Egun hauetan hainbat tokitan aipatu dut Berria egunkariak zein ondo erabiltzen duen Twitter bere Estilo liburuaren lana zabaltzeko. Nik egunero begiratzen dut Estilo liburuaren Twitter kontu hori, eta iruditzen zait praktika onen adibide bikaina dela sare sozialen erabileran.
Askotan, Twitter kontu horrek kontuan ditu egun bakoitzean zer hitz edo esamolde nabarmentzen diren hedabideetan, berorren berri emateko, baldin eta Estilo liburuan agertzen badira. Arabako Batzar Nagusiek erabaki zutenean alboratzea Biltzar Nagusiak izena, Estilo liburuak eman zuen horren berri Twitterren.
Euskaltzaindia hedabideetan agertu zenean, bertako langileek manifa egin zutelako lan hitzarmen duina eskatzen, Estilo liburuak galdetu zigun zelan esaten den Euskaltzaindiko ala Euskaltzaindiako.
Horrezaz gain, Berria-ren Estilo liburuak Twitter erabiltzen du jendearen galderei erantzuteko.
Ondorioa da Berria-ren Estilo liburuaren webgunea gero eta gehiago erabiltzen dela, besteak beste bere Twitter kontuak egiten duen lan bikainagatik. Azken horrek, gainera, 2.366 jarraitzaile ditu hau idatzi dudanean, zenbaki esanguratsua bi urte eta erdiko ibilbidean. Zorionak!