Australiatik iritsi zaigu aurten ikusi ditugun serietan onenetako bat: Total Control.Bertan protagonista nagusia emakume aborigen bat da, beltza eta mutiko baten guraso bakarra.
Berak gura barik, Alex Irving emakumea (horrela deitzen baita gure protagonista) albiste da Australiako telebista guztietan, eta jendearen miresmena jasotzen du. Rachel Anderson Australiako lehen ministroak ikusi egin du gertatutakoa, eta, bere popularitatea lurrean dagoenez, fitxatu egiten du Alex, berau senatari izendatuta. Alexek onartu egiten du izendapena, eta Canberra hirira doa, Australiako hiriburu politikora.
Horra zirriborratuta zertaz doan seriea. Alex emakume poliedrikoa da, zikindu egiten da politikan, baina aurrera egiten du, halamoduz, bere helburuarekin: Australiako aborigenen ahotsa Canberrako parlamentura eramatea. Bidean oztopo ugari aurkituko ditu, bere komunitatean eta bere familian, baina nagusiki Australiako elite politikoan, nagusiki gizon zuriz osatua.
Antzezpena oso ona da serie honetan, produkzioa ere bai, eta hariak sekula ez du tentsioa galtzen, ez eta une mortuetan ere. Hau guztiau fikzioa da, baina fikzio oso errealista, bertan estalki barik erakusten baitira Australiak dituen zenbait arazo.
Oraingoz bi sasoi ditu miniserie honek, bakoitza sei kapitulukoa. Lehenengoarekin izugarri gozatu dugu, eta laster hasiko gara bigarrenarekin. Filminen aurkituko duzue.