Errege bisitaren ajeak

Egun batzuk igaro dira Espainiako errege-erreginak Arrasatera etorri zirenetik, eta uste dut MCCk ez duela asmatu, monarka espainiarrak ekartzeagatik baino, nola kudeatu duen kontu guztia.

Baina aurrera egin aurretik, datu batzuk emango ditut, lagunduko digute-eta hobeto ulertzen zer gertatu den: Fagor Etxetresna Elektrikoak saltzen du bere produkzioaren %70 estatu espainiarrean, eta hor ateratzen du etekin bat, %30ekoa, beste inon ez duena. Beraz, Fagor lider da estatu espainiarrean, eta hor irabazten du dirurik gehien. Antzeko zerbait gertatzen da Eroskirekin: hirutik bi Espainian saltzen du. Berdintsu MCC taldeko enpresa handienetan.

Boikota
Badago, hala ere, beste datu bat aintzat hartzekoa: PP agintean egon zen urteetan kanpaina gogorrak antolatu ziren Espainiako zenbait hedabidetan, eta horietan guztietan esaten zen euskal kooperatibak ari zirela ETA finantzatzen. Antza denez, kanpaina horiek kalte handia egin diete kooperatibei. Eta egoera horri buelta emateko-edo, MCCk antolatu du Espainiako errege-erreginen bisita, horrek zelaituko dituelakoan gaur egun Espainian aurkitzen dituen aldapa asko.

Hori esanda, aitortu behar dut nire iritzirako MCCk eskubide osoa duela nahi duena gonbidatzeko Arrasatera: Espainiako errege-erreginak, Aita Santua, Putin, Bekham, Sharon Stone edo Maria Santisima. Garbi izanda, noski, Juan Carlosek eta Sharon Stonek gauza diferenteak ordezkatzen dituztela. Aitortu nahi dut, halaber, aurreko eskubideari eransten zaiola beste eskubide bat, protesta egitekoa, eta hori dute gonbidatua begi onez ikusten ez dutenek.

Niri, egia esan, askoz ere gehiago gustatuko zitzaidakeen Garaia inauguratzeko gonbidatu balute beste pertsona bat, neutroagoa eta aldi berean lotuagoa Garaiak izan nahi duenarekin, adibidez, Tim Berners-Lee, amarauna sortu zuena Interneten. Mundu guztian da mirestua, eta esangura berezia du. Baina gure agintariek, nahiago Borboiak.

Sekretismoa
Dena dela, aukeraketan baino, uste dut MCCk huts egin duela komunikazioan. Dena sekretupean eraman du azken unera arte. Kooperatibista gehienek, kargudunak izan edo ez, kanpotik jakin izan zuten Espainiako errege-erreginak zetozela MCCk gonbidatuta. MCCko inork ez die Euskal Herriko korporazio handieneko langileei txintik ere esplikatu, zergatik gonbidatu dituzten Juan Carlos eta Sofia, zer onura edo kalte ekarriko dien gonbidapen horrek, etab. MCCk tratatu ditu bere langileak umeak balira baino okerrago.

Orain MCCk berak neurtu beharko du zer etekin atera dion bisita horri: Espainian eta Euskal Herrian. Espainiakoa neurtzeko, denbora beharko da. Dena dela, Errege Etxeak ez zuen asko lagundu, erregeak berak adierazita Cristina infanta haurdun dela berriz ere, ostegunean bertan eta baita ostiralean ere, hedabide askotan hori izan baitzen albiste nagusia errege-erreginen inguruan.

Eta Euskal Herriari dagokionez, bisitak lehen baino okerrago utzi ditu gauzak: langile gehienak disgustura aukeraketarekin eta korporazioak nola tratatu dituen, eta hedabideetan banaketa irudia talde kooperatiboaren barruan.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

Erantzun bat Errege bisitaren ajeak bidalketan

  1. egilea: Anonymous

    Tim Berners-Leek nekez emango lioke oniritzia Pologaraia.es bezalako webgune bati, estandarrak jarraitu beharrean Macromediaren teknologia propietario eta erabilkaitzen oinarritutako web bati. Luistxo

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude