Suizidioaz

Thelma & Louise filmaren une bat.

Gizon batek bere buruaz beste egin du. Zure adina du. Ez dakizu zerk eraman duen suizidiora. Berriak erasan egin zaitu, baina ez Saturraranen zeundela gertatu izan balitz bezala. Orduan Elizak erakusten zizuen suizidak infernura joaten zirela zuzenean, eta Elizak berak ez zituen onartzen halakoak “lur bedeinkatuan” lurperatzea. Hildakoaren familiarentzat, estigma galanta.

Baina gizartea aldatu egin da eta, gizartearekin batera, zu zeu ere bai. Orain lau urte Aurretiazko borondateen agiria sinatu zenuen, eta eutanasiaren alde zaude. Bai, hortik suizidiora tarte bat dago, baina ez didazu esango distantzia ez dela murriztu.

Zenbait heriotzak lagundu dizute suizidioa hobeto ulertzen, Iñaki Segurola idazlearena esate baterako, batez ere haren lagunek Iñakiren kasua esplikatzen egin duten lanari esker. Literaturak eta zinemak ere eragin handia izan dute horretan. Boteprontoan liburu bat eta film bat etorri zaizkizu burura: Moio, benetako kasu batean oinarritua, eta Thelma & Louise filma, herenegun ikusi zenuena. Bi kasu oso bestelakoak, baina bietan enpatizatu egin duzu suizidekin, ulertu egin duzulako zergatik egin duten azken urratsa.

Kontua da beren buruaz beste egiten duten gehienek ez dutela Kattalin Miner bat edo Ridley Scott bat beraien heriotzen arrazoiak kontatzeko, edo ez dutela gutun bat uzten suizidioaren arrazoiak esplikatzeko, gorago aipatu duzun gizonak bezala.

Badakizu ez zarela nor suizidioren bidezko inoren heriotza epaitzeko, baina bai familiaren minarekin bat egiteko. Zuk horixe nahiko zenuke zeuretzat, ezta?

Kategoria: heriotza Etiketak , , , . Gorde lotura.

Erantzun bat Suizidioaz bidalketan

  1. egilea: Iñaki Alegria

    Eutanasia eta suizidioa ez daude hain urrun.
    Eutanasia eta suizidio lagundua hiltzen laguntzeko bi bide dira. Europako lege gehienen ildo nagusia eutanasia da (medikuek/erizainek lagundu behar dute). AEBtan, Kanadan, Australian eta Suizan, berriz, suizidio lagunduaren ildotik bideratu dute (laguntza farmakoa eskuratzen baino ez dute ematen).
    Frantzian, agian, bigarrenaren alde egingo dute: https://www.sandiegouniontribune.com/en-espanol/noticias/story/2023-04-03/francia-debate-leyes-sobre-suicidio-asistido-y-eutanasia
    Suizidio (gutxi) batzuk eutanasia lortu ezin ondoren gertatzen dira, esaterako:https://elpais.com/sociedad/2021-09-23/se-suicida-en-un-hotel-de-madrid-la-mujer-que-pidio-que-se-le-aplicara-la-eutanasia.html

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude