Kanadako Telebista Publikoan (CBC) izan dut Ainara Marin-Alleyne neskatila afro-kanadarraren berri, urtarrilaren 1ean eman zuen-eta The National albistegiak haren berri. Lehendabizi haren izenak eman zidan atentzioa, Ainara, euskalduna delako, baina gero albistearen mamiak berak.
Kontua da Ainara Marin-Alleynek 11 urte dituela, eta aurkitu berri duela misio bat bere bizitzan: dibertsitatea erakusten duten liburuak bilatu eta zabaltzea. Horregatik titulatu zuen albistegiak horrela: “Neskatila beltz baten misioa: liburuak bilatzea, dibertsitate handiagoa erakusten dutenak”.
Albisteak azaltzen zuenez, hasiera batean Ainarak nahiago zuela telebista liburuak baino. Halako batean baina, hasi zen irakurtzen, baina iruditzen zitzaion liburuetan jende gutxi agertzen zela bere kolorekoa edo gutxiengoetakoa. Horregatik, hasi zen bilatzen liburuak, hobeto ispilatuko zituztenak minoriak.
Bilatu, aurkitu eta komentatu, hori hasi zen egiten Instagramen sortu zuen txokoan: “ainarasbookshelf” / “Ainararen liburu-apalategia”. Bertan gomendatzen duen liburu bakoitzean, pertsonaia nagusiak dira beltzak, kolorekoak edo indigenak. “Ni bezalako jendea da hor agertzen dena”. Iritzia ematen du liburuen inguruan, eta, askotan, elkarrizketau egiten ditu idazleak eta ilustratzaileak. Horretan aitak ere laguntzen dio.
Halako arrakasta lortu du, zeren Hamilton hiriko liburutegi publikoak, berau Ontario probintzian, izendatu baitu Ainara bibliotekari gazte egoiliarra. Gaur egun dibertsitatea erakusten duten liburuak Hamiltongo liburutegiko bildumaren %20 dira, eta Ainararen betebeharra izango da kopuru hori handitzea.
Txalotzekoa Ainara gaztearen grina, dibertsitatea zabaltzeko haur eta gazte literaturan, eta txalotzekoa Hamilton hiriko liburutegiak neskatilarengan jarri duen konfiantza.