A zelako gozatua hartu dudan Ainhoa Urien idazlearen Poesia, zaurien ukenduliburua irakurtzen. Berau ustekabez iritsi zait esku artera, emazteak ekarri baitzuen etxera, Elorrioko irakurketa taldeak hil honetan horixe erabiliko duelako. Seguruenik ustekabeak areagotu baino ez du egin gozatua.
Zenbait egunez deika moduan izan dut liburua, idazlea erabat ezezaguna nuen arren, beharbada azalean Xabier Lete ikusten nuelako, akaso Pamielako liburuek gura barik ere erakartzen nautelako. Halako batean, hartu liburua, jarri eta irakurtzen hasi nintzen. Lehen jarrialdian Joxerra Garziaren hitzaurreak bultzatu ninduen aurrera egitera. Eta, behin hasita, Ainhoa Urienen prosak eta planteamentuak eraman ninduten airean.
Antza denez, dena hasi zen 2009ko udan, egileak 14 urte zituela, bere amak Xabier Leteren “Egunsentiaren esku izoztuak” poema-liburua oparitu zionean. Hantxe erne zitzaion egileari Xabier Leterenganako eta haren lanarekiko lilura, eta liburu hau idaztera bultzatu du.
Liburua altxor txiki bat iruditu zait, Ainhoa Urienek jakintzaz, zintzotasunez, enpatiaz eta heldutasunez osatu duena, euskara miresgarrian. 127 orrialdetan Xabier Leteren bizitzan eta poesian murgildu da, eta eskutik eraman gaitu, guk ere hobeto uler dezagun Leteren mezua.
Zelan liteke hain neska gazteak (26 urte baino ez ditu) halako trebetasunez mugitzea poesiaren eta filosofiaren esparruetan, halako eran non eremu horietan ezjakinak garenok ere pozaren harriduraz gidatzen gaituen? Poesia ez ezik, prosa ere ukendu bihurtu du Ainhoa Urienek liburu honetan, irakurleon gozamenerako.