The Unbelievers dokumentala ikusi nuenean, arreta eman zidan Richard Dawkins biologoak eta Lawrence Krauss fisikariaren arteko elkarrizketa batek Royal Society izeneko museoan, Londresen. Bertan, zirela, Kraussek aitortu zion bere lagunari San Andres omen dela Royal Society delakoaren patroia. Eta Dawkinsek erantzun: “Eta zergatik ez Tomas zalantzatia? Bera litzateke Zientziaren patroi egokia”.
San Tomas zuen gogoan Richard Dawkinsek, Jesukristoren apostoluetako bat, zergatik eta ez zuelako sinetsi bere lagunek esana, Jesus berpiztu egin zela. Honela kontatzen du San Joanen ebangelioak pasadizo hura, Tomasek zelan erantzun zien beste apostoluei:
Haren eskuetan iltzezuloak ikusten ez baditut, nire behatza Haren iltzezuloetan sartzen ez baditut, eta nire eskua Haren saihetsean, ez dut sinetsiko.
Alegia, Tomas ebidentziak eskatzen ari zitzaizkien bere lagunei, orduan eta gaur zientzialariek egiten duten gauza bera, zientzia zalantzak aurreratu baitu beti. Horregatik Dawkinsen proposamena.
Elizak, ordea, gutxietzi egin zuen Tomasen jarrera. Ebangelista berak kontatzen duenez, zortzi egun geroago horrela erantzun omen zion Jesukristok berak Tomas sinesgogorrari:
Ekatzu behatz hori, hona hemen nire eskuak; ekatzu esku hori, eta sar ezazu nire saihetsean; eta ez izan sinesgogor, sinestedun baizik.
Alegia, utzi alde batera ebidentziak, ez eskatu horrelakorik, eta sinetsi nik esandakoa. Hori izan da Eliza katolikoaren jarrera, eta horrek ekarri zuen Inkisizioa, zeinaren bidez Elizak torturatu eta hil egin zituen sinesgogorrak.