Musakola: bizitza eraikitzen gerraostean

Unión Cerrajeraren etxeetako jabeak Musakolan (1947)

Aurrekoan Juan Bautista anaiak lotura bat bidali zidan, Josemari Velez de Mendizabalen blogera bidali ninduena, hitz hauekin: “Gogoratzen hauekin?”. Gu jaiotako etxeetako etxe-jabeak ziren, denak Unión Cerrajera enpresako langileak. Gure aita ez zegoen argazkian, artean aita eta ama auzo bereko beste etxe batean bizi baitziren, Cerrajerakoa hura ere, gaur egun Meneta taberna dagoen atariko azken solairuan.

Hasi nintzen argazkiari arretaz begiratzen, eta ohartu nintzen gizon haietatik laupabost baino ez nituela lehen begi-kolpean ezagutzen. Eta horixe erantzun nion anaiari. Handik gutxira, berak deitu, eta banan-banan errepasatu genituen hango guztiak. Banaka batzuei antzik ere ez nien hartzen, baina anaiak oso garbi zeukan nortzuk ziren. Argazkia zela-eta, denbora dezente egin genuen telefonoan, kontu-kontari. 

GERRAOSTE LATZA

Argazkiari berriro erreparatuta, gogora etorri zitzaidan berau 1947an egin zela, gerraostean, garai latzak. Lekuari dagokionez, ostera, baliteke argazkia aterata egotea gaur egun Gipuzkoa etorbidearen 40. atarian, gero gurea ere izango zena, eta ondo fijatzen bazarete, artean amaitu barik zegoen, adreiluak-eta begi-bistan.

Argazkikoak gizon gazteak ziren, 30-40 urte artekoak gehienak, familiak hazten orduan, nahiz eta janzkeragatik-eta zaharrak ematen zuten, gure begiekin ikusita. Bertan ez da andrerik ikusten, nahiz eta mutikotan guk askoz ere harreman estuagoa izan bertako emakumeekin, gure amak eta lagunen amak, eurak baitziren auzoaren sostengatzaile isilak. Izan zirelako gara.

Kategoria: Oroimenak Etiketak , , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude