Egun hauetan Franz Kafka idazlearen lan bat irakurri dut katalanez: Carta al pare. Institutu garaian Metamorfosiak(orduko hartan gaztelaniaz irakurria) eragin zidan zirrararen parekoa eragin dit gutun honek, bertan Kafka oso gogorra baita bere aitarekin.
Kafkak tirano bat deskribatzen digu eskutitz horretan, kanpora begira gizon indartsua eta liluragarria, baina etxe barruan eta familia-harremanetan ogro hutsa, semearen barne-oreka betiko suntsituko zuena.
Kafkak lehen orrietatik bistaratzen du gutunaren tonua, banan-banan aletzen baititu aitak eragin dizkion kalteak: beldurra, erruduntasun-sentipena, hitz egiteko moztasuna, angustia, ezkontzeko ezintasuna…
Orriok irakurri ahala, gura barik gogoratu naiz Gregor Samsarekin, zeina goiz batean zomorro bihurtuta esnatu baitzen Metamorfosia nobelan, han ere, aitaren beldur bizi zen-eta Gregor, bizitza errealean Franz bizi izan zen legez.
Gutun bezala luze samarra da hau, 87 orrialde, baina liburu gisa, txikia. Kontuan hartuta Metamorfosiak hiru itzulpen izan dituela euskarara, harritzekoa da oraindik ere gutun hau inork ez euskaratu izana. Ea norbait animatzen den.