Abuztuaren 12an, Zaldieroak jakobiten berri eman zigun Berrian, bertako orrietan egunero egiten duen zintan. Orduan jakin nuen jakobitak direla Jakoba Errekondo agronomoaren jarraitzaileak, eta hortik ondorioztatzen dut gehienak ortulariak, baserritarrak eta lorezainak izango direla, esparru horietan gaur egun Jakoba Errekondo baita komunikatzailerik ezagunena.
Jakobaren ospean zerikusi handia dute Landaberri irratsaioak, zeina Jakobak berak egiten baitu larunbat goizetan Euskadi Irratian, bertan aholkuak emanez entzuleei, Argia aldizkarian astero idazten dituen zutabeak eta Bizi baratzea izeneko liburuak, sekulako arrakasta izan duena, laster hirugarren edizioa egitekotan.
Egia esan, Jakoba aspalditxotik da ezaguna Euskal Herrian, baina esan liteke azken aldian areagotu egin dela haren ospea, hainbesteraino non H28 euskal komikiak super-heroi moduan aurkeztu baitzuen orain asko ez dela.
Konposta ala luarra?
Baina itzul gaitezen Zaldieroaren zintara. Bertan, jakobita batek aitortzen duenez, “Jakobitok ez dugu esaten ‘konposta’!! Guk esaten dugu Luarra!”. Izan ere, bere jarduera multimedian, Jakoba Errekondok “luar” hitza hobesten du konposta esateko.
Jakoba komunikatzaile ona da, eta euskara primeroakoa darabil bere jardueran, baina kasu honetan atentzioa ematen du zelan proposatzen duen berba ia fosilizatu bat, luar, beste finkatu baten aldean, konpost. Bere azken liburuko glosategian, horrela definitzen du konpost hitza: “Konposta: luarra. Abandonatu beharreko hitza; ez alferrik hor ditugu luarra, kortalohia, atalohia, lur gorotza, sastagia, lur ustela…”
Baina zein da hitz bakoitzaren tradizio eta zabalkundea?
Konposta
Konposta da materia organiko usteldua, eta erabiltzen da ongarri moduan landareak hazteko. Konpost hitza bera latinetik dator, composita, compositum, eta, antza denez, frantsesetik zabaldu zen beste hizkuntzetara. Gaur egun asko erabiltzen da nazioartean: ingelesez, compost; frantsesez, compost; alemanez, kompost; eta gaztelaniaz, compost.
Euskaraz ere, 1977an Joxe Agirrek horrela azaldu zuen zer den konposta Baratza. 6. Erroa eta burua jaten zaien barazkiak lanean: “Zaldi-simaurrari, lastoa, gariarena edo beste alekiren batena, naastu, pillatu eta irakin eraziz egiten da konposta”. Hiztegi Batuan ere agertzen da: konpostatu, konposta, konpostatzen. da/du ad. Ekol. Ereduzko Prosa Gaur izeneko gunean ere 52 aldiz agertzen da konpost hitza: bi liburutan eta prentsan. Lexikoaren Behatokiaren Corpusean 462 aldiz agertzen da. Eta Googlen “konposta”, idatziz gero, 166.000 emaitza agertzen dira, asko eta asko euskarazkoak. Horrezaz gain, “konpost” idatziz gero, 36.000 emaitza agertzen dira, horietako asko ere, euskarazkoak.
Luarra
Luar hitzari dagokionez, munduan inon ez dut ikusi hitz hori konposta adierazteko. Euskaraz ere, ez du tradizio handirik. Azkueren hiztegian agertzen da. “Luar (B-o) lombriz de tierra, Ver de terre”. Orotariko Euskal Hiztegian ez da agertzen (hor “Luhar” azaltzen da: lombriz de tierra). Hiztegi Batuan ere ez. Ezta Ereduzko Prosa Gaur webgunean ere. Zer esanik ez Lexikoaren Behatokiaren Corpusean. Bai, ordea, euskarazko Wikipedian, baina konpost hitzaren sinonimo moduan. Hortaz, hitz bat da, oso erabilera urrikoa. Eta Googlen idatziz gero “Luar”, lehen hamar orrialdetan ez da euskarazko hitz bakar bat ere agertzen, adibide ia guztiak galegozkoak baitira.
Purismoa
Laburbilduz: euskarak aspalditxotik du hitz bat konposta adierazteko, konpost, eta hitz hori bat dator Mendebaleko hizkuntza zabalduenekin. Zergatik, orduan, neologismo bat proposatzea gauza bera adierazteko, “luar” hitzari beste adiera bat emanda, ez jatorrikoa?
Xabier Amurizak 1996ko azaroan idatzi zuen jokaera horren kontra Jakin aldizkarian. Hauxe esan zuen orduan:
“Inguruko hizkuntza hain ezberdin eta indartsuek komunki daukaten unibertso kontzeptuala euskara bezalako hizkuntza txiki eta ia agoniko bat bere baitatik asmatzen hastea ausarkeria suizida bat da. Horrek ez du esan nahi neologismoen baliabidea ukatzen dudanik. Baina, irizpide orokor gisan, gure erdarez gainera, ingelesak edo alemanak mailegatzeko eskrupulurik ukan ez dutena euskarak saihesteari kamuskeria deritzot”.
Kepa Altonaga parafraseatuta, bestalde, esango genuke nazioarteko teknolektoan aspaldian finkatuta dagoen terminoa, “konpost”, zelan edo halan geureganatu beharrean, Jakoba Errekondok hobetsi duela beste hitz bat, “luar”, ustez jatorragoa.
Ez dakit jakobitek zenbateraino jarraituko duten euren gidariaren gomendioa, “konpost” hitza abandonatu eta “luar” erabiltzekoa, baina irudipena dut kasu honetan inertziak berak neologismoaren kontra egiten duela. Adibide gisa, hauxe: onodoko iragarkia Jakobaren liburuan bertan agertzen da.