Narziso

Aurrekoan entzun nion bati, ez dut gogoratzen nori, esaten zuela blogetan idazten dugunok narziso hutsak garela. Eta gogoak hegan egin zidan Greziako mitologiara, eta Narzisoz gogoratu nintzen, bere buruaz maitemindu zen gazteaz.

Hona hemen Lur Hiztegi Entziklopedikoak nola jasotzen duen Narzisoren historia:

Eko ninfaren maitasunari uko egin ziolarik Jainkoak haserretu zitzaizkion (Narzisori). Hala, bere buruaren irudia uretan islatua ikusi zuenean, guztiz maiteminduta geratu zen hartaz. Orduan, bere irudia eskuratu ezin izan zuela eta, ur ertzean geratu zen etsita eta hantxe hil zen, maiteminez. Horrela, lore bilakatu zen eta halaxe sortu zen narziso lorea, antzinako greziarrek gazte hiltzen zirenen sinbolotzat zutena.

Garbi dago narzisismo hitzak elezahar horretatik hartu duela izena. Baina, badago esaterik blogegileok neurriz gain miresten dugula geure burua? Baliteke gure egoa besteena baino piska bat puztuagoa egotea, baina ez dut uste hori denik arazoa kontu horretan.

Informazioaren gizartean, eta informatika eremu berrietara zabaltzen den neurrian, gero eta zailagoa izango zaigu pribatasuna gordetzea. Haziendak, Osakidetzak, Ertzaintzak, bankuek eta saltzaileek gero eta gehiago dakite gutaz: zenbat irabazten dugun, zertan gastatzen dugun, zer gaixotasun ditugun, inoiz kartzelan izan garen, maitalerik dugun… Dagoeneko nahiko biluzik gaude eremu latz honetan, Xabier Letek esaten zuen bezala.

Horregatik erabaki dut blog honetan idaztea eta zuekin partekatzea nire burutazioak, ahal izanez gero inor aspertu gabe.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

Erantzun bat Narziso bidalketan

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude