AEBen futbol selekzio emakumezkoenak auzitara jo zuen Munduko Kopa jokatu aurretik, AEBetan behintzat gizonezkoen ordain berdina eskatzeko. Munduko Kopa irabazita, are eta ozenago egin du eskaria, jarraitzaileen eta politikarien aurrean.
Zenbakien egia
Zenbait erakundek —goal.com, Forbes eta celebritynetworth.com— numeroak atera dituzte, eta emaitzak oso adierazgarriak dira:
- Ikusleak. 2018an Gizonezkoen Munduko Kopak lau aldiz audientzia handiagoa izan zuen aurtengo Emakumezkoen Munduko Kopak baino. Zehazki, gizonezkoenak lortu zituen 3.570 milioi ikusle; emakumezkoenak, ostera, 1.000 milioi. Sekulako balentria, aintzat hartuta FIFAk hutsaren hurrengoa inbertitu duela emakumezkoena antolatzeko.
- Irabaziak. 2018an Gizonezkoen Munduko Kopak 6.000 milioi dolarretik gorako irabazkiak izan zituen. 2019ko Emakumezkoen Munduko Kopak, aldiz, 131 milioi dolar.
- Sariak. 2022ko Gizonezkoen Munduko Kopak 440 milioi dolar banatuko ditu saritan. 2019ko Emakumezkoen Munduko Kopak, berriz, 30 milioi dolar banatu ditu saritan.
- Jokalari ordainduenak. Gizonezkoen artean, Lionel Messi da diru gehien irabazten duen futbolaria: 450 milioi dolar balio du. Emakumezkoen artean, ostera, Alex Morgan da gehien irabazten duena: 3 milioi dolar balio du.
Zoritxarrez, alde izugarri horiek futbol-liga guztietan errepikatzen dira. Baina zerbait aldatzen ari da, garbi ikusi genuen bezala Real Sociedad klubaren emakumezko taldeak Erreginaren Kopa irabazi zuenean, edo Athleticen emakumeek Atletico Madrilgo emakumeen kontra jokatu zutenean, San Mames jendez lepo zegoela. Jendea erantzuten ari da. Orain klubei eta federazioei dagokie soldata arrakala berdintzea.
(Pantaila-argazki hauek The National albistegitik atera ditut, CBC Kanadako telebista publikoaren albistegitik).
Pingback: Ordain berdina emakume futbolariei • ZUZEU