Eivissan, Sant Jordi gogoan

Bego eta biok Formenteran, Sa Roqueta hondartzan.

Aste honetan lau egun igaro ditugu Balear Uharteetan, zehatzago esanda, Eivissan, beronen hiriburuan, egun batez kuku bat eginda Formentera uharteari. Argiz betetako egunak izan dira, Mediterraneoak oparitzen dituen horietakoak.

Salbu aireporturako joan-etorriak eta ferryz egin beharreko bidaia, oinez ibili gara nonahi, eta horrek aukera eman digu bazterrak hobeto ezagutzeko.

EIVISSA

Uste baino handiagoa iruditu zait Eivissa hiriburua, bai portu ingurua eta baita alde zaharra, ederrak biak. Txukuna ere bai, turistei begira, hori bai, hotelez, ostatuz eta alokairu bizkorreko apartamentuz josita baitago.

Hizkuntza asko entzun ditugu kalean, baina batek eman dit atentzioa: italierak. Gure hotelean profesional asko ziren italiarrak. Kalean ere, dezente entzuten zen. Badirudi zelanbaiteko lotura badagoela Italia eta Balear Uharteen artean, eta ez historian bakarrik.

Katalan hizkuntzari dagokionez, kartelistikan presentzia handia dauka, baina jende asko konturatu ere ez da egiten horrekin. Entzun, berriz, oso gutxi. Liburu-denda batean sartu nintzen, Llibreria Mediterrània, eta, han bai, katalanez ari ziren. Katalanez idatzitako liburuak ere bazeuzkaten, ondo kokatuta. Sant Jordi gogoan, bi liburu erosi nituen han. Saiatu ere, saiatu nintzen katalanez hitz egiten liburu-saltzailearekin, baina, horretan ahalegintzen naizen bakoitzean gertatzen zaidan moduan, nire trapuzko mingainak behin eta berriro egiten zuen estropozu.

FORMENTERA

Zalantza egin genuen, Formenterara joan-ez-joan, baina bueltan ez ginen damutu, oso uharte polita delako. Ferry azkarra hartu genuen hara joateko, eta ordu erdian, bertan ginen. Turismo bulegoan informazioa eta mapak jasota, erabaki genuen oinez egitea itzuli handi bat uhartearen ipar zatian, gainerakoa beste baterako utzita.

Erromesak baigina, gatzaga batzuk inguratu genituen, Sant Francescherritxora iritsi aurretik. Han garagardo bat hartu genuen, indarrak berritzeko.

Eta han, beste liburu-denda bat bisitatu nuen, Llibreria Tur, txikia. Eta han denek egiten zuten katalanez. Libururik erosi barik ezin egon eta —horixe esaten dit Begok—, han ere tentaldian erori. Eta eguna eta lekua gogoratzeko, eskatu nion liburu-saltzaileari liburuan eskaintza bat idazteko. Bai eta idatzi ere. Kriskitinak baino poziago elkartu nintzen berriro lagunekin.

Atsedenaldia amaituta, berriz ekin genion bideari, lakuaren bazterrean berriro, ekialdeko kostara iritsi arte. Bertan, aho zabalik geratu ginen, hango ur turkesen eta hondartzen edertasunarekin. Eta handik Iparraldera, Mediterraneoak uhartearen Mendebaleko eta Ekialdeko kostekin bat egiten duen tokiraino ia. Hondartza zuri-zuriak, haize bizia eta eguzki argia izan genituen lagun. Eta handik behera, ferryraino. Neka-neka iritsi ginen hotelera, Eivissako portutik harainoko bidea ere oinez egin genuen-eta. Nekatuta, baina pozik.

LAU EGUN

Lau egun baino ez ditugu egin Eivissan, astelehenetik ostegunera. Eta eskerrak, zeren etxera itzuli ondoren jakin genuen ostegunetik igandera bitartean Eivissa erasmus-ikaslez bete zela. Baina baten batek esan zigun Eivissan hori ia asteburuero gertatzen dela: ostegunetik igandera bitartean nonhaiko gaztez betetzen dela, parranda egitera doazenak. Jakin barik ere, astearen aldi lasaia aukeratu genuen, antza.

Eivissan eta Formenteran erositako liburuak, Sant Jordirako.
Kategoria: Bidaiak Etiketak , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude