Orain sei urte eta erdi, 2007an, lehen iPhone hura ikusi nuenean bezala, gaur ere jakin izan dut zelakoak izango diren bihar-etziko termostatoak. Horretarako nahikoa izan dut Nest izeneko termostatoa ikustea, albiste batean irakurri ondoren atzo Googlek Nest Labs enpresa erosi zuela, aipatu termostatoaren egilea. Orain sei urte eta erdi legez, gaur ere esan dut: ordua zen!
Bospasei urte izango dira gurean termostato bat jarri genuela, etxeko tenperatura automatikoki erregulatzeko. Hala ere, iPhone aurreko telefono aurreratuak nola, termostato hau ere zaila da erabiltzeko, instrukzio konplikatuak ditu eta ez da bat ere intuitiboa. Horregatik, behin baino gehiagotan amorrarazi gaitu etxekook.
Gaur goizean, berriz, lehen aipatutako albistea irakurtzen ari nintzela, zelan Googlek erosi duen Nest Labs, enpresa horren webgunera jo dut, ikusminak jota. Eta, hara: hortxe agertu zait Nest termostatoa, eta aho zabalik geratu naiz, hain da-eta erakargarria.
Ezaugarriak
Batetik, oso itxura polita dauka Nest termostatoak. Bestetik, oso erraza ematen du ezartzeko eta erabiltzeko. Hauek dira berorren ezaugarririk behinenak:
- Ikasi egiten du. Hau izango da ezaugarririk inportanteena, guk erabili ahala, termostatoa ikasiz joango da zeintzuk diren etxekoon ohiturak eta noiz zer tenperaturak nahi izaten ditugun.
- Erakutsi egiten du zelan aurreratu energia, hosto berde bat irudikatuta.
- Urrunetik programa daiteke, telefonoa erabilita.
- Sentsoreek neurtzen dute tenperatura, hezetasuna, argitasuna, etab.
- Wi-fi bidez konektatzen da Internetera.
- Bateria litiozkoa du, eta birkargatu egin daiteke.
- Hiru hizkuntzatan dago: ingelesa, frantsesa eta gaztelania.
- Bi urteko garantia du.
- Farenheit nahiz Celsius erabil dezake tenperatura neurtzeko, erabiltzaileak zelan nahi duen.
Eragozpenak
Nest termostato hau nahiko berria da, eta oraindik badu zer hobeturik. Gaur gaurkoz, eragozpen hauek ikusten zaizkio:
- Garestia da: 249$.
- Ez da saltzen Europan, nahiz eta zenbait jendek erabiltzen duen han-hemenka. Oraingoz AEBetan eta Kanadan eros eta erabil daiteke bere ezaugarri guztiekin.
- Ez dabil 240V konexioekin.
- Europan ezaugarri asko ezin dira erabili, batez ere Internet bidezkoak. Zenbait erabiltzaile europarrek orri honetan utzi dute beren iritzia Nest termostatoaren gainean.
Laburbilduz. Oraindik goiz izan daiteke horrelako termostato bat erosi eta erabiltzeko, baina gutxienez badakigu aurrerantzean zelakoak izango diren guk nahi ditugun termostatoak. Eta termostatoez ari garela, badaezpada, horra hitz horren definizioa euskaraz:
- Termostato: iz. (1977) Aparailu bat tenperatura automatikoki erregulatzen duena, edo gailu bat aktibatzen duena tenperaturak maila jakin bat iristen duenean.
Badago produktu lokal bat, uste dut Donostian garatutakoa: Wattio. http://www.wattio.com/sistema-wattio
Berez energia elektrikoa aurrezteko tresna da, baina termostato propio bat ere badu. Hala ere, ez dut uste askoz merkeagoa denik.