Aspaldi nuen ikusi barik Charlie Chaplin aktore eta zuzendari ingelesaren pelikularik. Aurrekoan, berriz, goiko labur honekin egin nuen topo, Boxing, eta barre egin nuen gogotik, batez ere Chaplin boxeatzen ikusterakoan.
Egun batzuk geroago, Bilbon nintzela, Chaplin ikusi nuen liburu-denda batean, biografia labur bat orain urte batzuk Mikel Asurmendi kazetariak idatzitakoa Elkar argitaletxean. Gustura irakurri nuen, zati batzuk Bilbon bertan, Athletic-en aldeko giro koloretsuan. Beste batzuk, autobusean, handik bueltan. Eta, geratzen zena, etxean.
Chaplinen lan gehiago ikusi guran, Youtuben begiratu, eta Richard Attenborough-k 1992an egindako film luzea aurkitu nuen, Chaplin, eta hori ere oso gustura ikusi.
Aurretik ere banekin, baina, pelikula ikusita, amorrua piztu zidan estatubatuarrek zein gaizki tratatu zuten Chaplin, herrialdetik botatzeraino, zergatik eta, goi mailako jauntxo zenbaiten iritziz komunista zelako, nahiz eta benetan ez izan.
Hala ere, geratzen naiz Charlie Chaplin jenioaz, pobreziarik gorrienetik sortutako gizon liluragarriaz, mundu erdia hunkitu eta beste erdia barrez lehertarazteko gai zena, talentu bereziarekin injustiziak salatzeko.