Azken baltsa Evarentzat

Joan egin zaigu Eva Agirre, baina atzo ezusteko oparia utzi zigun bere hiletetara joan ginenoi. Hileta elizkizunaren ostean, haren hilkutxa Elorrioko elizaren ate nagusiko eskailera buruan zegoela, Evaren Elorrioko dantzakideak balts bat dantzatzen hasi ziren, euskal herri musikan oinarritua. Binaka hasi ziren, baltsaren soseguaz, bikote bakoitzak lore zuri bat eskuetan.

Une zirraragarria izan zen, erabat hunkigarria, bizitzaren eta maitasunaren aldarria hemen geratu garenontzat. Gura barik, Eva eta Andoni bera ikusi nituen dantzatzen, eurek ere lore bat eskuetan, irribarretsu. Bestela zinean soilik ikusten ditugun flash horietako bat izan zen, eta pentsatu nuen Evak horixe oparitu nahi izan zigula: “segi bizitzen, pozik eta elkar maitatuz!”. Orduan jakin nuenez, hil aurretik Evak berak eskatu baitzien dantza ikaskideei bera hildakoan balts bat dantzatzeko herriko plazan.

Eskailera buruan, hildakoaren ondoan, Andoni senarra, Elene, Sabina eta Bitor seme-alabak, familiartekoak eta bertan bildutakoak. Denak ezin hunkituago. Eskerrik asko, Eva!

Kategoria: heriotza Etiketak , , , , , , . Gorde lotura.

6 erantzun Azken baltsa Evarentzat-ri

  1. egilea: Oier A.

    Hitzik gabe geratu naiz. Besarkada handi bat Andoni, Elene, Sabina eta Bitor-ri. Elgetako kafe antzokian ikusi nuen azkenekoz Eva, orduan ere dantzan, eta irudi godeko dut oroitzapenean, bere izaera alaiaren adierazgarri.

  2. egilea: Alberto

    Bat egiten dut diozunarekin, Joxe. Benetan hunkigarria iruditu zitzaidan. Evarekin astebete elurretan pasatzeko zoria izan nuen eta emakume kementsua eta alaia iruditu zitzaidan. Heriotzari aurre egiteko moduan ere hori adierazten du. Eva, azken astean zurekin izandako solasalditxoa beti izango dut gogoan. Besarkada bana etxekoei.

  3. egilea: Ima

    Eskerrik asko Joxe, ondo baino hobeto islatu duzu zapatuan Evaren hiletan eta plazako agur-ekitaldi goxo-goxo horretan sentitutakoa. BIZIPOZA, horixe zeukan Mendrakako damak, bizipoza. Ez daukat berbarik berarekin bizi izandakoa adierazteko. Eskerrik asko Eva.

  4. egilea: Jone

    Eskerrik asko, Joxe. Gure Eva begien aurretik galdu dugu baina gure bihotzetan gorderik daukagu betiko. Bere duintasuna eta maitasuna gure indarra izango dira aurrera egiteko. Etxekoek triste, oso triste gagoz baina berak esandakoak gogoratzerakoan irriparrea ezpainetan eta begietan agertzen zaigu eta hori gure artean geratu denaren seinale da.
    Oso emakume ederra izan da, baina bere barneko edertasunagaz konparatu ezinekoa.
    Guk asko maite dugu Eva eta larunbateko agurrean konturatu ginen askok eta askok ere asko maite izan dutela . Berak opari ederrak eskeini dizkigu familia osatzen dugun guztioi: Andoni, Elene, Sabina eta Bitor.
    Ezin agurrik esan, gero arte maittia. Zagozen tokian gorde eigizu tokitxo bat denok alkartu gaitezen berriro.
    Eskerrik asko Joxe, zuk idatzitakoak sentimenduen iturria zabaldu duelako.

  5. egilea: Carmen

    Beti izango dugu gogoan bizitzaz gozatzeko zuen irrika, eta ingurukoekin bizipoza partekatzeko zuen ahalmena.
    Sentikortasuna eta energia hutsa zen, horregatik, bera ezagutzeko aukera izan dugunon bihotzetan egongo da beti.

  6. egilea: asier

    Nik ere izan nuen Eva ezagutzeko zortea. Beti irrifartsu, beti bizipoz kutsakor horrekin… Besarkada bero bat Andoniri eta familia osoari.

Utzi erantzuna Jone(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude