Aurkitu berri dut aplikazio bat, Clippings.io, lagundu egiten duena kudeatzen Kindle irakurgailuan (edo Kindle aplikazioan, zeina erabil baitaiteke iOS, Android, Mac eta Windows sistema eragileetan) gordetako azpimarrak eta oharrak. Clippings.io bidez, azpimarrak eta oharrak esportatu egin daitezke hainbat formatutara (Word, PDF, Excel…) edo Evernote aplikaziora.
Clippings.io oso erabilgarria izan daiteke asko idazten duen jendearentzat: kazetariak, akademikoak, idazleak…, aukera ematen baitie azpimarrak eta oharrak beraien idazlanetan erabiltzeko, aipu gisa, edo bestela.
Clippings.io aplikazioak bi modu eskaintzen ditu irakurleak bere Kindle irakurgailuan egindako azpimarrak eta oharrak kudeatzeko: doakoa eta ordainpekoa.
Zelan kudeatu azpimarrak, doan
Lehenik eta behin, kontu bat sortu behar da Clippings.io webgunean, eta hori doakoa da. Behin urrats hori eginda, doako bidea aukeratuko dugu, pauso hauek emanda:
- Lotu Kindlea ordenagailura, USB kable baten bidez.
- Eman Import botoiari.
- Nabigatu zure Kindle irakurgailuan, eta joan Dokumentuak karpetara.
- Klik egin “My Clippings.txt” izeneko karpetan.
Pauso horiek eginda, Clippings.io aplikazioak zure web kontu egin berrira ekarriko ditu zure Kindlean dituzun azpimarrak eta oharrak, liburuetan sailkatuta, txukun-txukun. Aipu horietako bakoitza editatu egin liteke, ezabatu edo etiketatu. Baita esportatu ere, goian aipatutako formatuetara (Word, Excel, PDF…).
Hala ere, hor ez dira agertuko zure telefono, tableta edo ordenagailuko Kindle aplikazioetan egindako azpimarrak, horiek beste leku batean geratzen direlako. Hortxe dago doako bidearen muga: soilik jasotzen dituela Kindle irakurgailu fisikoan egindako azpimarrak.
Zelan kudeatu azpimarrak, ordainduta
Badago beste modu bat, oso erraza (eta oraindik erabili ez dudana), modu automatikoan kudeatzeko bai Kindle irakurgailu fisikoko azpimarrak eta baita Kindle aplikazioarenak (iOS, Android, Mac eta Windows sistemetan instalatu daitekeena): Chrome nabigatzailearen aplikazio bat erosita, hilean 0,74€ ordainduta.
Aplikazio horrek di-da batean jasotzen ditu Kindle guztietako azpimarrak, eta esportatu ditzake nork berak erabakitzen duen formatuan (Sinplea, Chicago, APA…), baita Evernote aplikaziora ere. Evernotek txukun jasotzen ditu nota batean liburu bateko azpimarra guztiak.
Bideo batean entzun dut hori egiteko Evernotek kobratu egiten duela pare bat dolar hileko. Nik, badaezpada, aproba egin dut, eta, nahiz eta doako bertsioa izan, Clippings.io aplikazioak liburu bateko azpimarra guztiak ekarri dizkit amen-jesus batean Evernotera. Eta, noski, azpimarra horiek guztiak ekarri ditut Clippings.io aplikazioaren doako bertsiotik.
Hortaz, erabili ditut Clippings.io eta Evernote aplikazioen doako bertsioak, eta sistemak ondo funtzionatu du. Kindle erabiltzen duzuenok, hor duzue aukera bat zuen azpimarra digitalak hobeto kudeatzeko.