Lehen astean jaitsitako liburu kopurua

Captura de pantalla 2015-11-24 a las 11.29.29

Atzo aste bat bete zen nire azken liburu digitala, Jon Salaberri, hiesdunen aldeko ekintzailea, sarean eta doan jarri nuenetik, bi formatutan: epub (estandarra) eta mobi (Amazonena). Lehen astean 145 lagunek eskuratu dute liburuaren ale bana.

Ondorioak

  • Ez dakit astebetean 145 ale jaistea asko den edo gutxi, orain arte ez dut-eta bat ere erreferentziarik izan.
  • Kopuru hau lortu dut sare sozial hauek erabilita: Faroa Twitter, Facebook eta G+.
  • Orain artean liburuaren berri soilik Interneten agertu da: Sustatu, Mugikaria, Goiena.eus, Mondraberri eta Arrasateko Udal Bibliotekako blogean. Hala ere, esan didate Azpimarra saioan ere aipatu zela, ETB1ean.
  • Harritu nau ikusteak jende gehienak epub formatuan jaitsi duela liburua. Logikoa dirudi, baina nik besterik uste nuen, seguruenik Kindle bat daukadalako.
  • Zenbait laguni pdf formatuan bidali diet liburua, ez zeukatelako irakurgailu digitalik, edo ez zirelako konpontzen beste formatu biekin.
  • Liburua doan jarri izanak zenbait jenderen zorionak ekarri dizkit. Hala ere, baten batek adierazi dit berak ez duela hori hain ondo ikusten.

Aurreko pausoak

Xehetasun teknikoagoak jakin gura dituenentzat, pauso hauek egin nituen liburua Interneten eskegitzeko:

  1. Behin liburua amaituta Ulysses aplikazioa erabilita, epub formatuan gorde nuen, Ulysses-ek oraingoz ez baitu mobi formatuan gordetzen.
  2. Calibre baliatu nuen liburua epub formatutik mobi formatura pasatzeko.
  3. Dropbox-en jarri nuen liburua, hodeian, aipatu bi formatuetan: epub eta mobi.
  4. Formatu bakoitzarentzat lotura bana sortu nuen, baina lotura horiek luzeak izaki, laburtu nituen Bit.ly aplikazioan, horrek estatistikak emango dizkit-eta gero, zenbat jendek egiten duen klik lotura bakoitzean.

Beharbada izango dira modu zehatzagoak jakiteko zenbat jendek jaitsi duen liburua, baina nik horixe erabili dut.

Eta datu zehatzak nahi dituenarentzat, egunez egunekoak, horra beheko taula, goikoaren ikuspegi numerikoarekin.

Captura de pantalla 2015-11-24 a las 15.36.22

Kategoria: Liburuak Etiketak , , , , , , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude