Mozilla fundazioa (Firefox nabigatzailearen sortzailea) kezkatuta dabil desinformazioaren gaiarekin, eta heldu egin dio elgorriaren auziari, desinformazioaren adibide gisa. Fundazioak aipatzen du Osasunerako Mundu Erakundea (OME), zeinak seinalatu baitu txertoen inguruan eragiten ari den zalantza 2019rako 10 mehatxuen artean. OMEren iritziz, batzuk desinformazioa erabiltzen ari dira txertoen inguruko zalantza hedatzeko. Ondorioz, elgorri kasuak, adibidez, %30 areagotu dira munduan.
Euskal Herrian ere berriro ari gara ikusten elgorri kasuak. Orain dela gutxi, 40 lagun gaixotu ziren elgorriarekin Baionako xingarraren ferian, zeina gertatu zen apirilaren 18tik 21era bitartean. Hego Euskal Herrian, ostera, zazpi kasu agertu dira urtea hasi zenetik, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak adierazi bezala.
Mozilla fundazioaren ustez, ondorengo lau faktore hauek sustatu egiten dute desinformazioaren zabalkundea txertoen inguruan:
- Mundu guztiko ukatzaileak hiruzpalau sare sozialen inguruan elkartu dira, eta, horri esker, errazagoa egiten zaie elkarren berri izatea eta mezuak zabaltzea.
- Sare sozialetako algoritmoek lehenesten dituzte eduki erakargarriak, benetakoak izan edo ez, egiazko informazioaren gainetik.
- Erraza eta merkea da gaur egun automatizatzea zelan zabaldu informazioa publiko xede bati, suszeptiblea izango dena informazio zalantzatia zabaltzera, guraso gazteak kasu, zeinek jakin nahi duten zer den onena euren haur jaio berrientzat.
- Txertoen aurkako taldeak, gutxi izan arren, onak dira zarata ateratzen sare sozialetan.
Mozillak irakurgai-zerrenda bat osatu du, jendeari laguntzeko hobeto ulertzen txertoen kontrako mugimenduak zelako taktikak erabiltzen dituen desinformazioa zabaltzeko.
Pingback: Elgorria, desinformazioa eta sare sozialak • ZUZEU