Joan den ostiralean, uztailak 7, Aramaion izan nintzen, Etxaguen auzoan, bertan nintzen-eta elkartzekoa Mondragon Unibertsitateko nire lankide ohiekin, Ikus-entzunezko komunikazioa irakasten dutenak Aretxabaletako campusean. Pandemia zela-eta, hiru urte ziren elkartu ez nintzela eurekin, eta banuen horretarako gogoa.
Bateratze atsegina izan zen, oso. Gehienak aurkitu nituen nekatuta —normala, bestalde, ikasturtearen garai hauetan—, eta oso pozik, oporrak begi-bistan dituztelako. Gora iritsi ginenerako, janari eta edari gehienak ia prest zeuden.
Berba asko egin genuen, bai mahaiaren bueltan, eta larrinoan osatu genuen korroan ere. Horrelakoetan gertatzen den moduan, han ere elkarrizketa gurutzatuak nagusitu ziren: honekin hartaz, harekin honetaz… Aukera izan nuen, orobat, lankide berriak ezagutzeko, ordura arte whatssapez baino ezagutzen ez nituenak.
ADIN-ESKILARA
Orain zenbait urte, konturatu ginen gure artean osa genezakeela adin-eskilara bat, zaharrenetik gazteenera 40 urte zabaltzen dena. Orduan atera genuen argazki bat, eta ostiralean egin genuen beste bat, goian agertzen dena.
Eskuinetik ezkerretara, ni naiz zaharrena, 1952an jaioa; gero Goio Arana dago, hamar urte gazteagoa; ondoren Aitor Zuberogoitia, ni baino 20 urte gazteagoa; Yera Sanchez, 30 urte gazteagoa; eta azkenean, Beñat Flores, ni baino 40 urte gazteagoa.
Amaia Pavonek eta Iñaki Etxebeste haren senarrak egiten dute magia gu elkar gaitezen Aramaioko mendien magaletan. Beste behin, mila esker biei!