordu geroago sarrera bat zegoen Wikipedian, 76 hitzez osatua, tsunamiaren gainean. Hogeita lau ordu geroago, sarrera hura 400 aldiz editatua zen, eta 3.000 hitz inguru zituen, argazki, grafiko eta taula eta guzti, hondamendia hobeto azaltzeko. Berrogeita zortzi ordu geroago, sarrerak zituen 6.300 hitz eta editatu zuten 1.200 aldiz. Grafiko gehiago zituen, eta bideo bat. Sei hilabete geroago, hasierako sarrerak izan zituen 7.000 aldaketa baino gehiago, eta bukatu zuen 7.200 hitzekin. Sarean ez zegoen beste webgunerik hainbeste informazio eskaintzen zuenik tsunamiaren gainean.
  • Demokratikoa da. 2007ko azaroan 1.000.000 erabiltzaile zituen, izena emandakoak. Sekula ez du hainbeste jendek parte hartu horrelako proiektu batean, munduko jakintza toki batean jartzeko helburuarekin.
  • Handia da. 2007ko azaroan Wikipediak 8.000.000 artikulu zituen argitaratuta.
  • Librea da. Wikipedia software librean oinarrituta dago.
  • Doakoa da. Wikipediak lurperatu egin ditu hainbat ordainpeko entziklopedia.
  • Euskalduna ere bada. 235 hizkuntzatan argitaratzean da, tartean euskaraz. Gureak 21.214 artikulu ditu argitaratuak.

Jakina, euskarazko Wikipedia oraindik ez dago ingelesezkoaren parean. Baina badakigu haren ereduak balio duela. Beraz, hori izango da gure erronka etorkizunean: geurea onenen mailan jartzea.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 4 iruzkin

Faroaren oihartzuna Sustatun

Ikasturte honetan Sustatuk hiru artikulu hartu ditu Farotik, editoreek interesgarri iritzita. Editoreek ez ezik, irakurleek ere interesgarritzat jo dituzte artikuluok, hirurak baitaude iraila ezkero gehien klikatu direnen artean.

Sailkapena Artikulua Jasotako klik kopurua
1. Txortan, etimologia 981
11. Pornografia 2.0 erara 700
15. Jakiunde eta Wikikunde 611

Sustatu efektua
Horrelakoetan eragina noranzko bietan igartzen da: Sustatuk hartzen du zerbait Farotik, baina ordainetan Faroak bisita piloa jasotzen ditu Sustatutik bueltan. Ez daukat esaterik zenbateko den Sustatu efektua, Goiena.net-ek ez baitauka neurgailurik bere blog komunitatean, baina badakit oso nabarmena dela.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Zelan bihurtu sakelako telefonoa eskaner

Bai. Zure segapotoa eskaner bihur daiteke, zure eskuko eskanerra, baldin eta argazkiak atera baditzake. Berdin zure argazki kamera digitala. ScanR.com etxeari esker. Proba egin dut, eta badabil, xemeikorik ordaindu barik.

Argazki bat atera diot MUniversitas aldizkariaren orrialde bati, eta ScanR.com webgunera bidali dut posta elektroniko bidez. Handik bost minutura, nire argazkia PDF dokumentu bihurtuta zegoen, nire ordenagailuan. Bereizmen apaleko PDFa zen, baina egokia irakurtzeko.

ScanR.com-ek, gainera, aukera eman dit dokumentu bera testu gisa jaisteko. Jaitsi dut, eta, jatorrizko orrialdea lau zutabetan zegoenez, eta despiezatua, testua apur bat nahasita jaso dut, baina hor zegoen dena.

ScanR.com
Enpresa horrek JPEG irudiak jasotzen ditu, eta PDF edo Word dokumentu bilakatzen ditu. Horretarako, erabiltzaileak izena eman behar du webgunean. Zerbitzarii multzo batek prozesatzen du jasotako irudia. Ondoren, beste prozesadore multzo batek harrapatzen du dokumentuan dagoen ageriko testu guztia, garbitu eta PDF bihurtzen du. Hori guztia 30 bat segundotan, eta jendearen partehartze barik.

Zerbitzua hilean bost aldiz erabiliz gero, doakoa da. Aldiz, hilean 3 dolar ordainduz gero, muga barik erabil daiteke.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina