Gogoan dut noiz, non eta zer ikustera joan nintzen lehen aldiz Donostiako Zinemaldira. 1972an Astoria zinera joan ginen lagun batzuk Amara auzora, bertan Frenzy ikustera (Eroaldia), Alfred Hitchcock zuzendariaren orduko azken filma.
Artean 19 urte nituen, eta sentitzen nintzen mugarri baten aurrean banengo moduan, 8 bat urterekin Arrasaten Ben-Hur ikustera joan nintzenean bezala —orduan Jose Luis Iñarra Mondragoeko parrokoak sarrera bana oparitu zigun Musakolako mezamutilei.
Gustura ikusi nuen Frenzy hura, erabat liluratuta hilketa gertatu ondorengo plano luzearekin, non kamera eskaileretan behera kalera eta harago iristen zen, alboko errepidearen beste alderaino, auto eta jende artean nahastuta, etxe hartan ezer gertatu ez balitz bezala.
Pelikula bukatutakoan, sekulako txalo-zaparrada oparitu genion zuzendariari, hura ere berritasuna niretzat. Kanpora irtendakoan, baten batek aipatu zuen Luis Buñuel ikusi zutela publiko artean, eta detaile hark ere lilura gehitu zion estreinaldi hari, nire gogoan iltzatuta geratu dena sekulorum sekulotan.