Oñati

Atzo “Oñatin”:http://www.oinati.org/pub/eusk/index.php izan nintzen, Arrasate Argitan taldeak liburu bat aurkeztu baitzuen, bikaina, Oñatiren gainean. Argazki liburua da, 192 orrialdekoa, argazki zoragarriak ditu, baina ez hori bakarrik, izan ere, bost artikulu ere badakar liburuak, zein baino zein politagoa. Sinatzaileak dira Idoia Etxeberria, Kirmen Uribe, Juan Luis Arsuaga, Miquel Desclot, Alexandre de la Cerda eta William Douglas. Eta horietaz gain, liburuak hainbat aipamen jasotzen ditu Euskal Herriaren gainekoak, historian nor izan den jendeak eginak, denak bost hizkuntzatan, liburu osoa bost hizkuntzatan egina baita. Azken emaitza izugarri gustatu zait. Uste dut oñatiarrak pozik egon daitezkeela, orain edonon erakusteko moduan daude-eta beren herri ederra.

Hala ere, liburuak badu baina bat, nire iritzian behintzat: testuak agertzen dira ez beltzean, baizik eta beltzaren matiz batean, gris tankeran, eta horrek nabarmen oztopatzen du irakurketa. Pena da, zeren testuak onak dira, baina jende askok ez ditu irakurriko, letraren tamaina txikia denean nekagarria delako, oso, testu horiek kolore grisean irakurtzea.

Baina

Aurkezpena bera oso ondo egon zen, nahiz eta hasieran bero handia pasatu genuen. Jende asko zegoen han. Sartu baino ez Antonio Murillo agurtu genuen, nire ikasle ohia. Berak eman zigun ale bana Begori eta bioi. German Barrena ere agurtu genuen, Gertu moldiztegiko nagusia eta aspaldiko laguna. Baita Jose Felix Diaz de Tuesta laguna, proiektu honen arimetako bat eta zeremonia maisua.

Aurkezpena

Barrurago, Idoia Etxeberria agurtu genuen, Berriako kazetari fina, eta liburuko testu bateko egilea. Geroago, Andoni Salamero irakasle zumarragatarrak aho bete hortz utzi gintuen denok, irakurri zuenean Idoiaren testua, oso modu adierazgarrian eta bizian irakurri ere. Entzuten ari ginela, Pello Zabala ikusi genuen, bera ere arreta handiz jarraitzen aurkezpenak. Haien ondoan, **Iñaki Mendiguren eta Sarah Turtle senar-emazte itzultzaileak. Jerardo Elortza ere han zen, adi-adi entzuten. Baita Jose Mari Eraña, gure aspaldiko laguna. Eta argazkilari moduan, Gotzone Elu** lagun hondarribitarra. Musika ere, soka laukote batek jo zuen, dotore.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude