Gaur, 2015eko urtarrilaren 20an, Samantha Cristoforetti italiar astronautak opari ederra bidali digu ISS Nazioarteko Espazio Estaziotik. Oparia —nik, behintzat, halakotzat hartu dut— goiko argazkia izan da, testu honekin:
Hello #Spain! The Bay of Biscay from Gijon to Bilbao. Some snow on the Cordillera Cantabrica. #HelloEarth
Nire begiak Bay of Biscay horretan iltzatu dira (baita argazkiaren ederrean, jakina), ia mundu osoan izen horrekin ezagutzen baita itsaso hori, gure kostaldetik harago ikusten duguna, eta hedatzen dena Brest hiritik Ortegal lurmuturrera. Mundu osoan, salbu Espainian eta Frantzian. Lehenengoan Mar Cantábrico esaten zaio. Bestean, Golfe de Gascogne.
Eta gogora etorri zait aspaldi, non ez dakidala, Xabier Kintana euskaltzainari irakurri nion artikulu bat. Bertan Xabierrek proposatzen zuen Bay of Biscay hori Bizkaiko itsasoa esatea, ia mundu guztiak horrela esaten badio, zergatik ez guk. Jakinda, noski, Biscay hori ez dela Bizkaia zentzu estuan, baizik Euskal Herria, garai batean euskaldunei bizkaitar esaten zitzaien-eta, bai Espainian (Don Quijote de la Mancha lekuko), eta baita beste toki batzuetan ere.
Ni bat nator Xabierrekin, eta ez dut uste hori esanda nazionalismoa egiten ari naizenik. Garai batean euskaldunak puntaren puntan ibili baziren itsasoan, horren arrasto bat (bat askoren artean) da Bay of Biscay hori, munduan aspaldi zabaldu zena, eta de facto aitortzen duena itsaso horretan euskaldunak zirela nagusi.
Gure eguneroko jardunean, oharkabean-edo, Espainiak eta Frantziak ezarritako izenak geureganatu ditugu: Kantauri itsasoa eta Gaskoinako itsasoa. Eta horrekin, bizkarra eman diogu euskaldunon itsas-historiari, guk geuk ukatzen baitugu munduak aitortzen diguna.
Hala ere, zerbait aldatzen hasi da bazterrotan. Konturatu naiz Berria egunkariaren Estilo liburuak bi izen onartzen dituela Bay of Biscay esateko: Bizkaiko golkoa eta Bizkaiko itsasoa. Niri ederragoa iruditzen zait bigarrena. Eta uste dut garaia dela euskaldunok onar dezagun ia mundu osoak aitortzen diguna.
Mila esker argazkiagatik, Samantha, eta zuk ere egun ona izan dezazula hor goian.
Hala da, tradizio handikoa da esapide hori. Baina, ez da ahaztu behar, dena den, kantabro horiek, euskaldunak direla berez, eta euskara frankotan “lingua cantabrica” izan dela. “Para referirse al ‘vascuence’ Escalígero emplea la expresión Cantabrica dialectus quam basclorum linguam vocant, o simplemente Cantabrismus, advirtiendo que a los que se sirvan de esa lengua los franceses los llaman Bascos, vel Basculos (30). En Diatriba de Europaeorum linguis la nombra lengua cantabrorum, quos Biscainos Galli etHispani nominant(31). Extrañamente opina queBascuenca es el nombre que dan los Hispani a la región en que se habla el Cantabrismus (32), http://wiki.littera.deusto.es/es/index.php/OrozArizcuren1981
Eta ez da ahaztu behar Gaskoinia hori < Vasconia tik datorrela.
Baina, egia esan, gaur egun Bizkaiko itsasoa izanen litzateke itsaso puska hori euskaldunekin lotzeko biderik argiena.
Bestalde Nafarroako itsasoa polita litzateke (esapide honek ia ez du tradiziorik), Nafarroa erresuma galtzaile atera zelako historiak, eta itsasorik gabe zigortua izan zelako (Bosnia eta Bolivia antzera, esaterako).
Pingback: Gure itsasoari Bizkaiko Itsasoa esatearen alde
Mila esker, Mikel, datu horiek gurekin partekatzeagatik. Interesgarria. Hala ere, bat nator zurekin, diozunean “Bizkaiko itsasoa” izan daitekeela biderik egokiena itsaso puska hori euskaldunekin lotzeko, munduan barrena askok horixe egiten baitute.