Atzo ere Durangon izan ginen, baina Arnedilloko lagun batzuekin joanda, ikus zezaten bertatik bertara Durangoko Azoka. Arratsaldeko 18:00etan iritsi ginen, eta denbora gutxi egin genuen Landakon; nahikoa, hala ere, gure lagunak harri eta zur irten zitezen: âEtorri egin behar da hona, gero, sinisteko zer den hauâ, esan zuen Anak behin baino gehiagotan.
Nik ere atzo zapaldu nuen lehen aldiz azoka berria, azken bi urteotan ez bainintzen han agertu, makalegi nengoen-eta. Eraikin dotorea iruditu zitzaidan. Eta han nenbilela, lagun gutxi batzuk agurtu nituen.
Lehenengo eta behin, Maider Osa ikusi nuen, aspaldiko lankidea Goiena Telebistan. Maider Bergarako Udalean dabil orain, eta esan zidanez, gutxi idazten du orain, nahiz eta noiz behinka izkiratzen dituen zenbait poema. Aspaldi dakit Maiderrek baduela literaturarako grina, eta zain nago noiz argitaratuko duen lehen lana.
Handik gertu, Inaxio Mujika Iraola agurtu nuen, Alberdania argitaletxean. Hasieran ez ninduen ezagutu; normala, bestalde, kontuan izanda oso aldatuta nagoela gaixotu nintzenetik. Inaxiok hitz gozoak eskaini zizkidan, geroago Julen Gabiriak bezala. Julen Elkar argitaletxean zegoen, eta bagenuenez harremana posta elektroniko bidez, hurreratu nintzaion agurtzera. Biok poztu ginen elkar ezagutzeaz, niretzat, behintzat, Julen Gabiria baita idazlerik kuttunetakoa.
Aurreratxoago Txiliku ikusi nuen, liburuak sinatzen, eta ez dakit nola, ez baitut Txiliku bera ezagutzen âuste dut, urteak aurrera egin ahala, lotsabakotzen ari naizelaâ, hurbildu eta zorionak eman nizkion Osaba Bin Floren liburuagatik, eta oso polita dela esan nion.
Libururik ez nuen erosi, hori gaurko utzi nuen, baina aprobetxatu genuen Plateruena Kafe Antzokian sartu eta trago bat hartzeko. Itzela iruditu zitzaidan, jendez gainezka, gainera. Arrakastarik handiena opa diet Berbaro elkartekoei, ea Plateruena mugarri bihurtzen den kulturan, gastronomian eta entretenimenduan.
Niretzat plazer itzela izan zen zu aurrez aurre ezagutzea, Joxe. Ea noizbait geratzen garen lasaiago, zerbait hartzeko. Julen
Elorriok oso paraje politak ditu. Egun batean etortzen bazara, gustura erakutsiko dizkizut. Badakizu hemen primerako txakolina egiten dela?