Argia saria Azpitituluak.com proiektuari

Argia4

2015eko Argia saridunak. (Argia)

Atzo egun berezia izan nuen, Usurbilen izan nintzen-eta, Luistxo Fernandez lagunarekin batera, Argia saria jasotzen Azpitituluak.com proiektuarentzat.

Azpitituluak.com Luistxo Fernandezen proiektu pertsonala da, orain zortzi bat urte sortua, eta bertan jasotzen joan da han eta hemen euskaratu diren azpidatziak, horietako ez gutxi Azpitituluak.com webgunerako propio eginak.

Ni Goio Arana lagunak sartu ninduen hor, berak erakutsi zidan-eta zelan egin, zehatz-mehatz, euskarazko azpidatziak. Harrezkero 29 film eta dokumental euskaratu ditut, azkena, The Martian.

Eroso egiten zait Azpitituluak.com proiektuan lan egitea, ez baitaukat inongo obligaziorik bertan ezer egiteko: nahi eta ahal dudanean, euskaratzen jartzen naiz; ezin dudanean, berriz, jai-larai.

Eskerrak emateko orduan —esan liteke hauxe dela nire onespen-hitzaldia, baina ez; hori Luistxok egin zuen atzo—, eskertu nahi dut lehenik eta behin Argia aldizkaria, proiektu hori balioan jartzeagatik. Bigarrenik, eskerrik asko Goio Arana lagunari, berak sartu zidan-eta grina proiektu honekiko. Ez dut ahaztu nahi Luistxo Fernandez bera, proiektu hau hain ondo eramatearren. Eta, azkenik baina ez azkena, Euskalbar proiektua egiten dutenei, sarean gure esku jartzeagatik hiztegi piloa, niri oso ondo datozkit-eta pelikulak euskaratzeko orduan.

Postdata. Ezusteko atsegina izan zen atzo, ikusi nuenean saridunen artean Kepa Matxain ikasle ohia, Hiru Damatxo taldekideekin batera, ikus-entzunezko saria jaso baitzuen, Gure bazka elkarrizketa sortagatik. Bejondeizuela!

Kategoria: Zinea Etiketak , , , , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude