Galdakaoko Ospitaleko kafetegian, izoztuta

Beti izan dut gogoko Galdakaoko Ospitaleko kafetegia, niretzat erritual modukoa bihurtu baita, kontrola-edo dudan bakoitzean, bertan kafesne bat hartzea, kruasan batekin lagunduta. Egia esatera baina, aldi batzuetan gogokoagoa izan dut, beste batzuetan baino.

  1. Kafetegian erretzen zenean. Orduan ez nuen hain gogoko kafetegia, bertan sartu eta kezko horma batek irensten zintuelako. Garai hartan, esan zitekeen kea ebagi egin zitekeela, hain zen-eta trinkoa.
  2. Debekatu zenean kafetegian erretzea. Hura mirari handia izan zen, bat-batean bertako giroa erabat garbitu baitzen. Jende asko ibiltzen zen sartu-irtenetan, baina leku atsegina zen bertan gosaldu edo jateko. Orduan oso gustura jaisten nintzen bertara, batzuetan bakarrik eta, gutxienetan, lagunduta.
  3. Kafetegia Alaska bihurtu zenean. Orain pare bat urte berritu egin zuten Galdakaoko Ospitaleko kafetegia. Zuriagoa, modernoagoa eta apur bat despertsonalizatuagoa egin zuten, baina batez ere, askoz ere hotzagoa, aire girotua topera jartzen dutelako. Eta hori ez zait gustatzen, giro horretan gaixotzeko arriskua baitut.

Ez dakit orain zergatik jartzen duten aire girotua topera, baina oso desatsegina egiten zait. Baina ez niri bakarrik. Behin hainbat jenderekin komentatu, eta baietz, hotzegi zegoela eurentzat ere. Eta eskatu genuen, mesedez aire girotua kendu edo apaltzea. Bete egin zuten gure eskaria, eta izugarri igarri zen: kafetegia leku abegikorra bihurtu zen berriro ere.

Hala ere, atzo Galdakaon izan nintzen ostera ere, ospitalean, lehendabizi odola atera, eta gero kontrola nuelako. Kafetegira joan nintzenean, hotz izugarria egiten zuen bertan, orduan ere aire girotua jo eta ke lanean. Bi kafesne hartu behar izan nituen: lehenbizikoa kruasanari laguntzeko, eta bigarrena nire barrenak berotzeko. Ziztu batean irten nintzen, bertan gaixotu aurretik.

Hurrengoan, hiru hilabete barru, eskari bat idatziko dut kafetegian, bertako erreklamazio liburuan, kafetegia izan ez dadin hain leku hotza. Ea inork kasurik egiten duen.

Kategoria: Minbizia Etiketak , , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude