Gure ama hil zenean, anai-arrebok erabaki genuen noizean behin elkartu egingo ginela bidaia baten aitzakian, handik aurrera desagertzeko arriskua ikusten genuen-eta ordura arte gurasoek eskainitako elementu lotzailea. Ildo horretan, asteburu honetan egin dugu azken elkarretaratzea, Baigorrira egindako bidaia baten bueltan.
Eguraldia gorabehera, asteburu zoragarria izan da. Ostatu hartu dugu Manexenea hotelean, Baigorritik lau bat kilometrora, Urdoze auzoan. Eta bertan etxekotzat hartu gaituzte Alain, Amelie eta Arñok. Ahobatez esan dugu Manexenea erabat gomendagarria dela Iparraldea hobeto ezagutu nahi duten guztientzat.
Horrezaz gain, asteburuak une azpimarragarriak izan ditu guretzat: ostiralean Bidarrai herrira egin genuen bisita laburra, denok ere prendatuta geratu baiginen herriaren eta inguruen edertasunaz. Baita larunbat goizean Michel Bergouignanek eskaini zigun bisita gidatua ere, Irulegi sormarkako hainbat mahasti ikusgarritan barrena. Urepelen Koseinea jatetxean egin genuen bazkaria ere, ez ahazteko modukoa izan zen, lekuagatik, jakiengatik eta bertako jabeengatik. Ezin aipatu barik utzi Erramun Martikorena artzain kantaria, bere baserrian hartu baigintuen patxada ederrean irakurtzen ari zela. Eta, azkenik baina ez azkena, igandean Elizondon egin genuen bazkaria, Santxotena jatetxean.
Mila esker Eneko Bidegain lankide eta lagunari bidaia honetarako emandako aholkuengatik, denak ere balio handikoak izan baitira. Hona hemen asteburuko argazki gehiago.