Amazonek letratipo berri bat sortu du hutsetik bere Kindle irakurgailu eta aplikazioetarako: Bookerly, eta, berandu baino lehen, berau izango da berezko letratipoa aparailu horietan guztietan. Oraingoz, AEBetan erabil daiteke letratipo berria, iOS sisteman dabiltzan Kindle aplikazioetan. Probatu dut nire iPadean, baina oraindik ez da agertzen.
Orain arte jendea asko kexatu da, Amazonen tipografia eskasa iritzita. Orain, ostera, Bookerly honek goraipamen dezente jaso ditu. Bi abantaila handi bide dakartza, erabili dutenen iritziz:
- Oso dotore izanda, oso ondo irakurtzen da. Bookerly serifdun letratipoa da, zorrotza, eta antza du Baskerville letratipoarekin, klasiko bat, baina bereizmen txikiko aparailuetan hobeto irakurtzen omen da, horrelakoetan Baskervillen lerro finak ia desagertu egiten baitira. Bestalde, edozein tamainatan jarrita, oso ondo irakurtzen omen da Bookerly, dotoretasuna galdu barik.
- Amazonek erabat berritu omen du diseinu motorra irakurtzeko sofwarean. Horri esker, testua askoz hobeto justifikatuko du orrian, tipografo profesionalen antzera ia.
Orain arte Caecillia izan da berezko letratipoa Kindle guztietan, beti ere bost bat letratipoz inguratuta. Aurrerantzean, berriz, Bookerly izango da berezko letratipoa, bai Kindle irakurgailuetan eta baita Kindle aplikazioetan (iOS eta Android sistemetan). Informazio gehiago, hemen.