Egun hauetan bi liburu irakurri ditut, biak Antoine de Saint-Exupéry idazle frantziarrekin lotuak. Horrekin batera, dokumental bat ere ikusi dut idazle beraren gainean.
Lehen liburua izan da biografia bat, orain dela gutxi argitaratu dena, gaztelaniaz: Antoine de Saint-Exupéry. Aviones de papel, Montse Morata kazetari espaniarrak idatzia. Oso gustura irakurri dut, lan honetan egileak idazle frantsesaren biografiarekin batera, haren idazlanak aztertzen baititu, ikertuz, gainera, batak zer garrantzia duen besteetan. Oso lan serioa egin du Moratak, baina baita iradokitzailea ere, Saint-Exupéry ertz askoko idazlea baitzen. Zenbait momentutan Stefan Zweig idazle austriarraz gogoratu naiz, garai hartako beste idazle erraldoi bat. Ez bata ez bestea ez ziren bizirik atera bigarren gerratik, nahiz eta zirkunstantzia oso bestelakoetan gertatu hori. Edozelan ere, pertsona ezinago interesgarria aurkitu dut liburuan, eta izugarri erakargarria bere humanismoan.
Liburua irakurtzen ari nintzela, eta elementu osagarri moduan, Youtuben begiratu eta dokumental bat aurkitu nuen, DW telebista alemaniarrak egina, El cielo y el mar, non kontatzen baita idazle frantziarraren bizitza eta zelan aurkitu zen haren errekonozimentu-hegazkina, Saint-Exupéryk bere azken hegaldian erabili zuena. Dokumentalak indartu eta osatu egin zuen, irudiekin, liburuak nigan egindako inpresioa.
Behin liburua irakurrita eta dokumentala ikusita, Printze txikia liburua irakurtzeko gogoa sartu zitzaidan, eta etxeko apalategietan begiratzen hasi nintzen. Bi ale aurkitu nituen, euskaraz: Xalbador Garmendiak euskaratutakoa, eta Patxi Zubizarretak itzulitakoa. Azken hau irakurri dut —lehen aldian Garmendiak itzulitakoa irakurri bainuen, aspaldi—, baina beste modu batean, kontuan hartuta aurreko liburuan jasotako informazioa. Gustura berrirakurri dut, eta bat nator Montse Moratarekin, nik ere uste baitut Printze txikia ez dela haurrentzako liburua, mundu guztiarentzat baizik.