Kepa Altonagak ez du ezkutatzen Stephen Jay Gould paleontologo estatubatuarra miresten duela, zientzialari bezainbeste, zientzia dibulgatzaile gisa. Hura bezala, bera ere saiatzen da gure artean zientzia euskaraz zabaltzen. Honekin, hiru liburu irakurri dizkiot gure biologoari, zein baino zein interesgarriagoa: Darwin gurean, Etxepare, Aldudeko medikua, eta azken hau, Back to Leizarraga.
Xabier Amuriza bezala, Kepa Altonaga ere kezkatuta dabil, euskararen garapena kamuts ikusten baitu, batez ere euskara jasoa eta zientifikoarena. Eta hori horrela ikusten du XX. mendea ezkero euskaldunok bizkarra eman diogulako gure klasikoen idazteko moldeari, zeina lotzen baitzen inguruko hizkuntzen ereduarekin, haiekin partekatuta terminologia komuna eta pentsamenduak antolatzeko era.
Egileak hainbat adibide azaltzen digu liburuan zehar, erakusteko purismoak zenbateraino aldendu gaituen Europako hizkuntza nagusietan erabiltzen den teknolektotik. Adibidez, Jokin Zaitegirena, zeinak idatzi zuen Kizkiña, dibulgazioko lan bat zelularen berri emateko. “Izenburutik bertatik abiatuta —dio Altonagak— Zaitegirena oztopo-lasterketa bat da behaztopa-harritik behaztopa-harrira: artikulu-amaierako hiztegira jo behar da behin eta berriro”.
Juan Garzia Garmendia itzultzailea ere kritikatzen du. Honi leporatzen dio Primo Leviren Sistema periodikoa izeneko lanaren itzulpenean ezkutatzea kimikarien hizkera kanonikoa, originalean erabiltzen dena. Horren harira Altonagak dio: “kanon-faltak nolabaiteko babelizazioa sortzen digu, ezin ditugu-eta erabilitako hitzak zehatz-mehatz deskodifikatu: hitzen adiera ez dago garbi, eta ‘ganduak’ kukutuko digu perpausen esangura”.
Bada beste elementu bat Kepa Altonagak faltan sentitzen duena gure prosa landuan: erlatibo anaforikoa. Alegia, zeina, zeinaren, zeinekin, etabar. Egilearen esanetan, XX. mendera arte, euskal literatura ondo hornituta zegoen alde horretatik. Ondoren, ostera, basamortua. Eta hori erakusteko ere, hainbat adibide jartzen du.
Kepa Altonagaren prosa bera adibide bikaina da berak proposatzen duen bidearena. Behar duenean, ez da mozten nazioarteko hitzak erabiltzen: babelizazio, herentzia, fusio, identiko, uniko, inteligible, estigmatizatu, desafekzio, trinitate, adbokazio, generazio espontaneo, kolofoi, lunar, obsesibo, intergalaktiko… Erlatibo anaforikoa ere takian-potian erabiltzen du, kargatu barik testua.
Asko ikasi dut liburu hau irakurrita. Autokritika egiteko ere balio izan dit, neuk ere sarri jokatu dut-eta purismoaren karta nire idatzietan. Erabat gomendagarria.
Erabat konforme, Joxe, neuri ere bikaina egin jatak liburu hau eta heure antzera aitortu najuan neronek ere blogean: http://zuzeu.com/blogak/alua-mundua/
Baina ez hik eta ez nik ez juau esan liburu hori irrikaz irakurtzen dala eta saiakera egiteko estilo oso pertsonala darabilela Altonagak, bere bizitzako pasarteak eta bestelakoak txertatuz. Aspaldian hartutako gozamen ederrenetakoa izan dok niretzat ere eta, heuri bezala, neuri ere zer pentsatua eman jiak hizkuntzarekiko jarreraz. Altonagarena dok ixil-ixilik ixa oharkabean pasatzen dan egile zintzo bezain fin horretakoen kasua. Ikusteko dagoana dok ea orain merezi daban eztabaina datorren. Zoritxarrez, ezezkotan naok.
Halaxe da. Altonaga oso irakurzalea da, eta zaletasun hori erabili du liburuan irakurlea gidatu eta bere tesiak frogatzeko. Horrek ukitu berezia eman dio liburuari, pertsonala. Eta bai, horrek berak irrika berezia sortzen du irakurlearengan. Bestetik, ez dakit liburuak eztabaida eragingo duen, baina seguru nago eragina izango duela. Ondo segi!
Duela egun gutxi izan dut Altonagaren liburuaren berri. Argitaratua dagoela aspaldi jakin dudan arren, gaiaren beraren berri. Eztabaida interesgarriari ireki dizkio ateak. Erosi eta irakurtzeko gogoa piztu zait.