1995eko uztailaren 13a zen. Arratsaldean hitzordua genuen Leintz-Gatzagako udaletxean, bertan ezkonduko gintuen-eta Eugenio Otsoak, bera baitzen orduan hango alkate. Bi bikote ginen zibiletik ezkontzekoak: Fatima arreba eta Mikel alde batetik, eta Bego eta biok bestetik.
Lehendabizi Bego eta biok iritsi ginen, Miren jaio berriarekin. Gero Fatima eta Mikel, horiek ere Elorriotik joanda. Ekitaldi pribatua izan behar zenez, ez zen beste inor agertu, Eugenio besterik.
ZERGATIK LEINTZ-GATZAGA?
Zergatik Leintz-Gatzaga eta zergatik Eugenio? Amaren familian bagenuen istorio bat Leintz-Gatzagarekin lotzen gintuena. Izan ere, ama-eta txikiak zirela, sei-zazpi bat urtekoak, aitak bi ahizpa bidaltzen zituen asto batez lagunduta Leintz-Gatzagara, handik gatza eramateko Uritte baserrira, Gellao auzoan, Eskoriatzan. “Zuek ez arduratu, gatzagako langileek ipiniko dizuete-eta zama otzaretan, eta astoak badaki etxerako bidea”, esaten omen zien gure aitajaunak. Eta jeneralean horrela izaten zen, baina, tarteka susto galantak pasatu behar izan zituzten, adibidez Gasteizerako trena suertatzen bazen euren bide ondoan, orduan astoa erabat izutzen zelako. Istorio hori askotan entzun genion amari, eta aitzakia polita iruditu zitzaigun Leintz-Gatzagan ezkontzeko. Eta, gainera, Eugenio zen hango alkatea, gure aspaldiko laguna. Galdetu genionean ea berak ezkonduko gintuen, berak baietz, eta pozik.
Beraz, Eugenio iritsi zenean, seiok sartu ginen udaletxera. Berak aprobetxatu zuen hango zerbitzuak esplikatzeko, osasun-gela txikia, eta administrazio kontuak. Bulegoetara iritsi ginenean, karpeta bat ireki, berba gutxi batzuk esan, eta hango paperak sinarazi zigun, Miren txikia lekuko zela.
Ondoren taberna batera joan ginen, eta han afari-merienda modukoa egin genuen Eugeniorekin batera. Orduan aitortu zigun oso gutxi falta izan zitzaiola guri ezusteko festa bat antolatzeko, bere ustez guk eta gure ezteiak festa-giroa merezi genuelako . Azken orduan baina, atzera egin zuen.
Harrezkero hainbat aldiz elkartu izan gara berarekin, horietako batzuk Leintz-Gatzagan bertan, San Millango elizan egindako eraberritze-lanak erakutsi zizkigunean, esate baterako, edo ziklismoaz lotuta elizan bertan antolatutako erakusketa azaltzen.
Leintz-Gatzagak asko zor dio Eugenio Otsoari, berak lideratu baititu, jende askoren laguntzarekin, herria biziberritzeko proiektu asko eta asko. Eta besteok ere zorretan gaude berarekin, beti erakutsi digu-eta hurbiltasuna, eskuzabaltasuna eta bizipoza.
Faltan sentituko zaitugu, Eugenio.
P.S. Hona hemen informazio gehiago Eugenio Otsoari buruz:
- Goiena: Eugenio Otsoa hil da, Leintz Gatzagako alkatea
- Joxemari Velez de Mendizabal: Eugenio Otsoa “Gerra”
- Mondraberri: Eugenio Otsoa ‘Gerra’ arrasatearra, Leintz Gatzagako alkatea, zendu da
- Goiena: “Eugenio zen Gatzagako motorra”