Interneti esker, ikusi egin ditut hautagai garrantzitsuenen hitzaldiak bai demokraten biltzarrean, Denverren, eta baita errepublikanoenak, Saint Paulen, biak AEBetan. Batzuetan, CBS erabili dut horiek ikusteko, eta bestetan NBC.
Demokratak, ondo
Demokraten artean, bost hizlari nabarmenduko nituzke: Michelle Obama, Hillary Clinton, Bill Clinton eta, denen gainetik, Barack Obama. Lehenengo lauren hitzaldiak onak iruditu zitzaizkidan, mamitsuak eta ondo bilbatuak, bakoitza bere estiloan: hunkigarria Michelle, indartsua Hillary, eraginkorra Bill. (Joe Biden ere ondo egon zen, baina militarrei egindako keinuak ez zitzaizkidan gustatu).
Baina Barack Obamarena neurriz kanpokoa iruditu zitzaidan: hura ez zen izan hautagai baten hitzaldi alderdikoia, baizik eta manifestu bat erabatekoa, bere herriak aurrera egin dezan bere gidaritzapean. Begori eta zenbait neba-arrebari ere antzeko zerbait iruditu zitzaien, denok ikusi baititugu hitzaldi hauek guztiak. Baina harrigarriena izan da ikustea Pat Buchanan kazetari kontserbadoreak zelako loreak egin dizkion Obamari bere hitzaldiagatik, haren ustez horixe izango baita AEBetako historian horrelako biltzarretan sekula egin den hitzaldirik onena.
Errepublikanoak, hutsal
Sarah Palin hautagaiaren hitzaldia ikusi nuen, eta, ondo irakurri bazuen ere, hutsala iruditu zitzaidan, bere hitzaldia esaldika eraikita baitzegoen, bakoitzaren bukaeran txaloak jasotzeko asmoz, eta gehienak ziren ziriak demokratei botatakoak (bide batez, behin bakarrik aipatu zituen izenez, bestela “our oponents” izendatzen baitzituen, “gure aurkariak”), oso modu alderdikoian.
Eta zer esan McCain lehendakarigaiaren gainean? Zer ikusirik ez aurreko guztiekin. Bera izan zen eskasena nire iritziz, esandakoak ere txarto esan zituelako.
Postscriptum: Hizlari guztiek hiru teleprompter erabili zituzten beren hitzaldien testua irakurtzeko. Baina horretan ere, batzuk hobeto moldatu ziren, nire gusturako Bill eta Barack denen gainetik.