Eguerdian gertatu da. Irakurtzen ari nintzen Diada egunari buruzko artikulu bat, eta telefonoak jo du. Bego izan da, emaztea. Ea dakidan gaur zer egun den. Ideiarik ere ez. Orain hamabi urte baino hobeto zauden seinale. Eta orduan konturatu naiz. Gaur irailaren 11 da. Gaurko egunez, orain dozena bat urte, ospitaleratu egin ninduten, linforma bat aurkitu zidaten-eta, minbizi mota bat odolean eragiten duena. Begori esker, bestela, gogoratu ere ez.
Elkarrizketa amaitu ondoren, ohartu naiz nire gaixotasunaz Sustatun idatzi nuen lehen artikuluan, egunaren tristea azpimarratze aldera, aipatu nituela Dorre bikien kontrako atentatua eta Txileko estatu kolpea, biak irailaren 11 batez gertatuak, nahiz eta urte desberdinetan.
Zorionez, atzean geratu zaizkit minbiziak eragindako egun triste haiek. Hamabi urte igaro dira, eta bigarren bizialdia ari naiz bizitzen. Horregatik, beste gertakari bat aukeratuko dut urteurrena ospatzeko: Diada, kataluniarren eguna, irailaren 11 izan dadin euren ametsa egia bihurtzeko ataria.
Ona! Aurrera Joxe eta faroa!